Duela urtebete eskas jaio den euskarazko musika elektronikoko proiektu berria da Zetak. Pello Reparaz arbizutarra diziplina anitzeko haur honen aita da: 2019ko ekainean, Errepidean singlea argitaratu zuen, eta, abenduan, bere lehen albuma, Zetak izenekoa. Alabaina, bere urte eskasak ez dio Reparazi eta bere taldeari eragotzi Zetak Euskadin gehien entzuten diren musika talde arrakastatsuen artean kokatzea. Izan ere, astero Euskadi Gazteak egiten duen zerrendako lehen kanten artean dago.
Zein da Zetak taldearen abestien jatorria?
Ez naiz kantu zaharrak berreskuratzeko oso laguna, eta, aurrera begiratzeko gogo horretan, nahiago dut proiektuaren asmo artistikoari egokitzen zaizkion kantu propio berriak sortu. Kasu honetan, esango nuke kantu horien ezaugarririk bereziena dela haien protagonistak pertsonaiak direla, ez direla nik bizitako gauzak. Litekeena da abesti batzuetan nire barruan ditudan gaiei buruz aritzea, baina beste pertsona batzuei aplikatzen zaizkie. Horrela, egiaren aurrean libreago sentitu naiz, istorioak kontatzeko erabat libre.
Zein muga estilistiko ezarri zenituen Zetak taldearen abestietarako?
Urte batzuk daramatzat dagoeneko kantuak konposatzen eta ekoizten, eta oso argi nuen gauzak modu ezberdin batean egin nahi nituela. Gainera, zorra nuen musika elektronikoarekin, “armairutik behin betiko atera” nahi nuen; Vendettan, bere ardatz estilistikoa musika jamaikarra zenez, baziren elementu batzuk musika elektronikoari parez pare ateak irekitzen uzten ez zidatenak. Horregatik guztiagatik, sormen lan guztia, letrak izan ezik, noski, elektronikatik abiatu da, nahiz eta erabaki hori letretan ere nabarmen utzi. Horregatik, esan daiteke ekoizpenak eta soinu elektronikoek eta nolabait modernoagoek ere eragina izan dutela kontzeptuan eta letren norabidean, diskoaren auran.
Musika elektronikoa lantzen duzun aldetik, abestia konposatzerakoan hamaika aukera dituzu aurrean. Bertigoa sentitzen duzu halakoetan? Hainbeste aukera izanik, bide batzuk jorratzea beste batzuk bazterrean utziz ez da erabaki erraza izango. Nola moldatzen zara halakoetan?
Niretzat oso garrantzitsua da soinu identifikagarria izatea, eta rock talde bat izateak nortasun indartsu eta propioa lortzea errazten dizu; izan ere, bateria-jotzaileak bateria bat dauka, gitarrak gitarra bat eta baxuak baxua. Aitzitik, elektronikan sekulako askatasuna dago, eta aukerak amaigabeak dira. Hain zuzen ere, horregatik uste dut elektronikako proiektu eta disko askok arazo bat dutela: denetarik erabiltzen dute, paleta amaigabe horren artean, eta ez dute nortasun bat garatzen, taldea ez da identifikagarria bi konpas entzuten dituzunean. Niri gustatzen zait disko bat homogeneoa eta identifikagarria izatea.
Eman dituzue zuen lehen kontzertuak. Nola eramaten duzue zuen proposamena agertokira?
Lau musikari gara oholtza gainean. Hasteko, Leire Colomo iruindarra. Perkusioak jotzen ditu, tartean txalaparta, diskoan oso presente dagoena, bateria modulu batekin, eta midi xilofono bat ere erabiltzen du, doinu elektroniko asko jotzen dituena. Gorka Pastor ere Iruñekoa da, eta Virus TI2 sintetizadorea jotzen du, diskoaren ardatz harmonikoa dena, pianoaz gain, Mininova batekin, arpegioren batekin… Teklez arduratzen da, eta oso garrantzitsua da proiektuan. Erritmoari dagokionez, Iban Larreburu dago, Baionakoa. Bateria hibrido bat jotzen du, non elementu organiko batzuk eta beste elementu elektroniko batzuk batzen diren. Gainera, nik instrumentu horietako asko jotzen ditut, eta denok mugitzen gara batetik bestera eszenan: Leire bateria jotzera mugitzen da, Iban Leireren tokira pasatzen da perkusioetara, ni Gorkaren postura eta bateria jotzera… Oso proiektu dinamikoa da alde horretatik, eta oso pozik nago zuzenekoen planteamenduarekin. Jendeari ere asko gustatu zaio; beraz, bide horretatik jarraituko dugu.
Zuen egitasmoaren alderdi guztiak asko zaindu dituzue. Bai bideoklipak, ezkutuko kontzertuak, gizarte-sareen erabilera… Oso neketsua egiten zaizue proiektuaren atal horiek guztiak ondo zaintzea eta uztartzea?
Musika talde gisa baino gehiago, diziplina anitzeko proiektu artistiko gisa ulertzen dugu Zetak, eta ahalegin handia egin dugu norabide horretan. Musika da ardatz nagusia, inolako zalantzarik gabe, baina ahalegin nabarmena egin dugu bideoklipetan, diskoaren diseinuan, merchandaisingean, webgunean eta sare sozialen erabileran. Garaiak asko aldatu dira. Musikaria jada ez da soilik musika jotzen duen pertsona bat, alor askotan lan egin behar duen norbait baizik, euskal musikan, behintzat. Ez badugu lanik egiten, proiektuak ez dira aurrera ateratzen, hori argi dago.