Eñaut Barruetabeña: “Kontzientzia sortzen duen” gizonezkoen moda jasangarria

Eñaut Barruetabeñak sortutako gizonezkoen moda marka da Eñaut, eta material jasangarriekin egindako diseinuekin “kontzientzia sortzeko” beharretik sortu da. Aurre-salmentaren kontzeptuarekin sortu du enpresa, jantzien “zentzurik gabeko” fabrikazioa murrizten duen aukera eginaz.

Eñaut Barruetabeña (Mutriku, 1993) da Eñaut enpresaren arima sortzailea, eta diseinatzaile gazteei industrian sendotzen laguntzeko sortu zen 080 Barcelona Fashion 2019ko Diseinu berritzaileko Bilduma Onenaren sariko 15.000 euroak irabazi zituen.

Diseinatzailea Bartzelonan bizi da 18 urte zituenetik, eta estereotiporik gabeko maskulinotasunaren ikuspegia erakusten du bere jantzietan; sorkuntzan lan horretan, emakumeentzat ere erakargarria den ia “generorik gabeko joskintza” bilakatzeraino.

Arkitekturan lehen urratsak eman ondoren ikasi zuen bere egitekoa ez zela eraikinak edo zubiak proiektatzea; bai, ordea, bozetoak marraztea eta materialak aukeratzea, kasu honetan ehun jasangarriak.

2018an atera zuen bere lehen bilduma, eta urte bereko irailean Rec.0/080 Barcelona Fashion lehiaketara aurkeztu zen. Horrela lortu zuen Kataluniako pasabideko desfileen aurreko gunean saltokia izatea, eta 2019an bertan desfilatzea. Hantxe eskuratu zuen saria Sonia Carrasco diseinatzailearekin batera.

“Sariak marka finkatzeko ikusgarritasuna eta segurtasuna eman dizkit”, dio sortzaileak, eta aitortu duenez “istripuz” iritsi omen zen modara, “oso galduta” zegoen garai batean. Hala hasi zituen gero ikasketak Bartzelonako Diseinuko Goi Mailako Eskolan, eta lizentziatu aurretik Inditexen lanean hasi zen.

about:blank “Ia urtebete aritu nintzen, baina utzi egin nuen. Fast fashionaren parte izan nintzen, barrutik ezagutu nuen, baina ez ninduen asetzen. Nire bideari eta filosofiari ekin behar niola erabaki nuen “, aipatu du.

Gorabidean datorren Diseinuaren saria jasotzea “energia-txute bat izan zen, lanbide honetan hastea oso zaila delako; bizirauteko gogor borrokatu behar duzu, lehia geroz eta handiagoa da, eta horrelako aintzatespena zure izena zabaltzen laguntzeko bozgorailurik onena da”.

Naturarekin lotzen ditu bere jantziak, ingurumena modurik naturalenean zaintzeko; “berezko zerbait da nigan”, adierazi du mendian eta itsasotik gertu hazi den sortzaile honek.

“Nire asmoa kontzientzia sortzea da, nire posizioa baliatuz, kontsumitzaileak ingurumena babestu dezala bere erosketekin”, bereziki hain kutsatzailea den moda bezalako industriaren parte izanik, argudiatu du. Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, petrolioaren ondoren, moda baita planetako bigarren industriarik kutsagarriena. Espainian “Fast fashion” delakoa oso errotuta dagoela eta arropa erosterakoan jasangarritasuna kontuan hartzea kosta egiten dela onartu arren, uste du “pixkanaka aldatzen ari dela”. Zaborren birziklatzea ezartzea ere ez omen zen erraza izan, adierazi du, “orain, ordea, ez egitea pentsaezina izango litzateke”, eta modan ere bide hori egitea espero du.

Kotoi organikoa da bere bildumetako material nagusietako bat, baina materialen aukeraketa zabaltzen ari da, hala nola, bere hurrengo bilduman erabiliko duen larru mota berri bat, Bartzelonako 080aren hurrengo ediziorako prest egongo dena, eta landareetatik eta poliester birziklatutik sortua.

Pandemiaren ondorioz, modaren industria osatzen dutenek gogoeta egin dute bildumak aurkezteko garaiari buruz, eta baita iraunkortasuna eguneroko ariketa bihurtzeko beharrari buruz ere.

“Modaren mundua aldatu egin da. Denok murriztu dugu kontsumoa, eta gehiegizko sorkuntza zaindu”, dio Eñautek. Berak, krisi sanitarioa baino lehen, aurre-salmentan oinarritutako sisteman lan egiteko erabakia hartu zuen –jantzia eskaripean fabrikatzen da-, kostuak murriztu eta beharrezkoak ez diren soberakinak sortzea saihestuz, “bezeroak eskatzen duena” soilik egiten baita.

Bi salmenta-puntu fisiko ditu, bata Bartzelonan -Ginpak Studio- eta bestea Debako Mugan dendan, eta konbentzituta dago Interneteko salmenta dela benetan merkatua dinamizatzen duena; berak horrela lortu ditu bezeroak Frantzian, Alemanian edota Italian.

Hurrengo bildumaren funtsa baso-soiltzea izango da, eta arazo hori hiru koloretan islatzen du: berdea, beltza eta harea, prozesuaren faseak, alegia; naturaren distiraren berde unetik hasita, erretako baso suntsituaren beltza, eta harea, lehortasunaren eta desolazioaren sinbolo gisa.

Egitura armatuagoko jantziak dira, non joskintza-lan handiagoa sumatzen den, “garai hauetan hain presente dagoen txandalismoari” kontrajartzen zaiona, etxe barrurako zein kanporako moda erosoa aukeratu ahal izateko.

Moda atenporala, minimalista, hain estereotipatua ez dagoen maskulinitatea erakusten duena. “Gizona gehiago arriskatzen ari da eta nabaritu egiten da”, esanez amaitu du Eñautek.

Eñaut Barruetabeñaren moda atenporala eta minimalista da, hain estereotipatua ez dagoen maskulinatearen adierazle

Material jasangarriekin egiten ditu bere diseinuak, “kontzientzia sortzeko” beharretik sortutako lanaren emaitza dira