IKUSPEGI BEHATOKIAK JOAN DEN MARTXOAN AURKEZTUTAKO EUSKADIKO DISKRIMINAZIOAREN INGURUKO PERTZEPZIO ETA JARREREI BURUZKO INKESTA 2025 TXOSTENAREN ARABERA, EUSKAL GIZARTEAREN % 77,8k ASKOTARIKO GIZARTE BATEAN BIZI NAHI DU, IAZ JASOTAKO ZIFRA BAINO % 1,4 GEHIAGO
Unai Gandarias //
Emaitza horren bidez, euskal herritarrek aniztasunaren aldeko jarrera dute gehienbat. Era berean, txostenak nabarmentzen du Euskadiko lau pertsonatik hiruk uste dutela beste kolektibo batzuekiko diskriminazioa arazo sozial larria dela.
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak txosten horren aurkezpenean nabarmendu zuenez, “hamar pertsonatik zortzik uste dute diskriminazioa oraindik ere existitzen dela Euskadin, eta horrek erakusten du gizarteak kontzientzia handia duela fenomeno horri buruz”. Atzerritarrekiko tratu desberdineko egoerak maiztasun handienarekin gertatzen direla uste duten eremuei buruz galdetzen denean, etxebizitza eskuratzea eta lan-eremua behin eta berriz agertzen dira herritarrek diskriminazio- eta bazterketa-arrisku gehien hautematen dituzten espazioen artean.
Alokairuko etxebizitza eskuratzeari dagokionez, biztanleen % 79,6k uste du tratu desberdinak daudela bertakoen eta atzerritarren artean. Izan ere, auzo-bizikidetzari dagokionez, egoitza-espazioa partekatzeko orduan arbuiorik handiena duten gizarte-taldeak ijitoak, atzerritar jatorriko pertsonak eta gaixotasun mentala duten pertsonak dira. Horrela, bada, EAEko biztanleak gizarte-talde horiekin bizi direnean agertzen dira argien jarrera baztertzaileak; izan ere, kultura-arrazoi desberdinak direla medio, bertakoek ez dituzte auzokide gisa nahi.
LAN-EREMUA
Lan-eremuan, EAEko herritarren erdiak baino gehiagok (% 55,8) uste du lan-kontratazioan desberdintasunak aplikatzen direla prozesuetan, baita hautagaitzek kualifikazio berberak dituztenean ere. Beste kolore batekoa izatea edo beste kultura bat izatea da batzuetan pertsona hori bazter-tzeko arrazoi nagusia. Egoera hori errepikatu egiten da, bai enplegu-bilaketa aktiboan, bai lan-eremuan bertan dagoenean.
Bizi izandako diskriminazioari dagokionez, EAEko biztanleen % 14,6k adierazi du diskriminazioa jasan duela azken 12 hilabeteetan, eta per-tsona migratuak edo atzerritar jatorrikoak eta emakumeak dira intzidentzia handiena dutenak. Egoera horren aurrean, diskriminazioaren biktima gehienek (% 76,2) ez zuten inolako kexa edo salaketa formalik egin, eta % 17,5ek bai. Hori egin ez izanaren arrazoia salaketa edo erreklamazio formal batek ezertarako balio ez duela pentsatzea da.
Ikusitako edo lekuko izan den diskriminazioari dagokionez, biztanleriaren % 24,2k adierazi du diskriminazio-egoeren lekuko izan dela, batez ere arrazagatiko edo atzerritar jatorriko pertsonekiko. Diskriminazio-gertakari gehienak espazio publikoetan eta lan-eremuan gertatzen dira. Euskal
gizarteak talde sozial eta pertsona guztientzat aukera-berdintasuna bermatzearen alde egiten badu ere (% 91,7), tratu desberdina inoiz justifikatuta ez dagoela dioen adostasuna txikiagoa da (% 55,1). Gainera, hiru pertsonatik bik (% 67,2) uste dute beharrezkoa dela lehentasunezko tratua aplikatzea kolektibo edo talde sozial jakin batzuei, gizarte bidezkoago baterantz aurrera egiteko.
Euskal gizarteak benetako berdintasunarekiko konpromiso irmoa erakusten du, esparru normatibo aurreratu batek eta lan eta gizarte eremuan berdintasuna sustatzen duten politika aktiboek babestua, herritarren babes handiarekin aniztasunarekiko eta ekitatearekiko. Era berean, Jaurlaritzak eta foru-erakundeek aktiboki sustatzen dute berdintasuna, politika aktiboen bidez, eta genero-ikuspegia eta arraza, adin, erlijio, desgaitasun edo sexu-orientazioagatiko diskriminaziorik eza txertatzen dituzten planen bidez, beren sektore-politika guztietan.
Ahalegin hori guztia benetako berdintasunaren ikuspegi integral hori bizitzaren eremu guztietan bateratzean oinarritzen da, non gizarte-sektoreek, euskal politika- eta enpresa-sektoreen parte-hartze aktiboarekin batera, aniztasuna eta gizarte-berdintasuna euskal gizartearen erronka kolektibo eta funtsezko balio gisa kokatzen dituzten.

