Aitor Tejedor, antzezlea: “Zailagoa da haurrentzako pertsonaiak lantzea”

Lasartearrak hamaika ikuskizun eta antzezlanetan hartu du parte, eta azkena Adi! YouTubeko haurrentzako kanalean dago ikusgai. Hementxe ba! websaileko bi denboraldietan hartu du parte; lehenengoan, gainera, protagonista nagusia izan zen. Film labur ugari ere grabatu ditu, eta Sorginaren heriotza da ekoiztu duen azkena.

Nolakoak izan ziren zure hastapenak antzezle gisa?

Antzerki munduan oso gazte hasi nintzen, hamar urterekin, Lasarte-Oriako antzerki talde batean eta eskolaz kanpoko jarduera gisa. Egia esan, oso gustura joaten nintzen. Garai polita izan zen. Urtero antzerki-lan bat prestatzen genuen. Hasieran, auzoko garajeetan egiten genituen entseguak, eta, ikasturte amaieran, auzoko festetan eta beste herri batzuetan antzezlan bat aurkezten genuen. Gero, herriko antzokian entseguak egin eta antzezlanak aurkezteko aukera izan genuen. Sekulako aldaketa izan zen hori. Sei urtez egon nintzen talde horretan, eta bertan landu nituen, besteak beste, antzezpen teknikak, gorputz adierazpena edo klowna. Nire kasuan, beti izan dut familiaren babesa eta laguntza. Esan didate egiten dudanarekin gustura egon behar dudala, eta nik antzerkiarekin gozatzen dut.

Beste aktore askok bezala, interpretaziorako duzun grina eszenatik kanpo oso bestelako lan batekin uztartu behar duzu nahitaez. Nola bizi duzu egoera hori?

Nik osasungintzan egiten dut lan. Jende askok uste du aktore izatea oso polita dela eta primeran bizi zaitezkeela. Baina errealitatea oso bestelakoa da, aktore ospetsua ez baldin bazara, behintzat. Grabaketek lanordu luzeak, bidaiak eta, kasu askotan, familia eta lagunengandik urrun egoteko prest egotea eskatzen dute. Gaur egun, kultura arloan ere murrizketak egon dira, eta horiek eragina dute aktoreen lan-baldintzetan. Egonkortasun txikia dago sektorean, eta jende askok ez du gure lana behar bezala baloratzen. Beraz, nire kasuan, zoritxarrez, ez nuen bideragarria ikusten soilik interpretaziotik bizitzea.

Errezitatzailea, websailetako eta film laburretako aktorea, Adi! haurrentzako kanaleko protagonista… Zein izan da gogokoen izan duzun papera?

Galdera zaila da hori. Nik pertsonaia guztietatik ikasi dut zerbait, eta hori beti positiboa da, pertsonalki ere laguntzen dizulako. Baina onartu behar dut asko gozatu nuela Hementxe ba! websaileko Telmo pertsonaiarekin, nahiz eta lan-karga handia ekarri zidan. Eta azkenaldi honetan, Adi! pertsonaiarekin ere asko gozatzen ari naiz.

Orain dela urtebete inguru Adi! egiteari ekin zenion. Zaila egin zaizu haurrei bideratuta dagoen pertsonaia baten azalean sartzea?

Egia esan, niretzat Adi! erronka bat izan da. Alde batetik, ez nuelako inoiz haurrei zuzendutako pertsonaia bat landu; eta, bestetik, proiektua proposatu zidatenean, aktore gisa garatu eta haurrentzako edukiak euskaraz sortzeko ekarpen interesgarria egingo nuela iruditu zitzaidan. Hasieran zaila izan zen pertsonaiaren azalean sartzea. Gauza asko dira: ahotsa, karakterizazioa, keinuak, hizkera… Baina, poliki-poliki, gero eta gusturago ikusi dut neure burua pertsonaiarekin eta proiektuarekin. Eta publikoaren harrera ikusita, oso pozik nago. Egia esan, irrikan nago Adi!-ren kapitulu berriak grabatzeko.

Hementxe ba! websaileko lehenengo denboraldiko protagonista izan zinen. Nahiago dituzu gazteentzako edukiak ekoiztu, edo haurrentzako grabatzen gusturago zaude?

Nire ustez, zailagoa da haurrentzako pertsonaiak lantzea, aktore gisa lan gehiago eskatzen baitute. Baina, egia da, batzuetan, gazteei zuzendutako edukiekin ez dakizula asmatuko duzun ala ez. Niretzat oso publiko zorrotza da. Egia esan, nahiago dut haurrentzako edukiak grabatu. Eta, gainera, uste dut Euskal Herrian haurrei zuzendutako ikus-entzunezko produktuen arloan asko dagoela egiteko. Baina, horretarako, ezinbestekoa da administrazioak proiektu berriei dirulaguntzak bideratzea.

Antzeztu dituzun pertsonaia askok ukitu komikoa dute, baina Hementxe ba! websaileko bigarren denboraldian zure alde serioa ezagutzeko aukera izan genuen. Zein da gogokoen duzun erregistroa?

Galdera proposatzen ari zinela gogoratu dut antzerkiko irakasle batek esaten zidala komediarako aurpegia nuela. Baina nire bizitzan serioa naiz, eta horrek kontraesana sorrarazten zidan. Denboraren poderioz, konturatu naiz gustura aritzen naizela ukitu komikoa duten pertsonaiekin, baina, egia esan, ez dut komedia soilik landu nahi. Beste erregistro batzuk lantzea ere aberasgarria da.