Telelana, tresna eraginkorra

Duela hilabete batzuk arte, telelana hitza ezezaguna zen herritar gehienentzat. COVID-19ak birdefinitu eta mahai gainean jarri du lan-termino hori, hain zuzen ere, beharrik ezagatik edo ezjakintasunagatik, pandemiaren aurretik gutxik zekitelako nola definitu. Edonola ere, telelana ezinbesteko eta balio handiko tresna bihurtu da gaur egungo lan-munduan, ez bakarrik eskaintzen dituen onurengatik, baita bizilekutik lan egiteko aukera duten langile guztiei eskaintzen dizkien abantaila guztiengatik ere.

Nazioarteko Lan Erakundeak honela definitzen du telelana: bulego nagusi batetik edo ekoizpen-instalazioetatik urrun dagoen leku batean egiten den lana, langilea bulego horretan dauden lankideekiko harreman pertsonaletik bereizten duena, eta, teknologia berriak bereizketa hori ahalbidetzen duenez, komunikazioa errazten duena.

Azken hilabeteetan gure etxeetan kalera ateratzeko aukerarik gabe egotera behartu gaituen konfinamenduak, ezinbestean, gure lana ohiko lanpostura joan beharrik gabe egiteko aukera zabaldu du, garraiobiderik hartu beharrik gabe eta baita fitxatzeko betebeharrik gabe ere. Telelana egin ahal izateko, gaur egun mundu guztiak dituen tresna oso sinpleak behar dira: ordenagailu bat, Interneterako konexioa, telefono mugikorra eta ordenagailuan edo mugikorrean instalatutako kamera digitala, bideo-deiak egin ahal izateko.

Hauexek dira lan egiteko modu horrek aurrera egitea eragiten duten faktoreetako batzuk: urrutiko konexio-sistemak, komunikazioen hobekuntzak, telelana kostuen aurrezte gisa ikusten hasi diren enpresa askoren mentalitate-aldaketa eta modalitate horretako langile askok duten pertzepzioa. Telelanak abantaila asko eta askotarikoak eskaintzen ditu gure lana egin ahal izateko. Lan egiteko modu honek dituen ezaugarri positibo ugarien artean lanean izaten den denbora antolatzeko askatasuna da, autonomia handiagoa ematen baitigu.

Bizitza profesionala eta pertsonala uztartu

Aukera paregabea da familia-espazioa eta eguneroko lanak uztartzeko, eta horrek balio handia ematen dio langileari. Hiri handietan lanera joateko joan-etorriak egunean hainbat ordu har ditzake; telelangileak, ordea, lekualdatu behar ez duenez, denbora asko aurrezten du, eta denbora hori beste zeregin pertsonal edo lan-zeregin batzuetan erabil dezake. Gainera, aldi berean, ingurumen-kutsadurak behera egin du nabarmen. Lantokira joateko ezintasuna edo zailtasuna duten pertsonak lanean txertatzeko aukera ematen du telelanak, finean.

Alde ona eta txarra

Baina bizitza honetan gauza guztiekin gertatzen den bezala, honek ere baditu alde onak eta txarrak. Telelanaren desabantaila garrantzitsuenetako bat da lan guztiek ezin dutela sistema hori erabili. Pandemian zehar osasun arloko langileek, garraiolariek, garbiketa-zerbitzuek edo supermerkatuetako langileek ez dute etxetik lan egiteko aukerarik izan.

Beste desabantaila bat da ez dagoela bereizketarik lanaren, familia-bizitzaren edo aisialdiaren artean; izan ere, hura mugatzen duen espazio fisikorik ez dagoenez (bulegoa edo lantokia), dena nahasten da, eta oso erraza da eremu bat bestearengandik bereizten ez jakitea. Hori dela eta, deskonektatu eta lanean ohikoak diren baino ordu gehiago emateko arriskua areagotu egiten da.

Gainera, kontuan izan behar da oso lan-metodo bakartia dela, eta eragina izan dezakeela langilearen errendimenduan; izan ere, langileak ezin die beste kideei kontsultarik egin, ez behintzat aurrez aurre, eta horrek eragotzi eta zaildu egiten du taldean lan egiteko aukera. Arestian aipatutako guztiari gehitu behar zaio sedentarismoa hazi egiten dela, eta horrek arazo fisikoak areagotzea dakar: bizkarreko edo buruko mina, esaterako.

Telelana, mantenduko al da gurean?

Galdera horri erantzuteko, argi izan behar dugu premisa hau: lanaren etorkizuna ez dago aurrez zehaztuta; guri dagokigu hori moldatzea.

Pandemian zehar, enpresa eta langile askok urrutitik lan egitea erabaki zuten COVID-19aren transmisioa eragozteko, eta horrek gure lan egiteko modua erabat aldatu du. Bilera birtualak ohiko bihurtu dira gure lan-eremuan.

Murrizketak kendu ahala, guztion buruan dagoen galdera da ea lan egiteko modu hori “normaltasun berria” bihurtuko ote den. Enpresa handietako batzuek dagoeneko aukeratu dute telelana lan-merkatua antolatzeko ohiko modutzat hartzea. Langile asko lanera itzultzeak ez du esan nahi lekualdatu beharra dutenik, kontrakoa erabakitzen ez badute behintzat. Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, diru-sarrera handiko herrialdeetako langileen % 27k etxetik telelana egin dezakete hemendik aurrera. Enplegatzaileoi eta langileoi sortzen zaigun zalantza da nola egokitu lan-praktikak eta nola baliatu telelanak sortzen dituen onurak, enplegurako espazio fisikoaren balio sozial eta ekonomikoa galdu gabe.

Horri guztiari gehitu behar zaio telelana aukera ona dela beren lana etxetik egitea erabakitzen duten guztientzat, baina, era berean, gogorarazi behar da langile askok nahiago dutela beren lanpostura joan, eta, horregatik, enpresek espazio fisiko bat eskaini behar diete hainbat arrazoirengatik etxetik lan egin nahi ez duten langile horiei.