Idoia Soto, Lotura kooperatibaren sortzaileetako bat: “Talde ona izatea funtsezkoa da”

Idoia Soto 2003an sortutako Lotura kooperatibaren sortzaileetako bat da. Enpresa hori aitzindaria da IKTen sektoreko punta-puntako 2.0. teknologiadun webguneak diseinatzen eta neurrira egindako denda birtualak egiten.

Nola sortu zen Lotura kooperatiba osatzeko ideia?

Puntu com enpresa batentzat lanean ari ginen burbuila lehertu zenean, eta enplegu-erregulazioko espedientea jasan genuen. Beste enpresa batzuetan lan bila genbiltzan, baina geure proiektua izan nahi genuen. 2003an sortu genuen Lotura, sozietate kooperatibo gisa, non erantzukizuna eta erabakiak berdintasunean hartzen diren.

Zaila al da lehenengo bezeroak zuen proiektura erakartzea? Nola egin zenuten?

Bai, bezeroak dira alderik zailena, batez ere besteentzat lanean aritu zarenean eta kontuez arduratzen ohituta ez zaudenean, bankuko sarrerari begiratzen soilik. Hasi ginenean, gure abala taldeko curriculum bateratua zen. Webgune on bat prestatu genuen, hori baitzen saltzen genuena, komunikazio-plan bat, eta softwarea garatu genuen zerbitzuen katalogo bat erakutsi ahal izateko. Bisita guztiak kanpoan egiten genituen, eta ateak irekiko zizkiguten kontaktuei tiraka hasi ginen.

Zer aholku emango zenieke ekiteko asmoa duten gazteei?

Esango nieke denbora eman dezatela produktua nola salduko duten eta nola komunikatuko duten jakiten. Uste dut denbora behar dela komunikazio- eta merkataritza-plan on bat egiteko. Ekintzaileek denbora luzea gastatzen dute maite duten produktu izarra egiten, eta inork ez du erosten.

Nola antolatzen zarete kooperatibaren barruan erabakiak hartzeko orduan?

Proiektuaren arduradunak hartzen ditu eguneroko erabakiak. Kooperatibari dagozkion finantza, erosketa eta erabaki guztiak asanbladan hartzen ditugu.

Eta nola moldatzen zarete zuen artean? Nola kudeatzen dituzue giza talde orotan beti sortzen diren gatazka pertsonalak?

Lan giro ona dugu, 22 urte daramatzagu elkarrekin, Lotura eta gure aurreko lanaren artean. Urte asko dira, eta ez da beti erraza izan; garai zailak izan ditugu, talde-krisi eta guzti, baina konpontzea lortu dugu. Taldea funtsezkoa da, eta harreman ona izatea garrantzitsua da. Gatazkak daudenean, konponbidea eman behar zaie, nahiz eta zorrotzak izan, negozioa ez hondatzeko.

Ekintzaile batek ordu asko egin behar ditu negozioa aurrera ateratzeko. Nolakoa izan da zuen kasua? Zuen bizitza pertsonalari eta familiarrari eragin al die?

Guretzat bateratzea izan da beti lehena. Ez da ohikoa ordu asko egitea, proiektuetan edo entrega zehatzetan izan ezik. Ordu horiek oporrei gehitzen zaizkie.

16 sari jaso dituzue eta 511 proiektu burutu dituzue, zuen webgunean iragarri duzuenez. Zer sentitzen duzue atzera begiratu eta egindako bidea ikustean?

Oso azkar pasatu da. Pozgarria da lortu izana, batez ere bizirauteko gai izan garelako eta guk bizi dezakegun eta kudeatzen dugun lan-proiektu bat izateko gai izan garelako.

Hitz iezaguzu egitea pozgarria iruditu zaizun proiektu bati buruz.

Gehien gustatzen zaizkigun proiektuak erabiltzen direnak dira. Web-garapenean, proiektu asko ez dira erabiltzen. Gure proiektu batzuei esker, hainbat bezerok beren zerbitzu- eta fakturazio-zorroa handitu dute. Baditugu ba­tzuk beren helburu sozialagatik nabarmentzen direnak; adibidez, Gureak-ekin batera adimen-urritasuna duten pertsonentzako lehen sare soziala garatu dugu, Vicomtech eta Gogoarekin batera, logopedentzako eta iktus bat izan duten pazienteentzako plataforma bat, Auzokide gomendioak/grandesvecinos.org webapp bat, adinekoen inguruko auzoetan sareak sortzeko. Euskararenginkana.eus, Guggenheim Museoko Artitz, arte garaikideko euskarazko dokumentu-biltegi bakarra, euskararen erabilera eta ondarea sustatzen duten proiektuak ere garatu ditugu. Duela gutxi, Kalakarekin batera, indarkeria sexistari aurre egiteko bideo-joko bat, 8 eta 10 urte bitarteko gazteei zuzendua; etorkizuneko hezitzaile izateko ikasten ari zaretenak hura ezagutzera gonbidatzen zaituztet: pausso.aplikazioak.gipuzkoa.eus/bideojokoa/eta Pausso webapp bat eskuragarri GooglePlay, 12 eta 16 urte bitarteko gazteen artean film, liburu eta bideo-jokoen katalogo parte-hartzaile bat sortzeko, berdintasun-irizpideetan oinarrituta.

Nola ikusten duzu zuen enpresaren etorkizuna merkatu digital honetan? Eta zer etorkizun aurreikusten diozu ingurune digitalari?

Teknologia eta digitalizazioa gure egunerokotasunaren parte dira. Duela urte batzuk gutxi batzuen esku zeuden, baina mugikorren etorrerarekin denengana iristen dira. Etorkizuna lan-aukeraz beteta egongo da, eta beste lanbide batzuk desagertzea ere eragingo du; hori ez da berria, historian zehar gertatu izan da. Inork ezin du iragarri zer gertatuko den, baina bai profesional guztiek ingurune digitalera egokitu behar dutela eta edozein erakunde digitalizatu egin behar dela. Konfinamenduarekin argi ikusi da tresna digitalak erabiltzeko ikastaro bizkortu bat izan dela da. Batzuk konturatu dira beren zerbitzuak online ere izan daitezkeela.