Medina del Campo erromatar jatorriko herri bat da, Valladolideko probintziaren hego-mendebaldean kokatua, hiriburutik 45 kilometrora. Probintziako herrigunerik dinamikoena da, hiriburuarekin batera; bertako jardueren artean, merkataritza, nekazaritza eta altzarien industria nabarmentzen dira. Medina del Campo XI. mendean sortu zen. Behe Erdi Aroaren hasierako birpopulatzeari eta XV. eta XVI. mendeko merkataritza-azokei esker, Medina Gaztelako lekurik garrantzitsuenetako bat bihurtu zen.
Bere ondare arkitektoniko kontaezinaren artean, Motako gaztelua nabarmentzen da, XV. mendearen erdialdean eraikia. Gazteluaren funtzio nagusia, sortu zenetik, defentsa izan zen, baina, militarki estrategikoa izateaz gain, mendeen joanean, artxibo eta kartzela funtzioak ere bete zituen.
Medina del Campok gordetzen duen beste altxor bat Errege Jauregi “Testamentarioa” da; haren lehen erreferentzia historikoak XIV. mendekoak dira. Bertan bizi izan zuen haurtzaroko zati bat Isabel Katolikoa erreginak; hala ere, jauregi horren ezaugarririk garrantzitsuena, zalantzarik gabe, hau da: erreginak bere bizitzako azken hilabeteak igarotzeko, bere testamentua emateko eta, azkenik, 1504ko azaroaren 26an hiltzeko aukeratutako tokia izatea.
San Antolinen dorrea eta kolegiata dira Medina del Campoko beste bi eraikinik harrigarrienak. XVI. eta XVII. mendeen artean eraiki ziren. Barrualdean, nabeak nabarmentzen dira; izar-itxurako gangaz estaliak.
Zinemaren astea
Medina del Campok, historiaz gain, gaur egungo hainbat kultur jarduera ere hartzen ditu. Maiatz eta ekainean egiten den zinemaren astea, adibidez, bai eta auditoriuma ere, non publiko guztientzako jarduera ugari egiten diren, arte eszeniko guztietakoak: dantza, antzerkia, musika…
Hala ere, hiri hau ezagun egiten duena bere gastronomia paregabea da: gazta bikainak, txerrikumea eta produktu izarra: “egurrezko labean erretako esnezko arkumea”. Halaber, ezin dira ahaztu Rueda Jatorri Deiturako ardoak eta jakiak, eta, postre gisa, Medina del Campoko Cocada ospetsuak.
Beste plater tipiko batzuk dira hauek: piperrekin, tipularekin eta babarrunekin egindako barazki nahaskia da, eta Verdejo ardoan egindako saltxitxak.