Jaurlaritzak dio mugikortasunaren “murrizketak” martxoan eta apirilean ere izango direla beharrezkoak

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du martxoan eta apirilean ere beharrezkoa izango dela mugikortasunaren inguruko “neurri murriztaileak” mantentzea, koronabirusaren hedapena eragozteko “zuhurtasun handiena” izatea beharrezkoa delako.

Datozen asteetan covid-19aren aurkako neurri prebentiboak malgutzearen edo mantentzearen inguruan dagoen eztabaida izan du hizpide Sagarduik asteazken honetan, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean astero egiten duen agerraldian.

Azaldu duenez, Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde arteko Kontseiluak asteazken honetan bertan egingo duen bileran Aste Santurako egungo murrizketak aldatzeko aukera aztertuko dutela “aurreikusi” daiteke.

Edonola ere, Osasun sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak “hemen eta orain” duela arreta jarrita, eta “zuhurtasunik handiena” mantentzearen alde agertu da.

Horrela, Sagarduik iritzi dio martxoan eta apirilean ere beharrezkoak izango direla mugikortasunaren inguruan indarrean dauden “neurri murriztaileak”.