Sormenaren Kabia ekimena Alkizako Ur Mara museoan

Ur Mara museoak, Sormenaren Kabia egoitzaren barruan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, artea, zientzia eta natura uztartuko dituzten egonaldiak eskainiko ditu uda honetan. Koldobika Jauregi eta Elena Cajaraville, Alkizan dagoen museoaren sortzaileak, izango dira egoitza hauen tutoreak.

Astebeteko hiru egonaldi egingo dira, gai jakin baten inguruan lan egiteko. Hausnarketa- eta sorkuntza-prozesuetan sakontzeko, parte-hartzaileek hainbat zientzia-arlotako adituen saio teoriko eta praktikoak jasoko dituzte.

Ekimena astearte honetan aurkeztu dute Donostian Mari Jose Telleria Kultura zuzendariak, Koldobika Jauregi Ur Mara Museoko zuzendariak eta Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak.

Telleriaren esanetan, “Pandemia garai honetan, pozgarria da Aldundiarentzat proiektu kultural berri bat martxan jartzea”. Gainera, sektore horrek “inoiz baino gehiago” erakundeen laguntza behar duela azpimarratu du, eta “sorkuntza artistikoaren sozializazioa bilatzen duten” horrelako esperientziak sustatzearen garrantzia azpimarratu du.

Alkateak esan duenez, Sormenaren Kabia “proiektu herrikoi” baten emaitza da, eta, azaldu duenez, Udalak, herritarrekin eta Alkizako eragileekin batera, “Hausnarketa prozesu luzea” egin zuen “Herriaren etorkizuna zehazteko”, eta hortik sortu zen Fagus Alkiza Herri Proiektua, “Natura, gizakia eta bien arteko harremanetik sortzen den kultura oinarri hartuta”.

Materia, paisaia eta espazioa Ur Maran

Koldobika Jauregi eta Elena Cajaraville artistak izango dira egoitzako parte-hartzaileen tutoreak, eta ikasleei sortze prozesuan lagunduko diete, banaka zein taldeka. Jauregiren esanetan, aurten landuko diren gaiak “materia, paisaia eta espazioa” izango dira.

Eskultoreak azaldu duenez, “Ur Mara laborategi moduko bat izango da, jakin-mina eta esperimentatzeko gogoa duten pertsonentzat”. Egonaldietan hainbat zientzia-arlotako adituek parte hartuko dute.

Lehenengo edizioan Ana Galarraga zientzia-dibulgatzailea, Itziar Garate astrofisikaria eta Arantza Aranburu geologoa gonbidatu dituzte. Halaber, Juan Barbe artisau papergileak saio teoriko eta praktikoak eskainiko ditu egonaldietan.

Proiektuan interesa duen adin nagusiko edonork har dezake parte egonaldietan. Izena emateko epea zabalik dago ekainaren 25era arte.