“Harrikada” jaialdi techno queer transfeminista Izarran

Dagoeneko Izarran du egoitza, eta Harrikada Festibala atzerako kontaketa betean dago, Araba barruko eta kanpoko publikoarekin topo egiteko. Uztailaren 17tik 19ra bitartean, Arabako herria technoz beteko da. Izan ere, 2026 honetarako diseinatutako kartela osorik dago, queer transfeminsta ekitaldiaren soinuak eskuetan izango dituzten nazioarteko, estatuko eta tokiko artisten zerrenda zabala aurkeztuz.

“Agertoki nagusiko musika-programazioak aurreko edizioetan baino soinu-ibilbide anitzagoa proposatzen du, koherentzia eta kalitate artistikoa mantenduz”, Harrikada Kultur Elkarteak azaldu duenez. Jaialdi horretan izango dira, esaterako, Lady Starlight newyorktarra, Ann, Blanka, Dj Maria, Amphia eta Kala Ros. Erreferentzia handiak izango dira publikoarentzat, eta Lohi Ensemble, Kika 1000, Gauak, Disordex eta Puñales bezalako artisten emanaldietara batuko dira.

Udal igerilekuko jarduerak ere izango dira programazioan: musika, drag show-ak, dantza eta kontzertuak, baita performanceak, tailerrak eta diziplina anitzeko instalazio artistikoak ere. Hori guztia hiru egunetan zehar egingo da, eta abonamenduak salgai egongo dira. Horrela, eta publikoaren laguntzarekin batera, ekimena sendotzen jarraitu nahi da, “Euskal Herriko kultura alternatiboaren proposamen berezienetako bat den aldetik, abangoardiako musika elektronikoa, arte garaikideak eta ikuspegi politiko eta komunitario argia uztartuz”.

Bertako eta nazioarteko artistak

“Hiru egunez, Harrikadak bertako eta nazioarteko artistak, eszena elektronikoko kolektiboak eta ohiko klub- eta jaialdi-formatuak gainditzen dituzten proposamen artistikoak bilduko ditu”, diote antolatzaileek. “Musika-hitzordu soila izateaz gain, Harrikadak gizartea eraldatzeko tresna gisa ulertzen du kultura. Jaialdiak queer ikuspegien eta ikuspegi transfeministen aldeko apustu garbia egiten du, identitate eta gorputz disidenteak erdigunean jartzen dituzten espazioak eraikiz “.

Ildo horretan, ekitalditik gogorarazi dutenez, “musikaren industrian eta gaueko aisialdian oraindik ere presente dauden bazterketa-dinamiken aurrean, Harrikadak espazio libreagoak, seguruagoak eta politikoki kontzienteagoak sortu nahi ditu. Jaialdiaren programazio artistikoak ere begirada horri erantzuten dio “.

Horrela, “Harrikadak historikoki zirkuitu hegemonikoetatik kanpo egon diren artista, kolektibo eta proposamenen aldeko apustua egiten du, emakumeen, trans pertsonen, ez-bitarren eta queer sortzaileen presentzia erdigunean kokatuz. Kuotez haratago, helburua sorkuntza, harreman eta ospakizun kolektiborako beste modu batzuk irekitzea da “. Hori guztia, gainera, landa-inguruneko kulturaren aldeko apustu garbia eginez, funtsezko beste elementu bat baita.