Koronabirusaren udan, zeintzuk izan daitezke gure planak?

Koronabirusa han, koronabirusa hemen… Jada asper-asper eginda gaude birus madarikatu honen izena entzuteaz eta sortzen dituen osasun kalte larrien ondorioz etxean konfinatuta egoteaz.

Baina zer gertatuko da konfinamendua amaitzen denean? Gure ohiko jardueretara itzuli ahal izango dugu? Aurreko urteetan bizi izan ditugun uden antzera, aurten ere jaialdietara eta gure herri eta hirietako jaietara joan ahal izango dugu?

Adituen ustez, erantzuna ezezkoa izango da. Izan ere, dirudienez, ez omen da batere erraza izango birusa indargabetzea, eta, txertoaren aukera nahiko urrun egonik, gure osasuna babesteko aukera bakarra segurtasun neurri zorrotzekin jarraitzea izango da: jende pilaketak ziurrenik debekatuta egon dira urte osoan zehar, eta emanaldi publikoetako edukiera zorrotz mugatuta egongo da.

Bidaiekin gauza bera gertatuko da: atzerrira bidaiatu nahi badugu, traba ugari topatuko ditugu bidean, eta herrialde askok ez digute sartzen utziko.

Hortaz, nola antolatu dezakegu gure aisia oso gertu dugun uda berezi honetan?

Erreserbarik ez egin

Eman dezakegun lehenengo aholkua dirua aurreratzearekin dago lotuta: ez egin erreserbarik, eta ez erosi emanaldi edota jaialdietarako txartelik, zeren eta nahiz eta jaialdi batzuetako arduradunek, oso modu arduragabean, ospakizunaren datak mantentzen dituztela iragarri duten, errealitatea da ziur asko makro ekitaldi horietako bakar bat ere ezin izango dela egin. Sarrerak erostea hankasartze handia izan daiteke, gero dirua berreskuratzeko izan ditzakegun trabengatik.

Modu berean, zenbait airelinea konpainia txartelak eskaintzen hasi dira, nahiz eta oraindik ez jakin hegaldi horiek eskaini ahal izango dituzten ala ez.

Gainera, hegaldi horietako helmugan murriztapen zorrotzak ezarriko dituzte, eta, hegazkinean joan arren, agian ezin izango duzu zure aukerako herrialdean sartu. Ostatuekin ere antzeko egoeran gaude: konfinamendua igaro arren, ez dakigu pandemiak hurrengo hilabeteetan nolako bilakaera izango duen; arreta handia eskaini beharko diogu agintariek eta adituek esaten digutenari, eta gure erreserbak azken unean egin. Gure kuadrilla zenbat eta txikiagoa izan, hobe.

Aurten, hortaz, gure planek azken ordukoak izan beharko dute, betiere, pandemiaren egoera eta osasun gomendioak aintzat harturik. Ziurrenik, ezin izango dugu espainiar estatutik alde egin, ezta jende pilaketak sortzen dituzten jardueretan parte hartu ere. Udako ikastaroak ere kolokan daude, eta, agian, modu telematikoan egin beharko dira aurten. Halaber, ez dirudi urtero jendez gainezka ikusten ditugun hondartzen irudiak aurten errepikatu ahal izango direnik.

Diruaren boterearen indarrez pertsona asko biltzen dituen jardueraren bat garatuko balitz, gure aholkua da horrelako ekitaldiak saihestea, halako topaketetan kutsatzeko arriskua handia izango delako.

Gazteak ere larri

Ez ditugu gure aukerak gehiegi estimatu behar: gazteak eta osasun onekoak izateak ez du esan nahi birusak kalte txikiagoa egingo digunik. Egia da pertsona nagusiak eta aldez aurretik eritasunen bat dutenak direla arrisku handiena dutenak, baina hamaika gazte osasuntsuk ere zainketa intentsiboetako unitatean amaitu dute, eta gutxi batzuek ezin izan dute birusa gainditu.

Gainera, birusa gainean badaramazu, zure albokoak kutsatu ditzakezu. Agian, zuk jasango dituzun kalteak ez dira handiak izango, baina zure gurasoak, aitona-amonak edota arnas gaixotasunen bat duen lagun hori larriki kutsatu ditzakezu, eta haien bizitzak kolokan jarri.