Ramon Saizarbitoriak Urrezko Luma jaso du Liburu Azokan

Bilboko Liburu Azokaren baitan, Ramon Saizarbitoria idazle donostiarrak Urrezko Luma jaso zuen. Hamaika Pauso, Gorde nazazu lurpean edo Martutene idazlanen egileak, besteak beste, Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaoren eskutik jaso zuen saria, azokako karpan egin zen ekitaldi batean.

Soziologian lizentziatua eta Donostiako SIIS Dokumentazio eta Azterketa Soziologikoen Zentroko zuzendaria da, eta hainbat liburu argitaratu ditu gizarte-zerbitzuen arloan. 1967an LUR argitaletxea sortu zuen beste idazle batzuekin batera, eta 70eko hamarkadan Oh Euzkadi literatur aldizkaria sortu zuen. Bere literatur ibilbidean kritika sari ugari jaso ditu eta 2001ean Euskadi Saria jaso zuen Gorde nazazu lurpean lanarekin.

Egile donostiarrak Urrezko Luma jaso du pandemiak markatutako edizio batean, eta ezin izan dira atzerriko egileak bertaratu. Hala ere, ohi baino ekitaldi gehiago antolatu dituzte eta liburu aurkezpen ugari izango dira datorren igandera arte, orduan amaituko baita azoka.