Jon Moma, irakasle eta musikaria: “Urrun egon arren, euskarak eta musikak beti ekarri naute etxera”

MUSIKA, HEZKUNTZA ETA EMOZIOAK DIRA JON MOMAREN HIRU ZUTABE NAGUSIAK. IRAKASLEA LANBIDEZ ETA MUSIKARIA BOKAZIOZ, URTEAK DARAMATZA BI MUNDU HORIEK UZTARTZEN. MOMAK TALDEAREN ABESLARI GISA, BERE ABESTIEK EMOZIOAK, GALDERAK ETA BARRUKO PAISAIAK PARTEKATZEN DITUZTE

X.G. //
Jon, oraindik ezagutzen ez zaituen norbaitentzat, nor zara gaur egun musikatik harago?

Momak taldeko abeslaria naiz, baina musikaz inguratuta bizi den pertsona ere bai. Lanbidez irakaslea naiz eskola publikoan, eta betidanik uztartu izan ditut nire bi munduak: hanka bat hezkuntzan dut eta bestea musikan. Bi alorrak oso lotuta daude niretzat, eta musika da bien arteko zubia.

Noiz sentitu zenuen musika zaletasuna baino gehiago zela?

Egia esan, niretzat musika beti izan da zaletasuna eta lana aldi berean. Eta hori da, hain zuzen ere, politena. Oso gutxik dute gustuko duten horretan lan egiteko aukera, eta ni zorionekoa sentitzen naiz alde horretatik.

Zure musika emozionala eta zinematografikoa da. Nondik jaiotzen da unibertso pertsonal hori?

Niretzat musika emozioen transmisore bat da. Nolabait, plano fisikotik harago dauden errealitateekin konektatzeko bidea da; arrazoiak bakarrik iritsi ezin duen lekuetara heltzeko. Horregatik, Momak taldearen abestietan letrek garrantzia handia dute. Musika eta hitzak elkartzen direnean, en-tzulearekin lotura sakonagoa sor-tzeko aukera dago. Gure abestiek emozioak, galderak eta barruko paisaiak partekatu nahi dituzte, bakoitzak bere modura bizi ditzan.

Zer sentiarazi nahi diozu norbaiti zure abesti bat lehen aldiz entzuten duenean?

Abesti bat sortu, grabatu eta zabaltzen denean, bere bizitza propioa hasten du. Une horretatik aurrera, haren esanahia erabat alda daiteke entzule batetik bestera, eta hori da politena. Ez dut uste abesti bat eraiki daitekeenik norbaitek emozio zehatz bat sentitzeko. Pertsona bakoitzak bere era topatzen du musikarekin konektatzeko. Abestia bere errealitatetik interpretatzen du. Horregatik, musikaren magia ez dago soilik sortzailearen asmoan, entzule bakoitzak aurkitzen duen esanahi berrian baizik.

Gaur egun dena oso azkar doa. Uste duzu oraindik tokirik badagoela gelditu eta sentiarazten duen musikarentzat?

Ezetz erantzungo banu, seguruenik ez nuke musika argitaratzen jarraituko. Uste dut, hain zuzen ere, gero eta beharrezkoagoa dela. Hain azkar doan mundu honetan, gelditzea, sentitzea eta gauzei beren espazioa eta denbora ematea ia iraultza bihurtu da.

Zuek sortu duzue Itzuliko Naiz, Itzulia Basque Countryko abesti ofiziala. Zer esan nahi izan du zuretzat Euskal Herriarekin hain lotuta dagoen ekitaldi bati musika jartzeak?

Oso aukera eta erakusleiho handia izan da guretzat. Bitxia da, gainera, abestia ez zelako berariaz Itzuliarentzat sortu; aurretik geneukan egina eta izenburuak guztiz bat egiten zuen. Hala ere, nolabait bi munduek bat egin dute modu oso naturalean. Txirrindularitza erresilientzia presente duen kirola da, ahalegina, sufrimendua eta aurrera egiteko gaitasuna eskatzen dituena, eta Euskal Herrian oso errotuta dagoen zerbait da, gure esentziaren parte dena. Abestiak, berriz, iluntasuna besarkatzeari buruz hitz egiten du, gure itzalak onartu eta ulertuz gure benetako esentziara itzultzeko bideari buruz alegia.

Zer harreman duzu Euskal Herriarekin musikaren bidez? Zure sustraiak modu batean ala bestean agertzen direla sentitzen duzu?

Bai, zalantzarik gabe. 12 urterekin Euskal Herritik kanpora joan nintzen bizitzera, eta 18 urtez egon naiz hemendik kanpo. Denbora horretan, hainbat gauzaren artean, hizkuntza eta bertako musika izan dira nire sustraiekin harremana eta konexioa gehien mantentzen lagundu didatenak. Nolabait, nahiz eta fisikoki urrun egon, euskarak eta musikak beti ekarri naute etxera eta horregatik, uste dut sustraiak modu naturalean agertzen direla egiten Momak taldearen musikan.

Kanpotik, artistaren bizitza askatasunarekin lotzen da askotan, baina zein da gehien ikusten ez den alderdirik gogorrena?

Gehien ikusten ez dena da, askotan, kantak sortzea proiektuaren lan osoaren zati txiki bat besterik ez dela, batez ere autoekoiztutako proiektuetan. Jendeak abestia entzuten du edo kontzertu bat ikusten du, baina atzean ordu asko daude grabaketak presta-tzen, bideoklipak egiten, sare sozialak kudeatzen, promozioa lantzen, portadak diseinatzen edo koordinazio lanetan.
Azkenean, musikari izateaz gain, komunikazio arduradun, ekoizle, diseinatzaile eta beste hainbat lanbideren papera ere hartu behar izaten dugu. Sormenari eskaini nahiko zeniokeen denbora askotan beste zeregin askoren artean banatzen da. Hori da, agian, jendeak gutxien ikusten duen alderdia.

Inspirazioa etortzen da ala egunero bilatzera irten behar dugu?

Inspirazioa joan-etorrian ibiltzen da. Garai batean haren zain egoten nintzen, noiz agertuko zen esperoan. Denborarekin, ordea, ikasi dut tarteak bilatu egin behar direla. Gaur egun bizi garen erritmoan, zaila da inspirazioari lekua uztea, baina normalean lasaitasun uneetan agertzen da: presarik ez dagoenean, isiltasuna dagoenean edo norbere buruarekin
konektatzeko aukera dugunean.

Zein abesti gustatuko litzaizuke zuk konposatu izana?

Zaila da bakarra aukeratzea. Aipatu dudan bezala, letrak oso garrantzitsuak dira Momak taldearen sorkuntza-prozesuan, eta taldean musikari eta melomano handiak gaude. Niri, pertsonalki, Jorge Drexler asko gustatzen zait eta miresten dut; askotan pen-tsatu izan dut bere Sea kanta nik konposatu izan banu gustura sinatuko nukeela. Letra sinple baina sakona da, eta bizitzaren aurrean jarrera bat ere iradokitzen du.