Bernat Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ irakurriko da Klasikoen Irakurraldian

Hasierak nolakoak diren irudikatzeko gaitasuna izateagatik aukeratu dute aurten Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) Klasikoen Irakurraldia protagonizatzeko. Indarrean jarraitzen duen leloa –Euskara jalgi hadi plazara!– helarazten duen poema bilduma baikortasunerantz jotzeko abagune bezala irakurriko da, etenik gabe eta txandaka, ekainaren 3an. Bilbo Zaharra Euskaltegiak urtero Arriaga Antzokian antolatzen duen ekimenean 200 lagun inguruk eta 50 Euskal Etxek hartuko dute parte.

Ez da erronka makala aurretik izango dutena. Izan ere, bertsio originalean irakurriko dute obra, hau da, XVI. mendeko sortaldeko behenafarreraz. Hala ere, garbizaletasunean galtzea baino parte-hartzea bilatzen dutela azaldu dute antolatzaileek. Liburuan sakontzeko, bestetik, Xabier Amuriza bertsolariak obraren bertsio berri bat egin du, baita berau ulertzeko saiakera bat.

Sekulako ilusioarekin ekin zion Zornotzako bertsolariak enkarguari, bere lana Etxepareren kantatua izateko poesia herrikoi horretatik oso hurbil kokatzen den heinean. Gainera, euren bizitza pertsonalean hainbat paralelismo daudela azaldu du gaur goizean Amurizak; apaiz izandakoak eta kartzelan egondakoak baitira biak. “Irakurketa eta hitzaldirako gonbidapena jaso eta azkenean saiakera bat atera zait”, aitortu du.

Bere lana batuan jorratu du, betiere “ahal den gehien” autore baxenabarraren estiloa eta edukia errespetatuz eta estrofarik esanguratsuenak hautatuz. Azken finean, “Etxepare ondo ezagutzeko, bere estiloa, iruditeria, pentsaera eta gizartearen laburpen antologia, kantatua izateko moduan antolatua” da Amurizak egin duen lana. Horretarako, aurretiaz Xalbador eta Lazkao Txikiren lanak moldatzean eskuratutako eskarmentuaz baliatu da.

GARAIRAKO, AURRERAKOIA

Ustez Sarrasketan jaio zen idazlearen estrofetan murgiltzea “izugarria” izan da Amurizarentzat. “Euskarari ematen dion neurria, kategoria, lehenengo idazlea izateko eta nolako kontzientziaz aldarrikatzen duen beti egin zait harrigarria“, azaldu du, euskara bera frantsesaren gainetik jartzen duen ahapaldi batzuk irakurri baino lehen.

Hamabost poemez osatutako bilduman hamaika maitasunezkoak izatea nabarmendu du, izan ere, Etxepare Donibane-Garaziko bikarioa zen. Gainera, bere garairako erakutsitako aurrerakoitasuna azpimarratu du, kutsu feministadun pasarte bat irakurriz: “mila gizon gaixtorik da emazte batendako / gizon baten mila andre bere fedean dago“.