Euskal gazteria, solidarioena eta konprometituena

Historian lehen aldiz, gizarteak osasun-krisi baten ondoriozko alarma-egoera bati egin behar dio aurre. Ez da aurretik inoiz izan konfinamendu egoerarik, ezta etxetik ohi genuen askatasunarekin irteteko debekurik ere.
Urtarrilaren amaieran, Alemaniako turista batengan COVID-19aren lehen kasua erregistratu zen La Gomera uhartean. Hori izan zen kasu bakarra hasieran. Otsailaren 25ean izan zen gaixotasun horren lehen kasua penintsulan, eta, hortik aurrera, kutsatutakoen kasuak modu esponentzialean ugaritu ziren, apirilaren hasieran gorenera heldu eta egungo egoerara iritsi arte.
Pandemia honen kronologiak eboluzionatu egin du kutsatu eta hildako kopuruaren arabera, eta COVID-19aren gero eta kasu gehiago zeudela ikusita, Gobernu zentralak alarma-egoera deklaratu zuen martxoaren 14an. Ondorioz, kutsatuen kopurua murrizteko neurrietako bat izan zen konfinamendua.

Eusko Jaurlaritzaren Guztion artean Plana
Mundu mailako krisi honen hasieratik, euskal gazteriak bere jarrera hartu du eta aurpegirik adeitsu eta solidarioena erakutsi du. Epidemiaren hasieran, euskal gazteen % 40k euskal boluntarioen sareren batean izena emana zuen edo izena emateko asmoa zuen, edo laguntza eskaini zien gertuko bizilagunei edo egoera ahulean dauden pertsonei, bereziki adinekoei edo inoren beharra dutenei. Mar­txoan, Eusko Jaurlaritzak ekimen solidarioak susta­tzeko eta laguntzeko plan bat egin zuen; ez gazteen artean bakarrik, baizik eta herritarren artean, oro har, oinarrizko eta behar-beharrezkoak diren lanak egiteko adinekoei, gaixotasuna harrapatzeko arrisku handiena duten biztanleei, bakarrik bizi diren edo inoren beharra duten pertsonei eta beren etxeetatik irten ezin diren pertsona asintomatikoei. Guztion Artean Plana sortzeko helburua tresna bakar bat bultzatzea izan zen, behar handienak zituzten biztanleen beharrak bideratzeko eta, aldi berean, haiengan eta laguntza eman ziezaieketen boluntarioengan beharrezkoak ez ziren osasun-kalteak saihesteko. Plan solidario horri Gizalde (Gipuzkoa), Sartu (Araba) eta Bolunta (Bizkaia) elkarteen laguntza ere gehitu zitzaion, baita hirugarren sektore sozialeko sareen sarea (Sareen Sarea) eta Boluntariotzaren Euskal Kontseilua ere.

Euskadiko gazteen arteko elkartasuna
Eusko Jaurlaritzak diseinatutako plan horretaz gain, euskal gazteek modu desinteresatuan, motu proprio eta ia osasun-krisi honen hasieratik, aldi berean beste plan bat hasi zuten, etxean ibiltzea baino, eta paper bat, boligrafo bat eta arreta pixka bat baino ez zen behar izan plana abian jartzeko. Hasiera-hasieratik, gazteak antolatu egin ziren, beren baldintza eta ezaugarri pertsonalengatik e­txetik alde egitea ezinezkoa edo oso zaila zitzaien auzokideei eguneroko zereginetan laguntzeko.
Koronabirusaren krisiak eragin zuen lehen erreakzio solidarioetako bat izan zen: gazteek blokeko adinekoei mandatuak egitea eskaini zieten, etxetik irten ez zitezen eta supermerkatura erostera joateko, txakurra paseatzera ateratzeko edo botikak erostera farmaziara joateko esposiziopean egon ez zitezen.
Arraroa da krisialdi honetan igogailuan edo atarian interesik gabeko eskaintza hori iragartzen duen kartel bat ez duen komunitate bat topatzea. Horrelako zerbaitekin bat egitea ideia bera bezain erraza izan zen. Euskal gazteek ondo jakin dute horrelako egoera baten aurrean maila onari eusten. Garrantzitsua eta beharrezkoa da haien inplikazioa aitortzea eta eskerrak ematea beren aletxoa ekarri duten eta aurrekaririk gabeko keinu solidario baten bidez hainbeste lagundu duten gazte guztiei.