Bastidan ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren antolakuntza abian da

Bastidan ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren antolakuntza abian da

‘Hazitik gora!’ goiburupean ekainaren 6an Bastidan (Araba) ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren lantaldeak abiatu ditu antolakuntza lanak. Bertan parte hartzen dute Arabako Errioxako sei ikastetxe publikoek, hau da, Bastida, Eltziego, Lantziego ikastola, Ramiro de Maeztu eskola (Oion), Victor Tapia eskola (Laguardia) eta Samaniego institutuak (Laguardia).

EHIGEko iturriek jakinarazi dutenez, jakitun dira aurten ezingo dela jai jendetsurik egin, baina argi zuten “Bastida eta Arabako Errioxako eskola publikoek aitortza behar zutela egiten ari diren lan itzalagatik, eta guretzat urtero egiten dugun jaia da aitortzarik handiena”.

Dena dela, nabarmendu dute ez direla “zerotik hasten”. Izan ere, duela urtebete oso aurreratua zegoen egitaraua eta egungo egoerara egokitzea dagokie datozen hilabeteetan.

Azkenik, EHIGEtik jakinarazi dute apirilaren amaieran aurkeztuko dituztela aurtengo jaiaren abestia eta bideoa, txoko guztietara iritsi dadin ‘Hazitik gora!’ jaia.