Agurtzane Llano, Eusko Jaurlaritzako Gazteriako Zuzendaria: “Enplegua da gure lehentasuna”

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzaren eginkizun nagusia gazteen emantzipazio-prozesua erraztuko duen zeharkako politika sustatzea da, gazteen bizi-baldintzak hobetu ditzaten. Agurtzane Llano, Gazteriako Zuzendaria, arduratzen da hain helburu garrantzitsua bultzatzeaz. Arabako Artziniega herrian jaioa, pedagogia ikasi eta aisiaren kudeaketako masterra burutu ere Deustuko Unibertsitatean, eta 2007 eta 2015 artean bere herriko alkate izan zen. Euskaltzale konbentzitua, ezin hobeto ezagutzen ditu gaurko gazteek dituzten erronka handiak.

Zein plan aurkeztu ditu Gazteria Zuzendaritzak zeharkako gazte-politikari buruz?

2018an Eusko Jaurlaritzak IV. Gazte Plana aprobatu zuen, gazteriaren egoera hobetzeko helburuarekin. Plana 2021 urte arte luzatzen da, eta hor daukagun tresnarik garrantzitsuena da. Planak 23 helburu eta 65 lan lerro ezartzen ditu. Batetik, gazteak errazago gizarteratzeko neurriak hartzen ditu barne, gazteen emantzipazioa lortze aldera, gazteen arloko zeharkako politiken plangintzaren, burutzapenaren eta ebaluazioaren bitartez. Bestetik, gaztetasunaren sustapenerako neurriak hartzen ditu; gazteei zuzendutako programa, jarduera, zerbitzu eta ekipamenduen bitartez eta, beti ere, gazteen partaidetza sustatuko duten prozesu eta bideen bitartez burututako neurriak, izan ere. Gainera orain legebiltzarrean da Gazteriaren Lege-proiektua. Legea onestean, finkatu egingo da gazteen ikuspegia Euskadiko politika publikoetan eta, hala, sendotasun handiagoa emango zaio eragileek gazteriaren zeharkako politikaren inguruan duten konpromisoari.

Gazteak gero eta beranduago emantzipatzen dira. Zer neurri hartzen ari dira gazteenak etxebizitza eskuratzen laguntzeko?

Une honetan, gazteen emantzipaziorako estrategia lantzen ari gara. Estrategia honek, 2030ra begira, erakunde ezberdin eta Jaurlaritzako sail askoren elkarlana sustatuko du, helburu zehatzak ezarriz. Estrategia honetan hiru arlo dira landuko direnak: enplegua, etxebizitza eta formazioa edo hezkuntza.

Gainera, esan dudanez, Gazteriaren Lege berriaren prioektua legebiltzarrean da eta proiektuak hiru helburu nagusi jaso ditu: emantzipazioa, haur eta gazteen sustapena eta parte-hartzea. Horretarako, Euskadiko Gazteriaren Estrategia garatuko dugu eta honek neurri eta helburu zehatzak izango ditu, emantzipazioari bide emateko. Hau guztia bideratzeko, Jaurlaritzako beste sail batzuekin egingo dugu lan.

Zer proiektu egongo dira ekimen propioak dituzten gazteen enplegua sustatzeko?

Denok dakigu osasun-krisiak larriki eragin diola gure jarduera produktiboari. Beraz, enplegua berriz ere da gizartearen, erakundeen eta gobernu honen lehentasuna. Eusko Jaurlaritzak, ekonomia suspertzeko eta galdutako enplegu guztia berreskuratzeko Berpiztu Programa zehaztu du. Programa honek 13.250 milioi euroko aurrekontua du 2020-2024 aldirako, eta helburu hauek ditu: 135.000 lanpostu sustatu; 6.000 enpresa eta mikroenpresa berri sortzen lagundu; Ikerketa eta Garapeneko 1.000 proiektu berri sustatu; 10.000 industria-enpresei lagundu; 4.000 industriaren eta zerbitzu aurreratuen balio erantsia handitu; 100 elikagai-industriaren balio erantsia handitu; eta 1.400ean handitu merkataritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren balio erantsia. Horretaz gain, Gazteen Enplegurako Txoke-plan bat onestea ere aurreikusita dugu, 30.000 gazteri lehenengo lan-esperientzia bat eskaini ahal izateko, hain zuzen ere.

Gazteek gero eta beranduago dituzte seme-alabak. Nola alda daiteke joera hori beren bizi-proiektua adin txikiagoetan eraiki dezaten?

