Gaizka Corrales Expósito, Bidaiaria: “Dena arrazoiren batengatik gertatzen dela ikasi dut”

GAZTEA IZAN ARREN, GAIZKAK MUNDUKO HAINBAT TXOKO EZAGUTZEKO AUKERA IZAN DU. HAINBAT HERRIALDEETAN EGON ONDOREN HAUSNARKETAK ETA
ESPERIENTZIAK PARTEKATZEN DITU. IZAN ERE, ARGI DAUKA BIDAIATZEA EZ DELA ARGAZKI EDERRAK BILTZEA SOILIK

X.G. //
Gaizka, nor zara gaur egun eta zerk bultzatu zintuen munduan zehar bidaiatzen hastera?

Hainbat zaletasun dituen mutil arrunt bat besterik ez naiz, eta horietako bat bidaiatzea da. Baina bidaiatzeaz gain, herrialde bakoitzean dauden pertsona on guztiak ezagutzea da benetan gehien gustatzen zaidana.

Hain herrialde desberdinak ezagutu ondoren, zer ikasi duzu zeure buruari buruz etxean geratuta inoiz ikasiko ez zenukeena?
Bakarrik bidaiatzen hasi nin-tzenean, lehenik eta behin bakardadearekin ondo egoten ikasi nuen, eta nire buruarekin igarotzen dudan denboraz gozatzen ere bai. Gainera, dena arrazoiren batengatik gertatzen dela ikasi dut, eta gauza txar baten ondoren beti etortzen dela zerbait hobea.

Baina Ghanan ikasi nuen gauzarik garrantzitsuena da daukadana baloratzen jakitea eta horretaz gozatzea. Horixe da gehien harrotzen nauen ikasgaia.

Zein izan da zure aurreiri-tziak gehien hautsi dituen herrialdea, eta zer ikasi zenuen han?

Ghana, zalantzarik gabe. Beldur handiarekin joan nin-tzen, nahi gabe ere aurreiritzi batzuk dituzulako eta arrisku-tsua izango dela pentsatzen duzulako. Baina guztiz kontrakoa izan zen.

Seguruen sentitu naizen herrialdeetako bat izan da. Han ikasi nuen daukadana gehiago baloratzen, eta horrek nire zoriontasuna eta bizitza ulertzeko modua erabat aldatu zituen, bai orainean eta baita etorkizunari begira ere.

Europan, Afrikan eta Ekialde Hurbilean egon zara. Zein izan dira bizitza ulertzeko moduan gehien harritu zaituzten desberdintasun kulturalak?

Hiru kontinenteen arteko desberdintasunak izugarriak dira. Baina gehien irakatsi didatena pertsonen bizimoduak eta bizitza ulertzeko moduak izan dira. Oraindik ez dakit bizitzari buruz hainbeste, baina uste dut gaur egun edozein motatako pertsonekin harremanak izateko eta ulertzeko gaitasun handiagoa dudala.

Ghana, Turkia edo Arabiar Emirerri Batuak oso errealitate desberdinak dira. Zer dute komunean pertsona guztiek, jaiotzen diren lekua edozein dela ere?

Ghanako eta Turkiako jendeak antzekotasun handia du niretzat: etxean bezala sentiarazi naute.
Inoiz izan dudan harrerarik onena egin didaten herrialdeak dira. Aldiz, Arabiar Emirerri Batuei buruz ezin dut gauza handirik esan bertako jendeari dagokionez, bi hilabetez han bizi izan nintzen arren ez bainuen herrialdean jaiotako pertsona bakar bat ere ezagutu.

Gazte askok etengabe bidaia-tzea egiten dute amets. Zure esperientziatik, bidaia-tzeak libreago egiten gaitu ala bizitza beste modu batean ikusten irakasten digu?

Niretzat, gauza biak dira. Inoiz ez naiz orain bezain libre sentitu. Nahi dudana egiteko, gustatzen zaidana egiteko eta nahi dudan lekura joateko askatasuna daukat. Eta, noski, bidaiatzeak bizitza beste modu batean ikusten erakusten dizu. Niri, bakarrik bidaia-tzeak bizitza aldatu dit.

Sare sozialek bidaietako alderdirik ederrena erakusten dute askotan. Zer errealitate garrantzitsu geratzen dira pantailatik kanpo?

Nire ustez, sare sozialetan na-turaltasun handia galdu dugu. Jada ez dugu ia ikusten jendea esnatu berritan, edo bere benetako itxurarekin, filtro eta mozketa guztien atzean ezkutatu gabe.

Azken finean, hainbeste edizio, hainbeste bideo labur eta hainbeste biraltasun bilatzearekin, benetakotasun hori galtzen ari da, eta pena ematen dit.

Zein izan da bidaia batean izan duzun elkarrizketarik ustekabekoena edo eraldatzaileena?

Gehien markatu nauen elkarrizketetako bat Ghanan izan nuen, kalean lanean ari zen 14 urteko mutil batekin.
Bere ametsa unibertsitatera joatea eta irakasle izatea zela esan zidan. Baina ez zen inoiz eskolara joan, bere familia oso pobrea zelako eta kalean saltzen lan egin behar zuelako etxean laguntzeko.

Horrelako gauzak benetan ikusten dituzunean ulertzen dituzu. Lehenago entzuna nuen antzeko istorioak bazeudela, baina lekura joan, pertsona horiekin hitz egin eta haien errealitatea bertatik bertara ikusi arte ez zara benetan konturatzen.

Hainbat gizarte eta kultura ezagutu ondoren, zer egiten dugu bereziki ondo Euskal Herrian, eta zer ikasi genezake beste herrialde batzuetatik?

Nire ustez, Euskal Herrian gauza asko egiten ditugu oso ondo, hainbeste non zaila egiten zaidan bakarra aukeratzea.
Hala ere, zerbait nabarmendu behar banu, herri gisa dugun batasuna aipatuko nuke. Gaur egungo garaietan hori lortzea ez da erraza.

Ikasi beharreko zerbait aipa-tzekotan, agian jendea hain azkar ez epaitzea izango litzateke. Dena den, nire ustez, hori ez da Euskal Herriko arazoa bakarrik.

Gaur egun nagoen lekuan bertan, Helsinören (Danimarka), bizi ahal izango nintzateke lasai. Baina, egia esan, ez nuke Bilbo ezergatik aldatuko.

Amaitzeko, zure bidaia guztiek irakaspen bakar bat utzi badizute, zein izango litzateke?

Nork bere burua asko maita-tzea garrantzitsuena dela. Niretzat, ez dago hori baino osasuntsuagorik. Norbere burua onartzea, zaintzea eta baloratzea lehen urratsa da bizitzak eskaintzen dizun guztia pasioz, ilusioz eta gogoz bizi ahal izateko.