UPV/EHUk eutsi egingo dio matrikulen prezioari

Maiatzean, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Hezkun­tza Sailak 2021-2022 ikasturterako tasa publikoen eta unibertsitate-beken inguruan onartutako neurrien berri eman du. Sailak hartutako neurri garrantzitsuenen artean dago Euskal Herriko Unibertsitateko matrikulak berriro izoztuko direla gradu, master eta doktoregoko ikasketetarako, eta STEM izeneko diziplinetako graduen ikasketei (ingelesezko akronimoa: Science, Technology, Engineering and Mathematics) % 5eko murrizketa aplikatuko zaiela matrikulan. Ingeniaritzako graduak edo Zientzien adarreko graduak dira, hala nola Fisika, Matematika, Geologia, Kimika edo Biokimika.

Hezkuntza sailburuak jakinarazi duenez, STEM Euskadi Estrategiarekin bat datorren neurria da, bere Sailetik sustatua, eta “bokazio zientifiko-teknologikoak piztea eta euskal ikasleak, batez ere emakumeak, STEM diziplinetara hurbiltzea” du helburu. Zazpigarren urtez jarraian, 2015-2016 ikasturtetik 2021-2022 ikasturtera arte, matrikulen prezioak bere horretan jarraitu du. Matrikulazio-tasen izozte horrek UPV/EHUko 64.000 ikasleri baino gehiagori eragiten die zuzenean.

Bekak azkarrago izapidetzea eta kudeatzea

Unibertsitateko 12.000 ikasle inguruk jasoko dute laguntza datorren ikasturtean. Gainera, beka hau jasotzeko baldintzak betetzen dituzten ikasle guztiek ezarritako zenbateko osoa jasoko dute, beka jaso duten ikasleen kopurua edo deialdi horretan egindako eskaerak edozein izanda ere. Azpimarratu behar da beka horiek zenbateko finkoak eta bermatuak dituztela, eta, beraz, baldintzak betetzen dituzten ikasle onuradunek aldez aurretik jakingo dutela zer zenbateko jasoko duten.

Neurri horren helburua da duela urte batzuetako krisi ekonomikoagatik edo pandemiak eragin duen egoera konplexuagatik egoera ekonomiko zailean dauden familiei laguntzea, eta, horrela, familiaren egoera ekonomikoa arintzea.

Ildo horretan, Hezkuntza Sailaren asmoa beken izapidetzea arintzea da, eskaera guztiek ikasturteko lehen hiruhilekoan erantzuna jaso dezaten, eta ikasleek, eskaera onartuz gero, urtea amaitu baino lehen kobratu ahal izan dezaten, dagokion laguntza ahalik eta lasterren eskuratuta.

Pandemia aintzat hartzea

Era berean, pandemiaren hedapen betean geunden iazko beken aurreko deialdian (2020-2021) gertatu zen bezala, datorren ikasturterako, “errenta aitorpenaren murrizketa-koefiziente zuzentzailea” mantenduko da duela urtebetetik pairatzen ari garen osasun-egoerak ekonomikoki kaltetu dituen familientzat.

Ikasturte baterako bekak eta laguntzak familia-unitateak aurreko urteko aitorpenarekin alderatuta dituen diru-sarreren arabera eman ohi dira, baina egungo pandemia-egoeran gerta daiteke aurreko urteko errentak familiaren egoera ekonomiko txarra ez islatzea, eta, hala ere, egoera hori eskatzen den unean bertan bizi daiteke. Ildo horretan, Sail honek badaki familia bat egoera ekonomiko txarrean egon daitekeela pandemiaren ondorioz, eta, beraz, murrizketa-koefiziente zuzentzailearen % 5 aplikatuko zaie datorren ikasturtean ematen diren laguntzei, langabezia-egoerak, ABEE, EEE edo antzekoak kontuan hartuta.

Gainera, datorren ikasturterako, “ikaskuntzarako laguntza” kontzeptuaren zenbatekoa handitu egingo da, digitalizazioaren ikuspegia berritasun gisa txertatuz.

Horrela, beka bat lor­tzen duten unibertsitateko ikasleek ere gutxienez 300 euroko laguntza jasoko dute urtean (300 eta 475 euro artean), betiere, errenta-atalasearen arabera, ikaskuntzarako laguntza gisa, eta hurrengo deialdi honetan eraldaketa digitalaren ikuspegi berri bat txertatuko da. Kopuru hori gradu osoan mantenduko da, eta, horri esker, ikasleek ordenagailua edo prestakuntza garatzeko beharrezkoak diren beste elementu batzuk eskuratu ahal izango dituzte.

Malgutasuna beken kudeaketan

Erroldatzeak laguntzak eskatzeko baldintza izaten jarraituko duen arren, Hezkuntza sailburuaren sailetik baldintza hori malguagoa izango da kasu batzuetan. Orain arte, beka bat jaso ahal izateko, beharrezkoa zen ikaslea Euskadin erroldatuta egotea eta zerga-egoitza ere Euskal Autonomia Erkidegoan finkatuta egotea.

Ikasturte honetan, erroldatze-irizpidea zabaldu egin da, eta, horrela, zerga-egoitza Euskadin duten familiek bekak eskuratu ahal izango dituzte, nahiz eta EAEtik kanpo erroldatuta egon. Neurri horiek guztiak 2021-2022 ikasturtean eskatutako baldintzak betetzen dituzten ikasle guztiei emandako laguntza eta beketarako jarriko dira indarrean.

Horren harira, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azpimarratu duenez, “Hezkuntza Sailak hartutako neurrien helburua familiei laguntzea, ekitatea bermatzea eta Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea indartzea da”.