Berdintasuna, kohesioa eta justizia Nafarroan

Iruñean euskararen ofizialtasunaren alde egindako beste kontzentrazio bateko irudia.
Joan den larunbateko eguerdi aldera ehunka lagun elkartu ziren Nafarroako foru jauregiaren aurrean orain dela hiru aste Nafarroako Auzitegi Nagusiak emandako ebazpenaren aurka agertuz. Kontzentrazio honen amaieran, Paul Bilbao, Euskararen Kontseiluko idazkari nagusiak, ausardia eskatu zion Nafarroako Gobernuari, euskaldunak euskaraz bizitzen jarraitzeko eskubidea bermatze aldera.

UNAI GANDARIAS/ Nafarroako Gobernuak euskaldunon hizkuntza eskubideak administrazioaren harremanetan bermatzeko asmoz, orain dela bi urte dekretu bat atera zuen. Dekretu horren arabera, funtzionaritzaren hainbat postuetara oposatzerakoan euskara menderatzeak meritutzat hartuko zen. Baina espainiar justiziaren iritzia bestelakoa da, eta Nafarroako Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eman duen sententzian bertan behera utzi ditu dekretuaren zati garrantzitsuak.

Horrexegatik, berdintasuna, kohesioa eta justizia zioten hiru kartel handiri helduz, joan den larunbatean Nafarroako euskalgintzako elkarteetako ordezkariak eta deialdiarekin bat egin zuten sindikatuetako kideak nafarroako foru jauregian elkartu ziren. Ordu erdi iraun zuen elkarretaratzeak, eta amaieran, Paul Bilbaok, Imanol Pascual ELAko Nafarroako arduradunak eta Imanol Karrera LABeko arduradunak hartu zuten hitza.

Paul Bilbaok adierazi zuenaren arabera, kezkagarria izan da ospatu den epaia, berdintasunaren, justiziaren eta kohesioaren printzipioekin zuzenean talka egiten baitu, bere aburuz. “Paradoxikoa da teorian eskubideak zaintzeko egon behar lukeen erakunde batek hizkuntz eskubideak bermatzeko neurrien kontra egitea”, adierazi zuen bere agerraldian. Hala ere, Bilbaok gaineratu zuen 1986ko Euskararen Legea dela arazo nagusia: “Herritarrak babesgabe uzteaz gain, neurri ausartak hartzeko oztopo ikaragarriak jartzen ditu”. Kontseiluaren ustez, hori erakutsi du epaiak. “Larria da, baina bagenekien gerta zitekeela”, gaineratu zuen.

Horren harira, Imanol Pascualek zera gaineratu zuen, ezinbestekoa dela Euskararen Legea aldatzea, bere garaian egin zen zonifikazioari amaiera emateko eta euskaldunoi dagozkigun eskubideak berreskuratzeko, euskararen erabilera askea bermatuz.

PSN, Navarra Suma eta CC.OO. edota UGT sindikatuak beren ohiko posizioak daudela gaineratu zuen. Nafarroako erakunde publikoak euskara “B mailako” hizkuntza dela salatu zuen, baina “bereziki kezkagarritzat” jo zuen gobernuaren jarrera. Gobernuari eskatu zion epe motzera epaiari kasazio helegitea jartzeko. Imanol Karrerak, berriz, aldarrikatu zuen “euskararen aldeko borroka”, langileena ere badela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude