Europa galtzen ari da Txinaren aurka

PANDEMIAREN ONDOREN, EUROPAK BERE EKONOMIAREN ELEKTRIFIKAZIOA BIZKORTU ZUEN, AUTO ELEKTRIKOA BULTZATUZ. BAINA BERE EHUN PRODUKTIBOA ORAINDIK EZ ZEGOEN PREST JAUZI HORRETARAKO, TXINA EZ BEZALA. EUROPAKO AUTOMOBIL-INDUSTRIAK MEHATXU LARRI BATI EGIN BEHAR DIO AURRE

UNAI GANDARIAS //
Europan automobil-fabrikek ekoizpena murrizten duten bitartean, Txinako portuetan zamaontziek erritmo errekorrean itsasoratzen jarraitzen dute. Edukiontzia edukiontziaren atzetik Shanghai, Ningbo edo Shenzhen portuetatik milioika auto elektriko, erdieroale, makineria industriala eta aire girotuko aparatuak ateratzen dira helmuga berarekin: Txinan egindako gero eta produktu gehiago erosten dituen mundua.

Asiako erraldoiak berriro erakutsi du, bere etxeko ekonomia hoztu arren, bere horretan mantentzen duela nazioarteko merkatuak urez betetzeko duen gaitasun handia. Txina barruko kontsumoa zenbat eta ahulagoa izan, orduan eta gehiago dago herrialdea kanpoan saltzeko.

Aduanako Administrazio Orokorrak argitaratutako azken datuek kontraesan hori islatzen dute. Txinako esportazioek 412.000 milioi dolarreko marka historikoa lortu zuten ekainean, analisten aurreikuspenen oso gainetik.

Kanpora egindako bidalketak % 27 hazi ziren urte batetik bestera, eta maiatzean izandako % 19,4aren aldean bizkortu egin

ziren, planetako merkataritza-superabit handiena finkatuta. Itxura guztien arabera, Pekin berriro hurbilduko da, eta iaz lortutako superabit komertzialaren bilioi bat dolarreko marka gaindi dezake.

HAZKUNDEA

Hazkundea hainbat aldibereko motorrek bultzatu dute. Alde batetik, AAren mundu mailako leherketak Txinan fabrikatutako txipen eta osagai elektronikoen eskaria areagotzen jarraitzen du. Ekainean, 32.000 milioi zirkuitu integratu inguru atera ziren herrialdetik. Erdieroaleen esportazioak % 122 gehitu ziren aurreko urteko aldi beraren aldean; ekipo informatikoak, berriz, % 53 hazi ziren, eta AAren iraultza elikatzeko beharrezkoa den azpiegiturarako gosea islatzen dute.

Beste protagonista nagusia automobil txinatarra da. Hileko esportazioak milioi bat ibilgailutik gorakoak izan ziren lehen aldiz, aurreko urtean baino % 72 gehiago. BYD, Chery, Geely edo SAIC markek nazioarteko presen-tzia handitzen jarraitzen dute, mendebaldeko lehiakideek nekez berdintzen dituzten ekoizpen-kostuak aprobetxatuz. Duela hamarkada eskas bat atzerriko ereduak kopia-tzean zentratutako industria zirudiena Europako, Japoniako eta AEBetako fabrikatzaileen buruhauste handienetako bat bihurtu da.

Arrakasta esportatzaile hori bereziki nabari da Europan. Txinatik EBra egindako bidalketak % 18,5 igo ziren ekainean, aurreko hileko % 7,6aren oso gainetik. Analistek adierazi dutenez, igoeraren zati bat kontinentea kolpatu duten ondoz ondoko bero-boladetan aire girotuko aparatuen salmenten gorakada handiari ere erantzuten dio, baina fenomenoa uda bereziki bero batetik haratago doa.

Ibilgailu elektrikoek, bateriek, makineria industrialak, produktu kimikoek, eguzki-panelek edo osagai teknologikoek merkatu-kuota irabazten jarraitzen dute Europan. Txinari buruzko Ikerketen Mercator Institutuak (MERICS) egindako azterketa baten arabera, Txinak EBrekin duen merkataritza-superabita eguneko 900 milioi euro ingurukoa izan zen lehen seihilekoan. Zifra horrek laburbiltzen du bi blokeen arteko desoreka izugarria, eta Bruselan gero eta kezka handiagoa sortzen du.

LEHIA DESLEALA

EBko erakundeetan aspaldi utzi zitzaion lehia desleialaz soilik hitz egiteari. Orain gehien entzuten den terminoa China Shock 2.0 da, 2001ean Txina Munduko Merkataritza Erakundean sartzeak eragindako industria-lurrikararen erreferentzia. Izan ere, orduan milioika manufaktura-lanpostu desagertu ziren Europan eta Estatu Batuetan, kostu txikiko txinatar produktuen agerpen masiboaren ondorioz.

Europako ekonomialari askok ohartarazi dutenez, bigarren olatu horrek kontinentearen industria-autonomiarako estrategikotzat jotzen diren sektoreei eragiten die, hain zuzen ere.