Aitaren eguna ala merkataritza-guneen eta saltokien eguna?

Interneten aitaren egunaren jatorriari buruzko informazioa bilatzen badugu, blogak eta web orrialde asko agertuko zaizkigu, behin eta berriz ospakizun honen sorlekua AEB dela esanez. Batzuek 1909 aipatzen dute; beste batzuek, berriz, 1910. urtea, jai honen hasiera data bezala.

Eta oso ohikoa bada ere bai sarean bai komunikabide askotan Estatu Batuak edo kultura anglosaxoia oro har gauza guztien jatorri gisa aurkeztea, egia esan, Aitaren Egunak oso jatorri desberdina eta lehenagokoa du.

Bidaia dezagun historian zehar. Joan gaitezen Erromatar Inperio zaharreraino. Urtero, otsailaren 13tik 21era bitartean, Parentaliak egiten zituzten. Familia bateko hildakoen omenezko hileta-jaiak ziren, eta esnea, ardoa, eztia eta irina eskaintzen ziren.

Ospakizun horietan, garrantzi handia hartzen zuen pater familias edo familiako aitaren figurak, errituetako batzuk zuzentzen zituena. Oturuntza handi bat ere ospatzen zen hildako gurasoen omenez.

Gerora, leku batzuetan tradizio hori galdu zen, baina beste batzuetan bizirik iraun zuen, baina XX. mendean eskuratu zuen estatus ofizialaz gozatu gabe.

Herrialde bakoitzean ospakizunak bilakaera ezberdina izan du, eta data ezberdinak ere zehaztu dira. Adibidez, mundu anglosaxoian eta kulturalki inguru horren mende dauden beste estatu askotan, ekaineko hirugarren igandean ospatzen dute.

Aitaren eguna Estatuan

Espainiako Estatuan, orain ezagutzen dugun moduan, Aitaren Egunaren historia emakume bati eta eskolari lotuta dago. Gurasoak omentzeko egun bat ezartzearen ideia maistra batena da. Haren izena Manuela Vicente Ferrero da, Nely ezizen literarioaren pean ezaguna.

Haien ikasleen aita batzuk gogaituta sentitzen ziren, haientzat egun bakar bat ere ez zutelako, amek bezala. Aita horietako bi Manuelarengana hurbildu ziren egun batean, eta ofendituta, zera esan zioten: “Zuk opariak baino ez dituzu prestatzen gure emazteentzat, baina ez duzu ulertzen aitok gure seme-alabak maite ditugula, eta opariren bat ere merezi dugula”. Eta berak erantzun zien: “Nik ez nuen Amaren Eguna asmatu, baina Aitaren Eguna asmatuko dut”.

1948an erabaki zuen lehen aldiz eskolan Aitaren Eguna ospatzea bere ikasleekin, Madrilgo aldirietako auzo pobre batean. Hala, meza bat, haurrentzako jaialdi bat eta eskulan batzuk prestatzen lagundu zien ikasleei, aitei oparitzeko. Martxoaren 19a aukeratu zuten, San Jose eguna; izan ere, aita sakrifikatu, apal eta langiletzat jotzen zuen Manuelak San Jose.

Urte batzuk geroago, ekimena hainbat komunikabidetan zabaldu zen, hala nola El Correo de Zamora eta -en. Oparien garrantzi espiritualaz hitz egiten zuen bere artikuluetan, ez haren balio material eta ekonomikoaz. Aitaren irudiari buruz ere idatzi zuen, eta seme-alabek nola eskertu behar zuten haien maitasuna eta samurtasuna.

1951n, Aitaren Egunaren ospakizuna Estatu osora iritsi zen, Azken Ordua izena zuen irratsaioaren bidez. Bi urte geroago, 1953an, ospakizunak izaera erlijiosoaren zati bat galdu zuen, eta itxura komertzialagoa hartu zuen.

Pepin Fernández Galerías Preciados enpresako gerenteak kanpaina bat babestu zuen prentsan eta irratian, Aitaren Egunaren harira. Geroago, Ramón Areces El Corte Ingleseko arduradunak ere bat egin zuen bere lehiakide gorenaren ekimenarekin. Hala, gaur egun mo ta guztietako saltokiak, txikiak zein handiak, ospakizuna ustiatzen saiatzen dira, eta Aitaren Eguna, ia ospakizun guztiekin gertatzen den moduan, jai komertzial huts bihurtu da.