Euskal influencerren topaketa ospatu da

Joan den otsailaren 4an, Bilboko Euskararen Etxean euskal influencerren topaketa ospatu zen. Eztabaida aberasgarri horren aurkezle-moderatzailea Labayru Fundazioko zuzendariordea den Igone Etxebarria izan zen.

Guztira, zortzi euskal sortzaile digital elkartu ziren. Andrea Prosper (Marrakatue) euskara ikasten ari den irudigile madrildarra da. Bere tira autobiografikoen bidez, euskara ikasteko orduan aurkitzen dituen akats tipikoak islatzen ditu.

Beñat Erezumak (Euskara Satorra) bideo eta podcasten bitartez euskara irakasten du sareetan, euskara munduan zehar zabaltzeko. Ikasgaiak berrikusteko materiala euskaraz sortu daitekeela uste du.

Eduardo Gaviña (Yogurinha Borova izenordez ezaguna) abeslari, aktore, umorista, transformista, eta show woman da. Munduko dragqueen bakarra da aniztasunari buruzko abesti bat egin duena umeentzat, euskaraz. Euskaraz abesten du leku guztietan, euskara zabaltzeko eta berak euskara maite duelako.

Gabi de la Maza (Txantxangorria) euskal kantagintzako karaoketekaren ekoizlea da. 2.500 baino gehiago dira Internet atari horretan eskaintzen dituen abestien karaoke-bideoak. Euskal musikaren zalea izanik, kanalak eta blogak abeslariak ezagutzeko aukera eman diote. Berarekin harremanetan jartzen dira mundu osotik, eskaerak jasoz, eta irakasleek aholkuak ematen dizkiote.

Patxi Gezuragak (gaztelumendi.eus), besteak beste, literatura eta euskara arloetan lan egiten du, eta bere blogean artikuluak eta elkarrizketak argitaratzen ditu eduki-sortzaile eta kazetari honek. “Hemen sortu behar dugu, eta mundu mailan eragin gure hizkuntza eta kulturarekin. Sareetan egiten den lan horrek lagunduko dio norberari profesional hobea izaten, bakoitzari bere arloan”.

Tibalt Alberdik (Pubguitar) gitarra jotzen irakasten du Youtuben, euskaraz eta euskal kantekin. Pozez betetzen da bere bideoren batek 1.000 erreprodukzio dituenean, baita erantzun minimoa sortzen duenean ere kalitatezko zerbait egitean. YouTubek esposizioa ematen dio, like-ak oso garrantzi handia daukan gizarte honetan.

Game Erauntsia Elkartetik bi ordezkarik hartu zuten parte topaketan. Alde batetik, Garikoitz Larrañaga (software eta hardware teknikaria) atal teknikoaz arduratzen da, eta YouTube eta Twitch plataformetan bideo-jokoen inguruko bideoak ekoizten ditu. Bideo-jokoen inguruan euskaraz aritzeko nahi horrekin jende dezente zegoela ikusi zuten. ‘3.000 Twitch’ izeneko arrakasta handiko ekimena egin zuten. Twitchen feedbacka momentukoa da, zuzenean emititzen delako. Gazteak bertan daude, eta komunitatea sortzen da euskararen inguruan; interakzio sozial oso polita.

Bestetik, Maitane Junguituk (komunikazio arduraduna) bideo-jokoak eta euskara uztartzen jarduten du. Euskal sortzaileen kopurua handituz doa, nahiz eta audientziak oso txikiak izan, gaztelaniaz aritzen direnekin alderatuz. Erraztasunak eman behar zaizkie edukiak euskaraz daudela gazteei esateko, mezuak hedatzeko. Jende asko etorri da haiengana erremintak eskatuz, sortzaileek euskaraz sortu nahi dutelako. Erreferenteak sortzea lortu behar da, eta, ondorioz, eduki interesgarri eta dinamikoak.

Ondorio nagusiak

Kontsumitzeko era asko aldatzen ari da, informazio guztia Interneten baitago.

Normalizazio bat gertatzen ari da Interneten hizkuntzari dagokionez, produktu gehiago sortzen direlako euskaraz. Ikus-entzunezkoen kontsumo motak aldatu egin dira. Twitchen bitartez zuzenekoetara itzuli gara. Euskarak duen esposizioa mugatua den arren, erreminta digitala tresna bat da euskara mantentzeko eta zabaltzeko.