LGTBI+ harrotasunaren munduko eguna, aurten online

Historiari erreparatuz, ekaina hertsiki lotuta dago mundu mailan LGTBI+ kolektiboaren harrotasunarekin. Ekaineko azken egunetan, mundu osoan egiten da festa bat, komunitatearen eskubideak aldarrikatzen dituena eta, aldi berean, komunitate horren berdintasuna eta tolerantzia soziala sustatzen dituena.

Baina zergatik ospatzen da harrotasuna egun honetan? Galdera horri erantzuteko, denboran atzera joan behar da. 1969ko ekainaren 28ko goizaldean, New Yorkeko Stonewall Inn tabernan polizia-sarekada bat izan zen, eta gay kolektiboak, hainbeste errepresio eta beraien eskubideen urraketaz aspertuta, bat-bateko adierazpen batzuekin erantzun zuen, indarkeriazko istiluak eraginez.

Zoritxarrez, Stonewall Innekoa bezalako puben aurkako sarekadak ohikoak ziren garai hartan. Aldea zerak markatu zuen: Poliziak kontrola galdu zuela eta bezeroak matxinatu egin zirela. Greenwich Villageko poliziaren eta gay bizilagunen arteko tentsioa hainbat egunez luzatu zen, eta, aste gutxiren ondoren, homosexualak atxilotzeko beldurrik gabe aske egon zitezkeen lekuak izateko antolatu zen taldea.

Gay harrotasunaren lehen martxak 1970ean izan ziren, New Yorken eta Los Angelesen. Apurka-apurka, mundu osoko hiriak gehitu zitzaizkion, eta, ordutik, Pride Parades direlakoak edo Gay Harrotasunaren desfileak egiten dituzte, beraien eskubideak aldarrikatzeko. 2020ko ekainaren 27an, harrotasuna online, COVID-19aren ondorioz

Eskubideen alde

Aurten, polizien eta gayen arteko lehen liskar horien 50. urteurrena ospatzen da, LGTBI+ kolektibo hori osatzen duten kideen esparru guztietan eskubideen berdintasunaren alde borrokatzeko. Mende erdi honetan, komunitate honen baldintzek hobekuntza nabarmena lortu dute alderdi guztietan, nahiz eta ez den ahaztu behar gaur egun ere, XXI. mendean, munduan badirela herrialdeak, gehienak Afrikan eta Asian, zeinetan homosexual izatea kartzela-zigorrarekin, bortxazko lanarekin, jazarpenarekin edo are heriotza-zigorrarekin kondenatuta dagoen, argi eta garbi homosexualtzat jotzeagatik.

Mundu mailan jasaten ari garen pandemiaren ondorioz, 2020an ez da manifestazio jendetsurik izango, ezta hainbat hiritako plazetan jarritako agertokirik ere, harrotasunaren eguna ospatzeko. Harrotasunaren ospakizun asko bertan behera utzi edo atzeratu behar izan diren arren (guztira, 100 baino gehiago izan dira orain arte krisi honen eraginpean egon direnak), gehienek erabaki dute ospakizunen formatua aldatu eta programazio birtual baten alde egitea, datorren urtera arte itxaron behar ez izateko.

InterPride nazioarteko erakundeak, komunitate homosexualarentzako ekitaldi kulturalak antolatzeaz arduratzen denak, iragarri duenez, ekainaren 27an Global Pride izeneko ekitaldi bat izango da, eta munduko edozein harrotasun-ospakizunen antolatzaileei parte hartzeko deia egin die, online plataformak erabiliz, planetako edozein txokotatik LGTBI+ harrotasuna bizi dezagun. Ekainaren hasieran, antolakuntzak streaming bidez 2020ko harrotasunaren emanaldia ikusteko aukera emango duen plataforma iragarriko du. 24 orduz, esparru guztietako giza eskubideen ekintzaileen musika-emanaldiak, hitzaldiak eta mezuak ikusi ahal izango dira.

Horrela, ekainaren 27an, larunbatean, online plataforma digitalen bidez, LGBTI+ Harrotasunaren Eguna ospatuko da. Festa hori gure etxeetatik mundu mailan gozatu ahal izango da, duela mende erdi hasi zen eta gaur egun lehen egunean bezain bizirik jarraitzen duen istorio baten hasiera izango da, eta LGTBI+ kolektiboaren aniztasunaren beharra eta edertasuna erakutsiko diote munduari.