Mikel Soto, idazlea: “Idaztea sentsazio ahaltsua da”

Editore lanetan urte asko eman ondoren, Suak pizten direnean idatzi du Mikel Sotok. Bertan, idazle honek zintzotasunez kontatzen ditu kontzientzia politikoaren iratzartzea, borroka-urteak, atxiloketak, torturak eta espetxea.

Zure lehen liburua argitaratu duzu, editore lanetan urte asko eman ondoren. Esperientzia ona izan al da?

Bai, esperientzia ederra izan da. Egiaztatu dut sormenak norberaren bulkada sakon eta indartsuak bultzatuta aurrera egiten duela eta bulkada literario horiek gidatzeko iparrorratza egia dela. Idazleak ez du beharbada beti egia aurkituko, baina egiten duen ariketa zintzoa bada, bere egia sakonak indar handiz agertuko dira forman, estiloan, pertsonaiengan, bertsoetan, izenburuetan zein elkarrizketetan.

Zer gustatu zaizu gehien liburu hau idazteaz?

Liburu honen idazketan izan dudan esperientzia liluragarriena idazketa bera izan da. Zerbait kontatu nahi izan eta kontatzeko ahalegina egindakoan sortzen den magia moduko hori. Buruak abiatu duen prozesua une batean aldatzen da, eta dagoeneko ez da burua irakiten sentitzen duzuna, eskua baizik. Horrelakoetan, idatz dezakezuna baino hobeto idazten ari zarela sentitzen duzu. Ez da beti guztiz pozgarria, oso zaila baita ondo idaztea, baina sentsazio guztiz ahaltsua da.

Zergatik aukeratu zenuen poesia generoa?

Asier Serranok eta Mikel Gorosabelek Barne basoetan barna diskoko kanta baterako letra eskatu zidaten, baldintza bakarrarekin: beldurrari buruz idaztea. Letrarik sekula egin gabea nintzen, baina beldurraz badakit zerbait, izan ere, bizitzaren urte batzuetan beldur handi eta konstante bat pasa nuen. Nortonek oso melodia iradokitzailea bidali zidanez, Ohean infernuari begira kanturako letra egitea lortu nuen. Horrek animatu ninduen poesiarekin saiatzera. Politikara 90eko hamarkadan iritsitako belaunaldia nahiko agrafoa izan da, inork ez ditu kontatu egin genituen hainbat gauza, ezta guri egin zizkigutenak ere. Euskal literaturak zeukan hutsune hori nozitzen nuen, irakurle gisa lehenik, editore bezala gero, eta nire esperientziaren bidez bizipen kolektibo bat kontatzen saiatzeko ahalegina egitea erabaki nuen. Nobela batekin, ez da aski gaia kale borroka izango dela pentsatzearekin. Gehiago behar da. Izan zitekeen ipuin sorta bat, agian, baina beldur nintzen ez ote zen anekdota bilduma bat aterako. Horregatik poesia aproposena izan zitekeela pentsatu nuen.

Poesiari esker, orduan, zure sentimenduak moldatu dituzu.

Poesiak daukan gravitas hori primeran egokitzen zaio kontatu nahi nuenari, eta poesiaren bidez lortu dut liburu honetan nahi nuen guztia jartzea, artefaktu emozional trinko bat sortuz, poesiak berezko dituen forma estetiko eder eta ahaltsuen bidez.

Zer gai gehiago aurki ditzakegu liburuan?

Biografia, kronika, egunerokoa, poetaren aitortza, dibaneko hausnarketa… Garai hurbil baten kontaketa eta subjektu baten egunerokoa ere bada poema-liburu hau. Adiskidetasunak liburua hasi eta itxi egiten du, literalki. Laguntasunaren gorazarre bat da, nire hezur-haragizko lagunen gorazarrearen bidez. Inork bizi behar ez lituzkeen gauzak bizitzea tokatu zitzaigun, eta laguntasun horren eltzea sutan frogatu genuen, maitasun ezin biziago bat sortuz. Eta maitasun horrek sutegi inguruabar horretan jaio izanagatik beroa bezain dirdaitsu dirau.

Liburu zatiak ia modu kronologikoan antolatuta daudela esan daiteke, bidaia moduko bat dela?

Hasiera eta amaiera orainaldian idatzita daude, eta erdiko partea Flashback moduko bat dela esan daiteke, baina oso argia. Bistan dago liburuaren erdiko ahots poetikoa Mikel nerabearena dela, Iruñea militarizatu eta gatazkatsu horretan beste gazte askorekin batera borrokan dagoena; horregatik, batzuetan ni poetikoa gu poetiko bihurtzen da. Zalantzarik gabe bidaia gisa uler daiteke liburua; memorian zehar, gaztaroan zehar, biolentzia eta sufrimenduan zehar eta sentimenduetan zehar.

Zuretzat, zenbateraino da garrantzitsua euskal gatazkari buruzko literatura propioa izatea kontakizunaren norgehiagoka bizi dugun garaian?

Zaila dirudi kontakizun konpartitu bakar bat izatea, batez ere instituzioek euskal gatazka deitu dugun hori terrorismo edo ordena publikoko gertakizunetara mugatzen dutenean. Kontakizun hori kontakizun ezberdinez osatua egongo da, eta, horretarako, inportanteak izango dira geure literaturan sortzen diren kontakizun literarioak. Ezinbestekoak diren askatasunak bermatu behar dira, eta momentu honetan ez dago berme nahikorik. Parte bakarrak dauka esan nahi duena esateko libertatea, eta hortik kanpoko kontakizunak, ukatuak izateaz gain, jazarriak dira. Nik nire liburua abokatuari erakutsi behar izan diot, argitaletxera bidali aurretik. Hori onartezina da, eta euskal idazle, editore, kazetari, akademiko eta letra munduko gizon eta emakume guztiok oinarrizko askatasun demokratiko eta artistikoak aldarrikatu beharko genituzke. Hori ez egiteak ekartzen digun endekatze moral eta artistikoa kezkagarria da; kontakizunaz eta memoriaz aritzea zentzugabea da, bidegabea