Ane Barrenetxea (abeslaria), Janire Lopez (baxu-jotzailea, teklatu-jotzailea eta koruak), Julen Gilbert Wright (gitarra-jotzailea) eta Esteban Gabiria (bateria-jotzailea) musikariek osatzen dute Sua taldea. Joan den urtearen amaieran Euskadi Gazteako maketa lehiaketa irabazi ostean, euskal musikaren lehen lerrora jauzi egin zuen taldeak. Abenduan aurkeztu zuten Ordu Beltzak izeneko lehen diskoa (Airaka, 2019), euskal rockarentzat haize freskoko izpia izan dena.
Nola jaio zen Sua?
Sua Ane eta Janire izaten hasi ginen. Gure aurreko proiektuan ezagutu genuen elkar, eta, inguruko baldintzak zirela medio, utzi egin behar izan genuen. Kulerotan geratu ginen; talderik gabe, izenik gabe, kanturik gabe. Geure musika sortu eta interpretatzearekin amets egiten genuen, eta, orduan, ondo egin nahi genuen. Huts egindako saiakera askoren ondoren, Esteban eta Julenekin topo egin genuen. Berehala konektatu genuen, eta denbora gutxian familia txiki bat bihurtu gara.
Zuen abestietan rocka, indiea, post-punka… uztartzen dituzue. Nola definituko zenukete zuen soinua?
Ez ditugu etiketak gogoko, eta gure erreferenteak zeintzuk diren galdetzen digutenean, inoiz ez dakigu ondo zer esan. Talde asko miresten ditugu eta denetarik entzuten dugu. Gure soinua, oro har, iluna eta gogorra da, gure konposizioak inprobisaziotik abiatzen dira, eta bi elementu horiek inoiz falta ez daitezen saiatzen gara.
Zuen iragan komuna, sorlekua, soinua eta formazio mistoa direla-eta, Belakorekin alderatzen al zaituztete?
Belako lankideak dira, eta asko miresten ditugu betidanik, baina haiekin alderatzeak apur bat nekatzen gaitu. Ulertzen dugu, eta alde batetik gustatzen zaigu, ondo ari garela esan nahi duelako, baina, beste alde batetik, bereizi egin nahi genuke. Ez gara etorri kopiatzera edo inor izan nahi izatera, Sua gara, eta eragin berdinetatik edaten badugu ere, guk geure soinua eta nortasun propioa dugula pentsatzea gustatzen zaigu.
Zer garrantzi du feminismoak Suan?
Guk feminismoa defendatzen dugu, eta musikak ematen digun ahotsa erabiltzen dugu entzunarazteko. Ez dugu letrarik idazten ondo gelditzeko; abesti bakoitzak istorio bat kontatzen du, eta, batzuetan, aldarrikapen argia dago, Ordu Beltzak, Reddish edo Shake It Out abestietan, esaterako. Zaila da rocka bezalako generoetan emakumeak aurkitzea, eta are zailagoa bateria, baxua edo gitarra elektrikoa jotzea. Sua sortu zenean, gure asmoa neska talde bat sortzea zen, baina ezinezkoa izan zen. Gustatuko litzaiguke emakumezko erreferenteei ikusgarritasun handiagoa ematea, batez ere gu mugitzen garen musika estiloan, gaur egungo neskak inspiratzeko.
Zer sentitu zenuten iaz musika zerrendaren postu gorenetan zeundetela jakitean?
Ilusio handia egin zigun. Azkenean, lanordu askoren aintzatespena da, eta jendeak gure proposamenak gogoko dituela jakiteak pilak kargatzen dizkigu; eskertzen da. Gaztea Maketa Lehiaketa irabazteak ikusgarritasuna ematen dio taldeari, eta horrek beti laguntzen du.
Euskaraz eta ingelesez abesten duzue…
Anek ingelesez abesten zuen, eta, hasi ginenean, bera erosoago sentitzen zen hizkuntza horretan kantatzen. Baina Zapatu gaua abesten hasi ginenetik, euskara gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen joan da guretzat, eta oso gustura gaude euskaraz abesten dugunean.
Zer deritzozue Euskal Herriko musika panoramari?
Ez da erraza zirkuituan sartzea, eta are gutxiago hasten ari zarenean. Baina, zorionez, Euskal Herrian eszena musikal handia dugula esan dezakegu. Gainera, gero eta ekitaldi edo jaialdi gehiago ateratzen ari dira, eta hori eskertzekoa da. Faltan botatzen duguna nazioarteko taldeen kontzertuak dira. Normalean, jaialdiren batean sartu arte itxaroten dugu, eta aretoetara etortzea gustatuko litzaidake, hori baita zaila. Askotan, bira europarrak iragartzen dituzte, eta, ondoren, Britainia Handitik eta Alemaniatik igarotzen dira soilik. Lauroi asko gustatzen zaigu kontzertuetara joatea; beste talde batzuk zuzenean ikusten gozatu egiten dugu, eta hori beti da ikaskuntza bat.
Nola grabatu zen diskoa?
Gure Sua EPA Urtzi Izarekin grabatu genuen, eta Ordu Beltzak Haritz Harreguyrekin, bere estudioan. Bi esperientzia erabat desberdin izan dira, baina biak oso aberasgarriak. Urtzi ezagutzen genuen, eta hasi eta berehala bere estudioan grabatzea eskaini zigun. Detaile bakoitza zaintzeko behar beste denbora eta mimo eskaini ahal izan genion, eta Urtzi horretan crack bat da. Haritz, ordea, ez genuen ezagutzen, eta plazer handia izan da; etxean bezala sentitu gara diskoa grabatzen, eta emaitzak liluratu egin gaitu. Gainera, Cliff abestian Antton Goikoetxearen (Lukiek) laguntza izan genuen.
Zer esan diezagukezue diskoaren azalari buruz?
Egilea Garazi Arano da. Instagramen ezagutu genuen, eta bere estiloak asko erakarri gintuen. Ez genuen ideia argirik, eta nahi zuena egiteko aukera eman genion. Bikaina izan da berarekin lan egitea, eta Ordu Beltzak diskoaren azalean adierazi nahi genuena ondo azaldu duela uste dugu.