Gazteen enpleguaren erronkak. Post-covid lan-merkatura egokitzea

Pandemiak gogor jo ditu gazteak, eta krisi ekonomikoko garaietan talde ahulenetako bat izan da. Koronabirusarena ez da salbuespena. EAEko gazteen langabezia-tasak apur bat gora egin du 2020ko hirugarren hiruhilekoan: % 23,9ra iritsi da, eta 16 eta 29 urte bitarteko gazteei eragiten die bereziki.

Pandemia hasi zenetik, enplegu-suntsiketaren erdia 30 urtetik beherako gazteei dagokie. Egia da koronabirusa milioika negozio eta enplegu suntsitzen ari dela, gehienak ostalaritzarekin eta turismoarekin lotutakoak, baina egia da, halaber, plataforma digitalekin lotutako beste sektore batzuk indartzen ari direla.

Prestakuntza zabaltzea

Gizartearen errealitate berri horren aurrean, eta gaur egun bizi dugun egoera kontuan hartuta, berrasmatzeko unea da. Krisi-garaiak ziklikoak dira, eta krisi ekonomiko bakoitzak aukera berriak bilatzera behartzen du gizartea, gertatzen den une zehatz horri irtenbidea emateko.

Gaur egun, koronabirusak eragindako osasun-krisiak geure burua berrasmatzera eta ideia berriak balioestera bultzatzen gaitu, bai eta eskaria larritzen hasi den baina egoera berri horri erantzuteko eskaintza oraindik nahikoa ez den merkatu-eremu eta -nitxoetan abiaraztera ere. Berrasmatu egin behar da, eta lan-merkatua zer eskatzen ari den begiratu. Gure prestakuntza eta konpetentzia digitalak zabaltzea, lan-merkatuan txertatzeko orduan aukera gehiago izateko, gazteentzako leitmotiva bihurtu da lana bilatzeko orduan.

Prestakuntza digitala, krisi honetan, funtsezko faktore bihurtu da euskal gazteen artean enplegua bilatzeko. Lehiakorra izaten jarraitzeko gakoetako bat esparru digitalean prestatzea da, gizabanakoari lan-merkatuan sartzeko oso baliagarriak izango zaizkion esperientziak, trebetasunak eta gaitasunak emango baitizkio.

Eguneratzea eta lan- eta enpresa-egoera berrira egokitzea erabakigarria da enplegua aurkitzeko. Gure digitalizazio-ezagutzak modernizatzea eta eguneratzea, bai eta gure prestakuntza eguneratzea ere gaur egun merkatuan dauden plataforma digital guztietan, premia bat da, eta proposamen interesgarri bat, egungo krisialdian enplegua modu aktiboan bilatzeko. Gaur egungo lan-merkatuan, pandemiak eta ziurgabetasunak gogor astindu dute, 2021 zalantzagarriaren aurrean; profesional prestatuak eta gaitasun egokiz hornituak eskatzen ditu, beraien karrerak egoera aldakor batean garatzeko. Horregatik, funtsezkoak dira prestakuntza eta egoera horretara egokitzeko gaitasuna.

Enpresek unibertsitate-tituludunak eskatzen jarraitzen dute lehen aukera gisa, eta, ondoren, goi-mailako heziketa-ziklo bat egin duten ikasleak. Hala ere, lanbide-heziketako ikasleen eskaera % 14 igo da azken urteetan. Unibertsitatea enpresa-munduari bizkarra emanda bizi den bitartean –gero eta gutxiago bada ere–, lanbide-heziketa guztiz lotuta dago enpresa-premiekin, ikuspegi praktiko batetik eta lan-merkatura bideratuta, eta horrek modu esponentzialean errazten du enpresen egungo beharrak eta beharrizan aldakorrak asetzea.

Lan-egoera aldakorraren aurrean egokitzeko gaitasuna

Aurreko paragrafoan hizpide izan dugun eremu digitalaren gaikuntza eta hobekuntza horrekin batera, bizi dugun lan-egoera berria dator, eta ziurrenik hori izango da zain dugun etorkizunaren atarikoa. Pandemia hasi zenetik, iazko martxotik, online unibertsoa asko indartu dela ikusten da. Telelana aukera bakarra bihurtu da askorentzat.

Hasiera batean, telelanera egokitzeko malgutasuna duten enpresa gehienetan nagusitu da askok susmatzen zuten lan egiteko modu hori; fenomeno geldiezina bihurtu da, eta dagoeneko ez dago atzera egiterik. Lan-egoera berri horrek ingeniarien, robotikako espezialisten, zibersegurtasuneko eta blockchaineko espezialisten, programatzaileen, marketin digitaleko adituen eta prebentzio-medikuntzarekin zerikusia duten arlo guztietako profesionalen eskari handiagoa ekarri die enpresei.

Hala ere, adierazi behar da, krisi-egoera hori gorabehera, enpresek gehien eskatzen duten titulazioa Enpresa Administrazioa eta Zuzendaritza dela oraindik ere, eta, ondoren, Industria Ingeniaritza, Informatika Ingeniaritza, EAZ maila bikoitza, Lan Zientziak, eta Merkataritza eta Marketina. Nabarmendu beharreko beste alderdi bat da, egungo osasun-krisiarekin bat etorriz, erizaintzako karrera osasun-adarreko titulaziorik eskatuena bihurtu dela.

Zalantzarik gabe, osasun- eta gizarte-krisi honek agerian utzi du profesional guztiei berdin eragingo dien lan-premia bat dagoela, lan egiten den industria edozein dela ere, eta plantillak soft skills deiturikoetan prestatzea, hau da, egokitzeko gaitasunean, talde-lanean eta sormenean. Horixe da euskal gazteei ekarriko dien lan- eta lanbide-etorkizuna, koronabirusaren gizarte-, osasun- eta lan-krisiak baldintzatutako orainaren errautsen gainean eraikiko dena. Erronka handiak gure aurrean ditugunak.