Duela urtebete eztanda egin zuen pandemiak iazko edizioa bi unetan zatitzera derrigortu arren, Loraldia festibalak paparra atera eta programazioa berreskuratu zuen irailean, zailtasunak zailtasun balorazio positiboarekin bukatzeko. Urterik urte indarberritzeko duen griñari uko egin gabe, aurten, Sormenari zor lemapean, emakume sortzaileak gailenduko dira ekimenez beteta dagoen zazpigarren edizioan.
Martxoaren 9a eta 28a bitartean, diziplina artistiko guztiak, produkzio berriak eta estreinaldiak jazoko dira Bilboko 13 gune ezberdinetan. Berritasunen artean, aurten, lehen aldiz, esperientzia digitala eskainiko da edukiera mugatuak sahiestuz publiko zabal batera heldu ahal izateko.
Guztira, 19 egunetan 26 sentikari eta 115 bat sortzaile bilduko ditu festibalak. Halaxe iragarri du gaur Imanol Agirre zuzendari artistikoak Loraldia Kultur Elkarteak on line eskainitako aurkezpenean. “Sormenak salbatuko gaitu, etorkizun berri bat sortzeko premia baitugu eta kultura dugu bidea testuinguru aldrebes honetan”, aldarrikatu du Agirrek, sorkuntzan eta jarreran ausartak izateko premia goraipatuz.
“Euskara erdigunera ekarri nahi dugu eta horregatik urtero ematen dugu urrats berri bat”, adierazi du, aurten 13 areto aukeratu dituztela argitu baino lehen; Bidebarrieta Liburutegia zein Itsasmuseum, esaterako. “Lehenik, Loraldiak Bilbo hartuko du; ondoren, Euskal Herrira abiatuko da”, azaldu du.
Horrela, udagoienean zabaldu zutenesperientzia digitalaren ildotik, aurtenlau proposamen on line eskainiko ditu Loraldiak. Horietako bi aretoetan eta Internet bidez gozatu ahal izango dira. Alde batetik, Bozak, Olatz Salvador eta Idoia Azurmendi kantariek eskainiko duten kontzertua eta solasaldia.
Beste aldetik, Errimak bi oinetan, Haatik dantza konpainiaren lan berritzailea, Aiert Beobide koreografoaren solasaldiarekin batera eskainiko dena. “Emanaldiak bertsoa bera hartzen du oinarri eta dantza garaikidearekin proposatutako bidaiak osatzen du”, azaldu du Aiert Beobidek emankizunaren inguruan.
EMANALDIAK
Amaia Ocerin komunikazio arduradunaren esanetan, “aurtengo festibalak sortzaile gazte saldo bat aurkeztuko du, bideari ekiten dauden kimuak, uzta berriaren aleak”. Horien artean aipatu zituen Ainhoa Urgoitia, Arte Ederretako Museoan ikusi ahalko den Margolan bat oparitzen didazu? pelikularen egileetako bat, edotaJone Uria eta Oihana Iguaran bertsolariak, Guggenheim Museoan Fernando Velazquezekin batera emanaldia eskainiko dutenak.
Emakumeen presentzia Haizea Martiartuk Arriagan emango duen jazz kontzertuan ere nabaria da, baita Garazi Etxaburuk Euskal Museoaren atarian eskainiko duen dantza garaikidearen emanaldian edota Antxiñe Mendizabal idazleak Odolekoak liburaren harira emango duen solasaldian.
Era berean, “iturri zaharretik emari berria” aterako dutela ere iragarri dute. Xabier Lete edota Agustin Xahoren lanak omentzen dituzten lanak aurkeztuko dira. “Loreak eta zauriak alor asko uztartzen dituen emanaldi bat da, Xabier Leteren obra baitu oinarri eta obrak berak bezala kantutik adina dauka bertsotik, omenalditik adina dauka jolasetik, eta loretik adina dauka zauritik ere”, adierazi zuen Beñat Gaztelumendi bertsolariak, kantari gipuzkoarrari eskainitako ekimenean parte hartuko duenak.
“Bidegile horiek berreskuratuko ditugu gaurko garaietara ekarriz,erreferente garaikideak ere gure eszenan izango dira“, argitu zuen Imanol Agirre zuzendari artistikoak.
Bestetik, Mikel Antzak berba jarriko dio Joseba Sarrionaindia eta Fernando Pessoaren arteko hitzorduari edota Karlos Linazasorok Esaten dugun argia poema irakurriko du Joxan Goikoetxearen musikarekin.
Gainera, Peio Reparazek sortu duen Zetak taldeak Zeinen ederra izango den diskoaren ikuskizuna eskainiko du eta Oskar Alegria zinegileak Zumiriki zintaren euskarazko bertsioa aurkeztuko du. “Euskal kulturaren bidegile apart hauek Loraldian badute esperimentatzeko plaza”, iritzi du Agirrek.
BABESLEAK
Ekimenaren babesle gisa,Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Loraldiak “Udalak euskal kulturaren ekoizpenaren alde etakulturaren balio kate osoaren alde hartutako konpromisoa eta apustu irmoa” erakusten duela adierazi du.
“Urte honek argi utzi digu kulturak berezkoa duen bizi-indarra eta berezkoa duen behin eta berriro altxatzeko gaitasun eta adorea”, azaldu du, bere aldetik,Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak.
Azkenik, Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, “Loraldia bizirik mantentzeko, ahal den neurrian eta modurik seguruenean,aurrez aurre egitea behar beharrezkoa” dela agertu du.