Udako hizkuntza ikastaroak

Koronabirusak eragindako pandemia dela-eta, ez dakigu udan zer-nolako aukerak izango ditugun atzerrira bidaia­tzerakoan eta hizkuntza ikastaroak kontratatzerakoan. Baina, tira, badaezpada ere, hona hemen atzerrira hizkuntzak ikastera bidaiatu nahi duzuenontzako aholku sorta txiki bat.

Zure helmuga zure aliaturik onena izango da
Pertsona bakoitzak muga gaindiezinak ditu. Pentsatu zeintzuk diren zureak. Klima? Janaria? Alde horretatik, Euskadin bizitzea baino gauza hoberik ez dago, baina esperientzia politak bizi ditzakezu beste herrialde eta hiri batzuk ezagutuz. Sumingarria izan daiteke eroso sentitzen ez zaren hiri batean bizitzea. Beraz, ez hartu erabakia arinki, eta ondo hautatu.

Zentimo bakar bat ordaindu aurretik, ziur egon zer eta norekin kontratatzen duzun
Oso-oso merkeak diren eskaintzen atzean iruzurra egon daiteke. Eta garestiak direnak ez dira, nahitaez, onenak izan behar. Horregatik, merkatuak eskaintzen diguna ondo aztertu behar dugu, sosak aurreratu nahi baditugu. Prezioak eta, ahal bada, aurrekariak ondo ezagutu: ikastaro horretan zure aurretik parte hartu duten beste ikasle ba­tzuen iritziak irakurri, ikastaroaren ahuleziak eta indarguneak, prezioan sartzen dena eta sartzen ez dena… Ez ahaztu ez dela gomendagarria ikastaro osoa aldez aurretik ordaintzea, are gutxiago aukeratu dugun akademia oso ezaguna edo konfiantzazkoa ez bada.
Hizkuntza zentroa zure beharretara egokitu dadila
Oro har, atzerriko hizkun­tza-eskolek oso instalazio onak izaten dituzte, eta zerbitzuen kalitatea ere bikaina izaten da; hala ere, haien arteko desberdintasunak aintzat hartu behar dituzu, eta, horren arabera, zure aukera egin. Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat akademia bakoi­tzera joan ohi den ikasle mota da; ez da gauza bera 18 urteko gazte bat izatea eta negozioetan ingelesa ikasi nahi duten profesionalez betetako akademia batean bukatzea, edota heldua izatea eta ikasle guztiak bere seme-alabak izan daitezkeen gela batean amai­tzea.

Planteatu zer ostatu bilatzen duzun
Hiru ostatu mota nagusi daude: familia natiboak, ikasleen egoitzak eta etxe partekatuak. Horietako azkena soilik egonaldia oso luzea izango bada da gomendagarria.
Familiak perfektuak dira tokiko hizkuntzarekin moldatzeko eta benetan erabil­tzeko, baina batzuetan oso serio hartzen dute familia terminoa, eta zurekin joaten dira zoazen leku guztietara. Ikasleen egoitza batek, aldiz, askatasun handiagoa ematen dizu, baina joera izaten da beste euskaldun batzuk ezagutzea, kuadrilla osatzea eta, orduan, berdin dio Londresen edo Gasteizen egon, ikasi nahi duzun hizkuntza bigarren maila batera pasatzen baita.

Gaixotzen bazara, nork zainduko zaitu? Dena lotuta utzi zure helmugara iritsi aurretik
Europako osasun-txartelarekin oinarrizko osasun-beharrak beteta dituzu osasun publikoa duten herrialdeetan. Hala ere, osasun pribatua besterik ez duen herrialde batean bazaude, dirutza mordoa eskatuko dizute medikuarenera joateagatik. Beharrezkoa bada, zure ongizatea estali dezakeen osasun-aseguru bat kontratatu.

Agiriak ez ahaztu, dokumentaziorik gabe ez zara inor
Herrialde bakoitzak dokumentu batzuk eskatzen ditu.
Normalean, NANarekin edo pasaportearekin nahikoa izaten da; bisa bat edo agiri ziurtatuak eta sinatuak behar badituzu, ondo prestatu.

Beti da hobe prestatuta joatea
Herrialde batera lehen aldiz iristea, inor ezagutu gabe, bertako kale bakar baten izena jakin gabe eta ziurrenik hizkuntza oso gutxi menperatuz, estresagarria izan daiteke lehen egunetan. Hobe da ez inprobisatzea eta plangintza argi bat izatea, lehen egunetan behintzat. Gezurra dirudi, baina denbora oso azkar pasatzen da, eta aprobetxatzen ez duzun guztia galdu egingo duzu.

Ikasketekin hasterakoan, zure abiapuntuak zure benetako oinarrizko maila izan behar du
Hizkuntza-akademia guztietan, lehen eskola-egunean, maila-proba bat egiten diete ikasleei, zenbat dakiten jakiteko, eta jakintzaren arabera klaseetan banatzeko.
Urrats hori erabakigarria da zure ikaskuntzarako; izan ere, azkarrago aurrera egiteko eta ikaskideen mailarekin bat datorren erritmoari eusteko aukera ematen dizu, eta hori funtsezkoa da motibazioa ez galtzeko eta lehen egunetik azkenera ikasteko gogoari eusteko. Horregatik, ez gezurrik esan, ezta proba prestatu ere, azterketa balitz bezala. Onena zure oinarrizko mailan kokatzea da.