Palma-olioa, egokia ez den osagai kezkagarria

Palma olioa munduko oliorik erabiliena da, soja edo koltza olioen aurretik. Afrikako palmaren fruituetatik sortzen da eta elikagaien industriako eta kosmetikako produktu ugari egiteko mundu osoan erabiltzen den lehengai bihurtu da. Palma-olioa gantz hidrogenatuak ordezkatzen joan da, osasunerako kaltegarriak direla frogatu baita. Hala ere, olio hori oso aberatsa da koipe aseetan, eta, beraz, ez da aukera egokia nutrizio-orekaren ikuspegitik.

Indonesian eta Malaysian, munduko ekoizpenaren % 85 biltzen duten bi herrialdeetan, landaketak eragin handia izan du ingurumenean eta gizartean. Palma olioa esportatzen duten beste herrialde batzuk Papua Ginea Berria, Kolonbia, Thailandia, Kanputxea, Brasil, Mexiko eta Afrika mendebaldea dira.

Monolaborantza intentsiboen hedapenak, Palmako olio-landaketak kasu, Asiako hego-ekialdean eragin izugarria izan du, baso tropikal ugari suntsituz.

Produktu askotan

Zorionez, orain fabrika­tzaileak behartuta daude osagaien etiketetan beren produktuetan erabiltzen duten landare-koipe mota zehaztera. Palma olioa produktu askotan aurki dezakegu: Kremak eta estaldurak, igurzteko produktuak, zizka-mizkak eta pastelak, gailetak, aurrekozinatuak,…

Elikaduran, giro-tenperaturan duen egoera solidoak eta testura untuosoak produktu prozesatu askoren gurina edo gantz hidrogenatuak ordeztea ahalbidetzen du.

Azkenaldian, palma olioak arreta handia jasotzen ari du, osasunari kalte egin diezaiokeelako. Palma-olioak osasunean dituen ondorio asko bere gantz-azido ugarienari egozten zaizkio: azido palmitikoari.

Nolanahi ere, elikagai batean dagoen gantz-azido mota bakoitzaren kantitatea ez da nutrizioaren eta osasunaren ikuspegitik garrantzitsua. Gantz-azido desberdinek triglizeridoetan duten posizioa ere garrantzitsua da. Zentzu horretan, azido palmitikoaren posizioa palma-olioaren triglizeridoetan animalia-koipean agertu ohi denaren desberdina da. Hori dela eta, ondorioak desberdinak eta kaltegarriak izan daitezke, batez ere osasun kardiobaskularrean.

Azken ebidentzien arabera, koipe ase gehiago kon­tsumitzearen eta hilkortasun kardiobaskular edo totalaren artean ez dago lotura argirik. Are gehiago, ikerketa batzuen arabera, prozesu industrialen eraginpean dauden elikagaietan dagoen trans koipea palma-olioarekin ordezka­tzeak gaixotasun koronarioaren arriskua nabarmen murriztea dakar. Efektu hori are handiagoa da, baldin eta horren ordez koipe poliinsaturatua (elikagai begetalak eta arrainak) edo indize gluzemiko txikiko karbohidratoak (frutak, barazkiak eta haziak) erabiltzen badira.

Emaitza homogeneoak

Hala ere, palma-olioaren kontsumo espezifikoari buruzko ikerketek ez dute emaitza homogeneorik ematen. Ildo horretan, palma-olioaren kontsumoak LDL kolesterolaren mailak handitzen dituela dirudi, baina dietan beste koipe mota batekin ordezkatzeak ez du onura argirik erakusten osasun kardiobaskularrean.

Palma-olioaren kontsumoak obesitatean eta 2 motako diabetesean izan dezakeen eragina ez dago guztiz argi. Bi patologia konplexu dira, eta hainbat faktorek bat egiten dute arrisku txikiagoa edo handiagoa zehazteko orduan. Inplikatutako elementuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: koipe motak zehaztu ditzaketen efektu proinflamatorioak, ehun adiposoaren aktibazio metabolikoa, nerbio-sistema zentrala eta hormonala edo hesteetako mikrobiotaren aldaketa.

Horrela, zaila da koipe mota baten eragina zehaztea; izan ere, elikagai prozesatuen osagai bat gehiago da, eta horietan gaixotasun metabolikoekin lotzen den gehiegizko kontsumoa duten beste osagai batzuk agertzen dira (adibidez, azukrea).

Gainera, nabarmendu behar da palma olioa, berez, ez dela oso ohikoa euskal despentsetan. Hala ere, gure ingurunean problematikoa da elikagai hiperprozesatuen kontsumoa, palma-olioa osagai gisa baitute.