Ausartuko zinateke herri txiki batera bizitzera joan eta bertan ekitera?

Gure bizitzako uneren batean, denok pentsatu dugu noizbait dena utzi eta beste norabait joatea, ezagutzen duguna a­tzean utzita abentura berri baten bila. Jende berria ezagutzea, leku berriak, hutsetik hasi eta gure bizitzaren jabe izatearen sentsazioa izatea.

Gure lurraldean, herri asko daude jenderik gabe, edo biztanleak dozenaka batzuk besterik ez dira. Han jaio zen adineko jendea, eta hainbat arrazoirengatik erabaki zuen jaioterritik alde ez egitea, bertan geratzea eta egiten zekiten gauza bakarra egiten jarrai­tzea: lurra goldatu, ganadua zaindu eta familia-tradizioari eutsi. Beste batzuek, aldiz, aberastasun bila hiri handietara joatea erabaki zuten, bizimodu berri batek eta sortzen ari ziren industriek behar zuten eskulanaren beharrak erakarrita.

Populazio mugimendu horrek landatik hirirako emigrazio masiboa eragin zuen, eta herri asko hustu zituen XX. mendean. Euskadik, joan den mendean, barne-migrazioko langile kopuru handiak jaso zituen bertako lantegietan lan egiteko, batez ere Bizkaian, Bizkaiko Labe Garaietan, La Navalen, Astillerosen eta abarretan. Industrializazio horrek izugarrizko populazio-mugimendua ekarri zuen hirietara, eta hori bihurtu zen landa-eremuko despopulazioaren arrazoirik behinena.

Hastapenetara itzuli

Fabrika horietako tximiniek aspaldi utzi zioten kea bota­tzeari. Landa-eremuko biztanleriarik gabeko egoera horretaz jabetuta –gaur egun, populazio-tasa oso txikia duten herri asko daude–, gazteak berriz ere landa-bizitzara erakartzeko proiektuak eta programak behar dituzte herri horiek, jasaten duten egoera kezkagarriari eman dakiokeen irtenbide bakarra emateko. Herri gehienak erdi abandonatuta daude edo adineko jendea bizi da horietan, belaunaldi-ordezkapenik egiteko aukerarik gabe.

Udal eta erakunde askok urteak daramatzate hainbat proiektu garatzen, zeinek biztanle berriek, batez ere gazteek, beren herrietara itzultzea eskatzen duten, landa-inguruneari bizitza eta poz berria emateko. Proiektu horien helburua da landa-eremura biztanle berriak eramatea, ingurumen-arloko negozio jasangarrien garapena susta­tzea, landa-komunitateetan eragin positiboa sortzea eta lurraldeko jarduera ekonomikoa berpiztea. Egia esan, herri batean ekitea ez da erraza; landa-eremuetara bizitzera joaten diren batzuk berehala itzultzen dira hirira, beren ideia landan garatu ezin izan dutelako zapuztuta.

Pandemia betean eta pairatzen ari garen osasun-krisi honetan, familia askok erabaki dute hiria utzi eta lan egiteko herri batera bizitzera joatea, eta bizimodu berri bati ekitea bertan; hala, bigarren aukera bat bila­­­tzeaz gain, kutsaduratik ere ihes egiten dute, ingurune seguruago eta osasungarriago batean. Telelanaren aukerak beste pizgarri bat ekarri du, pertsona askok lantokia lekuz aldatu eta aurreko eraikinerako ikuspegiak aldatu baitituzte, mendien handitasunari begira.

Erabaki garrantzitsua, ondo hausnartu beharrekoa, aurrera egin ahal izateko

Argi dago, landan bizi nahi izanez gero, ezinbestekoa dela plan bat ezartzea, norberaren gaitasun, ezagutza, baliabide ekonomiko, trebetasun eta motibazioen arabera. Garrantzitsua da motibazio handia izatea, eta erabakia itsualdi edo haserrealdi batean ez hartzea. Motibazio horrek une txarrak pasatzen lagunduko dizu.

Halaber, garrantzitsua da eskura ditugun baliabide ekonomikoen eta denbora-baliabideen berri izatea, bai eta eskura dugun diruarena ere, ustekabeko gastu txiki edo handiak ordaindu ahal izateko. Landan bizitzeko ziur egon behar dut nire nahia landan bizitzea dela, baina hirian nuen lanbideari eutsiz (gaur egun, teknologia berriei esker, dena da posible) edo, aitzitik, lurraz, nire ahaleginaz eta nire lanaz bizi nahi badut, horri buruzko ezagutza batzuk izan beharko ditut.

Etapa horiek guztiek trantsizio-etapa bat eskatzen dute, eta horri aurre egin behar diogu eta abantaila guztiez jabetu behar dugu, baina baita gure bizimoduan hain jauzi kualitatiboa egiteak dakartzan eragozpenez ere.

Hasiera batean, herri gehienek eskain­tzen dute laguntza herrian denda edo negozio bat hasteko, baita etxebizitzarako laguntzak eta landa-proiektu berriak sor­tzeko hobariak ere. Funtsezko helburua da plan bat, enpresa-proiektu bat edo proiektu ekintzaile bat duten guztiak erakartzea, eta beste giro bat nahi duten familia gazteak bultzatzea seme-alabak izatera eta, ondorioz, landa-eremua birpopulatzea. Herri askok eskaintzen dituzte abantailak eta laguntzak bertan bizitzen jartzeko. Aintzat hartuta, batetik, pandemiaren mundu-mailako egoera, eta, bestetik, familia askok landa-eremuarekiko erakutsi duten interesa (bizitza osasungarriago eta ingurumenarekiko jasangarriago bat izateko), kontuan hartzeko moduko erabakia da geure bizitzei buelta bat eman eta dena sinpleago egitea, geure hastapenetara itzuliz.