Pablo Hasél, artista eta musikagilea: “Harro nago esandakoaz eta ez naiz damutzen”

Ziurrenik Pablo Rivadulla Duró izen-abizenak ezezagunak izango dira guretzat. Baina Pablo Hasél bere izen artistikoa aipatzen badugu, berehala etorriko zaigu burura Lleidan orain dela 32 urte jaio zen artistaren aurpegia. Sistema zorroztasunez kritikatzen duen rap-kantari komunista honek Espainiako erregimen politiko eta judizialaren intolerantzia eta errepresioa zuzen-zuzenean jasan izan ditu, eta jada lau urte eta bi hilabeteko kartzela zigorrak ezarri dizkiote.

Kartzelara artista gehien kondenatu dituen herrialdean bizi zara. Izan ere, Espainian guztira 15 musikarik espetxe zigorrak dituzte, munduko beste edozein herrialdetan baino gehiago…

Halaxe da. Datu objektiboa da. Beste batzuk bezala, ni ere kondenatu naute Francoren oinordekoei buruzko egia azaltzeagatik, hala nola monarkiari buruzkoa. Espainiako estatua Europako estaturik erreakzionarioena da, eta horren azalpena erraza da: faxismoa ez zen armen bidez garaitua izan, eta benetako boterea frankismoren garaiko berberek dute oraindik ere: oligarkia, auzitegiak, armada eta gorputz errepresiboak, besteak beste.

Hortaz, zein da trantsizioari buruz duzun iritzia?

Trantsizioaren bidez faxismoa eraberritu egin zen, ezkutuago bihurtu zen hobeto engainatzeko, eta, aurre egiten zionik ez zegoenez, indarkeria irekia alde batera utzi zuten, ez zutelako halakorik behar. Baina gu menderatuta edukitzen jarraitzeko, adierazpen-askatasuna ere ukatzen jarraitzen dute.

Hirugarren Errepublika ezagutuko dugula uste duzu?

Bai, eta uste dut kaleetan borroka handia dagoenean erregimenak monarkia gainetik kenduko duela aldaketa bat saltzeko, nahiz eta berdin jarraitu. Boterea langileena izango den Herri Errepublika aldarrikatzen dut.

Eta langileen botere hartze horrek nolakoa izan beharko luke?

Nire ustez, irtenbidea lantokietan eta unibertsitateetan, auzo eta herrietan eta abarretan antolaketak eratzea da, egungo erakundeetatik kanpo. Nik PCE (r) alderdian hartzen dut parte, baina legez kanpokoa da. Estatuak benetako jarrera iraultzaileak eragozten ditu.

Lau urteko kartzela zigorra pentsatzen duzuna abesteagatik. Nola bizi duzu egoera hori?

Alde batetik, indartsu sentitzen nahiz. Bestetik, inpotentzia handia sentitzen dut bizi dudan bidegabekeria handiagatik. Eta triste ere sentitzen naiz, halako gertakizunen aurrean elkartasun asko falta delako.

Zigorra handitu al daiteke?

Bai, gerta liteke. Urte gehiago izan daitezke beste zigor batzuengatik, musikatik haratagoko borrokengatik aurkeztu ditudan helegiteen ebazpenen zain nagoelako. Gerta liteke, halaber, zigorretan atzera egitea, elkartasuna areagotzen bada, edo, besterik gabe, ni espetxeratzea interesatzen ez zaielako. Kartzelan sartzen banaute, egoera ezerosoan geratuko lirateke.

Zer uste duzu aurkituko duzula kartzelan?

Preso politiko bati ematen dioten tratua preso arruntek jasotzen dutena baino gogorragoa da. Ez dakit zein kartzelatara bidaliko nauten, nire etxetik urrunenera eraman nazakete. Agian isolamenduan egongo naiz: espetxeko egoerarik gogorrena. Presondegietako funtzionarioen aldetik ere ez dakit zer nolako tratua izango dudan. Beste presoekiko harremanari dagokionez, ez dut inolako beldurrik, ezta antzeko ezer ere. Arriskutsuak kartzelariak izango dira, eta ez presoak.

Zure oinarrizko eskubideak urratu dituzte?

Nireak ez ezik, guztionak. Guztion eskubideen aurka ari dira, faxistenak eta haien laguntzaileenak izan ezik. Faxistek adierazpen-askatasuna bermatuta dute, bai eta guri ukatzen dizkiguten beste askatasun eta oinarrizko eskubide batzuk ere. Ezin dugu hau indibidualismotik aztertu; batzuon aurka doaz, gizarte osoa izutzeko asmoz.

Demokrazian bere ideia politikoengatik preso egon daitekeen lehenengo artista izango zara. Erregimena ausartuko al da zu espetxeratzera?

Edozer gerta liteke. Presio soziala handia bada, ba agian ez naute espetxeratuko. Gero eta nabariagoa da, eta Katalunian bereziki egoera asko aldatu dela nabaritu dut, erreferendumaren ostean gertatutako guztiagatik. Abestiak egiteagatik 2011n atxilotu ninduten lehenengo aldiz, baina, orain, egoera oso bestelakoa da.

Egin zizuten beste elkarrizketa batean adierazi zenuen Estatuak zu erbesteratu zaitezen nahi duela…

Eta hala da. Nire lehenengo zigorra ezarri zidatenean, bi urteko kartzelakoa, ez zidaten Estatutik irteten uzten. Orain, lau urteko espetxe zigorra dut, beste auzi batzuk irekita dauzkat, baina Estatutik nahi dudanean irten naiteke, ez didate inolako trabarik ipini. Bi aldiz izan naiz Belgikan eta behin Venezuelan, eta bertara erbesteratu nintekeen. Nik alde egitea nahi dute, beraientzat arazo bat naizelako. Ni espetxeratuta, prezio bat ordaintzen dute, hemengo eta beste herrialde batzuetako lagun asko beren kontra jarriko baitituzte.

Monarkiaren aurkako txio eta letrek merezi izan al dute?

Arazo larriak ekarri dizkidate. Ateak itxi dizkidate, baina harro nago esandakoaz eta ez naiz damutzen.