Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian Gazte Epaimahai gisa izena emateko epea ireki da


18 eta 30 urte bitarteko 90 gazte aukeratuko dira

Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldiak (GGEE) epaimahai gazte gisa parte hartzeko izena emateko epea ireki du martxoaren 31ra arte. Gazte Epaimahaiko kideek nazioarteko lehiaketako film laburrik onena hautatzeko ardura izango dute, bertan gizarte arloko lanak proiektatzen baitira. Gainera, epaimahai gaztea izateak unibertsitateko kredituak lortzea ahalbidetuko du, Donostia Kulturak adierazi duenez.

18 eta 30 urte bitarteko 90 bat gaztek osatuko dute apirilaren 23tik 30era egingo den Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldiko Film Laburren Nazioarteko Lehiaketaren film labur onena aukeratuko duen Gazte Epaimahaia. Aurten, murrizketak direla eta, pertsona gutxiagok osatuko dute. Epaimahaiko kide izateko martxoaren 31 baino lehen eman behar da izena www.cineyderechoshumanos.eus webgunean. Hurrengo egunean, apirilaren 1ean, zozketa bat egingo da izena eman duten guztien artean, eta zozketa horren emaitza webgune horretan bertan argitaratuko da.

Beste urte batzuetan bezala, Gazte Epaimahaiko kide izateak Transferentzia eta Metaketaren Europako Sistemako (ECTS) kredituak lortzeko eskubidea ematen die UPV/EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduko ikasleei. Gainera, Gazte Epaimahaiko kideek Zinemaldiaren programazio osoa doan ikusi ahal izango dute.

Parte hartzaileek Antzoki Zaharrean izan beharko dute apirilaren 22an, film labur onena ikusi eta aukeratzeko. Halaber, jaialdian zehar, 18:30etako saioen %80ra joan beharko dute gutxienez.

Film labur onenaren saria 3.000 eurokoa da, eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazio-irizpideen arabera baloratuko ditu film luzeak, baita haien kalitate zinematografikoagatik ere. Edizio honetan, nazioarteko hainbat herrialde eta jaialditatik etorritako gai sozialei buruzko film laburrak lehiatuko dira. Emanaldiez gain, hitzaldiak eta erakusketak ere antolatzen dira.

Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolatzen dute Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia. Giza eskubideen inguruko kontzientzia kritikoa bultzatu nahi du, baita elkartasunean, aniztasunean, justizia sozialean, askatasunean edo aukera-berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen lagundu ere, besteak beste.