Kezka handia sortzen digun gaia da hau. Erronka demografikoari aurre egin behar diogulako eta, batez ere, gazteek izan nahi duten bizitza sustatu behar dugulako. Euskadin seme-alabarik ez duten 30 urtetik beherako gazteen % 67,6k diote egunen batean izatea asko edo nahikoa gustatuko litzaiekeela. Gazteriaren behatokiaren arabera, seme-alabak nahi dituzten gazteek diote beren lehen seme-alaba 30 urte dituztenean izan nahi dutela. Horri bidea eman behar zaio. Nola? Aldaera asko sartzen dira hemen: enpleguaren kalitatea eta emantzipazioa noski, baina jakinda ere kulturalki aldatu diren eragileak badirela.

Gazteen partaidetza handitu al da gizartean?

2020ko martxoan, etxean geundela, Gazteen Euskal Behatokiak inkesta bat egin zuen 15 eta 34 urte bitarteko gazteen artean eta hor erakusten zen besteei laguntzeko beharra sentitzen zutela. Garai horretan, Guztion Artean sarea sortu genuen Jaurlaritzan, boluntariotza antolatu eta ordenatzeko, eta hor gazteen erantzuna paregabea izan zen. Gazteak orokorrean oso konprometituta daudela esango nuke.

Gero eta gazte gehiagok ez dute politika begi onez ikusten, edota desinteresa adierazten dute. Zer egin daiteke gazte hauen jarrerari buelta emateko?

Bizi dugun egoeraren isla da eta ez da bakarrik gazteen artean ematen, nire ustez. Gaur, Espainiako estatuan batez ere, liskarra bilatzen duten politikariak badira. Istilua gailentzen da une askotan, eta horrek nekea sortzen duela esango nuke. Politikariak konponbideak lortzeko egon beharko lirateke, eta hortik lortu daiteke buelta hori. Elkarrizketa bideratuz, eta, batez ere, kudeaketa zentzuduna burutuz.

Gainera, gazteen benetako parte-hartzea sustatzea ere posiblea da. Hori bideratzeko kanalak sortu behar ditugu. Parte-hartzeko ohitura sortzen lagundu behar dugu, gazteek erabakien sustatzaile sentiarazteko.

Dirudienez, gazteak izan dira pandemiak eragindako murrizketen aurka gehien azaltzen den taldea. Zer iritzi duzu honi buruz?

Hemen ez dago eztabaida posiblerik. Egoera honetan, osasun arloko adituek eta erakundeek markatutako irizpideak bete behar ditugu. Denok. Gazte gehienen portaera eredugarria izan dela esango nuke hemen. Salbuespenak izan direla? Seguru, baina baita helduagoak diren kolektiboen artean ere. Orokorrean, euskal gizartea ondo erantzuten ari dela iruditzen zait, eta gazteriari begira, berdina. Berriro esan nahi nuke denon ardura dela, eta denok daukagula zeregina. Gure ardura da eta lortzeko, ezarri diren neurriak bete behar ditugu.

Pablo Hasélen atxiloketak edo Valtonycen erbesteraketak adierazpen askatasuna kolokan jarri dute. Hori da, behintzat, gazte askoren pertzepzioa. Egungo gazteek aurrekoek baino askatasun gutxiago dute?

Sententzia bi horiek eztabaida piztu dute, baina kezka hori 2015etik datorrela esango nuke, Mordaza legea deitutakoa aprobatu zen une beretik. Lege horrek muga batzuk ezartzen dituen arren, ez nuke esango gaurko gazteek ez dutela askatasunik. Gure aurreko belaunaldiek ondo jakin zuten zer zen askatasun eza, eta gaurko egoerak ez du zerikusirik.

Prestakuntza txikiena duten gazteak dira gizartean eta lanean txertatzeko zailtasun handienak dituztenak. Baduzue talde honi bideratutako politika berezirik?

Bai. Gaur, pandemia honek eragin duen osasun krisiari, krisi ekonomiko bat gehitzen zaio eta berriro ere gazte askok langabezia pairatzen dute. Egoera horretan aurkitzen dira, batez ere, formazio maila txikiena dutenak. Honen aurrean, planak eta programak bideratu behar ditugu, gazte guzti horiei aukerak eskaintzeko. Formazioa delako lan merkatuaren ateak zabaltzeko giltzik aproposena.