Calatañazor, edertasuna, bakea eta bakardadea

Calatañazor Soria probintzian kokatuta dago, Gaztela eta Leongo erkidegoan. Bertako etxeak duela mende asko egindako etxeak dira, eta kale nagusi bakar baten ertzean kokatuta daude: Errege Kalea. Kale horretan barrena, adobezko eta harrizko ehunka urteko etxeak ikus daitezke, sabina zurezko zutabez eutsiak, baita Erdi Aroko kutsua ematen dioten tximinia koniko bitxiak ere; gainera, ehunka urteko kale harriztatuetan ibil gaitezke. Kale nagusi horrek Gazteluko Andre Mariaren elizarantz jotzen du. Eliza hori izugarria da, eta oso apainduta dago.

Eliza horrek du, hain zuzen, penintsulako organorik zaharrena. Herri soriar honek, gainera, XII. eta XV. mendeetako margo, tailu barroko, pergamino eta zilarrezko objektuen bilduma bikaina gordetzen duen museo bat du. Calatañazorren, gainera, tradizioen museo txiki bat dago, non antzinako herritarren eguneroko eta landako bizitzako objektuak erakusten diren.

Errege Kale aldapatsuaren amaieran, Gaztelua dago, ikuspegi ikusgarriekin. Erdi Aroko edozein hiribildu errespetagarritan nola, gaztelua muino baten gainean dago, inguruan dagoen guztia zaintzen, batez ere Odol Harana, toki enblematikoa; eremu horretan, gudu odoltsu bat izan zen, eta, kondairaren arabera, bertan “galdu zuen danborra Almanzorrek”.

Bai gaztelua, bai hura inguratzen duen harresia ingurune natural inbidiagarri batean daude. Herri xarmangarri honen inguruetan sabinazko basoak daude, eta haien zurez eraiki ziren herriko etxeak. Herritik 5 kilometro eskasera, Abion ibaiaren sorrera bisita dezakegu, La Fuentonan (Muriel de la Fuente), landaretza oparoa duen toki ederrean. Uztailean Santa Isabel jaiak izaten dira –bertako zaindaria da–, eta irailean, berriz, herriko jaiak, Amparoko Santo Kristoren omenez. Abuztuan, Erdi Aroko musika ekitaldiak antolatzen dira, eta, azaroan, Mozarabik Jardunaldiak egiten dira. Gastronomiari dagokionez, arkume edo txerrikume errea dira bertako plater nagusiak.