Hilabete honen amaieran eta urriaren hasieran, Tracking Bilbao itzuliko da Bilbora. Kultur eta aisialdiko hitzordu honek bere hamalaugarren edizioa biziko du eta zinemarekin, musikarekin, umorearekin, bertsolaritzarekin eta Internetekin lotutako eskaintza zabala bilduko du. Grison, Miguel Noguera, Rocio Saiz, La Basu, Carlo Padial eta Niña Coyote eta Chico Tornado izango dira, besteak beste, jardunaldietako bi egoitzetan: BBK Aretoan eta Bilborocken. Sarrerak salgai daude jada webgunean.
Kulturari eta Interneti buruzko jardunaldiak, Tracking Bilbao, Caosticak eta Borja Crespo ekoizle eta kultur kudeatzaileak antolatzen dituzte, eta irailaren 28tik urriaren 4ra egingo dira Bilborocken eta BBK aretoan. Aste osoa izango da, zinema, musika, podcast, umorea, bertsolaritza eta ilustrazio eskaintza zabalarekin.
Jardunaldietako proposamenen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Acción Mutante filma, zuzenean musikalizatua; Pizza Movies, Carlo Piadalek berriki Berto Romerok eta Judit Martinek interpretatutako filma; La Galerna, Ultrashow edo No es fácil ser Grison show-ak, eta La Basu, Rocío Saiz, Niña Coyote eta Chico Tornado taldeen kontzertuak.
Interneti lotutako eraldaketa kulturala
Bere hamalau edizioetan, Tracking Bilbaok Interneti lotutako eraldaketa kulturaletan interesa duen komunitate bat sendotu du. Bere proposamenak topaketak, kontzertuak, tailerrak, podcastak, proiekzio komentatuak eta ikuskizun hibridoak konbinatzen ditu, herritarrak, artistak, kultur eragileak, ikasleak, profesionalak eta komunitate sortzaileak konektatuz.
Tracking Bilbao Caostica Film Laburren Sustapenerako Elkarteak antolatzen du, komunikazio, ikus-entzunezko ekoizpen, diseinu grafiko eta pedagogiako profesionalek osatutako kolektiboa. “Duela 24 urtetik hona, Bizkaiko hiriburuan ikus-entzunezkoen kultura sustatzeko eta zabaltzeko, sormen-industria berriak babesteko eta sortzaileen, sustatzaileen, ikasleen eta publikoaren arteko topaguneak bultzatzeko lanean ari gara”, azaldu dute elkartetik.
