The Future Game : 30 gazte, planeta bat, etorkizun bat

BBK Kuna berrikuntza sozialari lotutako espazio bat da, irtenbideak sortzeko eta etorkizun iraunkorrago bat eraikitzeko, non Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) lotutako gizarte-eragile guztiek parte har dezaketen. The Future Game bere lehen proiektu handia herrialde askotan garatu da, eta orain Euskadira iritsi da.

Proiektu berritzaile honetan, Bizkaiko 18 eta 30 urte bitarteko 30 gaztek hartu dute parte, zeinak egungo gizarte- eta ingurumen-erronkekin konprometituta dauden. Kezka, motibazioa eta sormena duten gazteak dira, gizartea sustatu eta eraldatu nahi izan zutenak, bertan parte hartuz. Askotariko profilak dituzten Bizkaiko 30 gazte horiek (biologoak, psikologoak, EAZko graduatuak, ingeniariak, musikariak, diseinatzaileak edo gizarte-hezitzaileak) elkarlanean aritu dira lau astez Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuetan atzemandako beharrei erantzuteko ekimenak garatzeko proiektuak sortzeko. Hautatutako parte-hartzaileak ikaskuntza-esperientzia “gamifikatu” horretan murgildu ziren, hau da, jolasen mekanika hezkuntza-esparrura eraman zuten, The Future Game izeneko ikaskuntza-joko batean parte hartzeko. Bertan, parte-har­tzaileek jarraitu beharreko urratsak diseinatu zituzten, “Sortzen ari den etorkizun bat sortzeko”.

Diziplina anitzeko taldeetan antolatuta, proiektuak iraun zuen lau asteetan zehar, ontzietan bidaiatu zuten etorkizunera lau mundu ezberdinetan barrena, aurre egin behar izan zieten probetan elkar lagunduz. Hori lortzeko, elkarrekin gainditu behar izan zituzten erronkak, helburu komuna lortu arte: planetaren etorkizunerako denbora irabaztea.

Helburuak

Proiektu honen helburuak hiru izan dira. Batetik, ideia eta enpresa berriak susta­tzea, gizartean eta ingurumenean duten eragin positiboa bideragarritasun ekonomikoa bezain garrantzi­tsua izan dadin. Bigarrenik, gazteak trebetasunekin eta tresnekin gaitzea, aldaketaren eragile izan daitezen, eta, hirugarrenik, etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatutako erakundeen ekosistema sortzea. Lortu beharreko erronkak Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko 17 Helburuak (GIH) izan ziren, mundu iraunkorragoa lortzeko nazioarteko agendan markatutakoak.

The Future Gameren bidez, BBK Kunak belaunaldi berrien potentzial ekintzailearen benetako eta egungo erradiografia izan nahi izan zuen, garapen ekonomiko iraunkorra eta etikoa zabaltzeko eta kultura inklusibo berriak sortzeko “fun­tsezko eginkizuna” baitute.

Lortutako emaitzak

Martxoaren hasieran, lau astez jokoan aritu ondoren, parte-hartzaileek erronkak gainditu behar izan dituzte, planeta salbatzeko denbora irabazteko asmoz, eta jokalariek euren proiektuak aurkeztu zituzten.

Joko honetan parte hartu duten bitartean, gazteek aztertu dute mende honetan zer joera eta erronka garrantzitsuri aurre egin beharko dieten, eta ingurune global batean eragin positiboa izango duten irtenbideak bilatu behar izan dituzte. Aste hauetan zehar, hirietako erresilientzian eta an­tzeko gaietako adituekin elkarreraginean aritzeko eta Ashokaren sareko changemakers gazte ekintzaileekin harremanetan jartzeko aukera izan dute jokalariek. Era berean, prestakuntza-programan zehar, zenbait erronkari aurre egin behar izan zieten, hala nola bi egunez bi eurorekin bakarrik elikatzea, edo Bilbon zehar gurpildun aulkian ibiltzea. Erronka horiek asteburu batean gainditu behar izan zituzten, eta helburu hau zuten: planetako pertsona behartsuenekin enpatizatzea.

Jokalari bakoitzak bere trebetasunak eta tresnak izan zituen jokoan desberdintasuna markatzeko; belaunaldi oso baten ikuspegiari ahotsa emanez parte hartu zuten eta aldaketa-eragileak izan ziren, planetaren etorkizunari buruzko dilemetan oinarritutako banakako inspirazioak eta inspirazio kolektiboak sortuz, eta hori guztia, NBEk ezarritako Garapen Iraunkorreko Helburuen babespean.