OMAR HERRERA (KATALUNIA) HUMONOIDE EZIZENEZ, IRAKASLEA ETA EDUKI-SORTZAILEA DA, FILOSOFIA EGUNEROKO BIZITZARA HURBILTZEA HELBURU DUENA. FILOSOFÍA A LA TAZA IZENEKO PODCASTAREN BIDEZ GIZA IZAERARI, KONTZIENTZIARI ETA BIZITZAREN ZENTZUARI BURUZKO GOGOETAK PARTEKATZEN DITU
X.G. //
Euskal Herrira etorri zinenean, zein izan zen zure lehen pentsamendua? Zer sentitu zenuen lehen aldiz hemen egotean? Zer da gehien harritu zaituena euskal kulturari buruz?
Euskal Herrira duela hilabete batzuk etorri nintzen bizitzera, Kataluniatik, nire emaztearekin eta gure semearekin. Nire emaztea hemengoa da, eta niretzat etapa berri baten hasiera izan da.
Lehenengo sentimendua kuriositatea izan zen: leku berri batean bizitzen hasten zarenean, dena begi berriekin ikusten duzu. Paisaia, hizkuntza, herrien giroa… denak ematen zuen nortasun oso sendo baten seinale.
Gehien harritu nauena, agian, komunitatearen indarra izan da. Herri askotan oraindik badago auzotasunaren kultura bat: jendeak elkar ezagutzen du, eta badirudi bizitza sozialak oraindik baduela benetako pisua.
Eta, noski, hizkuntza. Euskara ez da komunikatzeko tresna soil bat; kultura baten parte sakona da.
Kanpotik begiratuta, nola deskribatuko zenuke euskal izaera? Badago zerbait berezia harremanak izateko moduan?
Kanpotik begiratuta, batzuetan esaten da euskal izaera pixka bat itxia dela. Baina nire esperientzian, gauzak konplexuagoak dira. Hasieran agian jendeak distantzia pixka bat mantentzen du. Baina konfiantza sortzen denean, harremanak oso zintzoak eta sendoak bihurtzen dira. Nolabait, ez dirudi azaleko harremanen kultura bat dagoenik. Adiskidetasuna hemen denborarekin eraikitzen dela dirudi, baina behin eraikita, benetakoa dela.
Zure ustez, zer ikas dezake munduak Euskal Herritik?
Agian komunitatearen balioa. Gaur egungo munduan askotan indibidualismoa nagusitzen da. Baina hemen oraindik badago gurea kontzeptu bat: auzolana, herriko jaiak, elkarte gastronomikoak…
Horrek gogorarazten digu gizakia ez dela bakarrik existi-tzen. Beti komunitate baten barruan bizi gara.
Zerk eraman zintuen euskara ikastera? Ez da erabaki erosoa… zer zegoen atzean? Euskara ikasten hasi zinenean, zer sentitu zenuen? Frustrazioa? Ilusioa? Biak?
Egia esan, Euskal Herrira etorri nintzenean ez nekien euskaraz hitz bakar bat ere. Bi arrazoi nagusi izan dira ikasten hasteko. Alde batetik, irakaslea naizenez, nire lanerako ere beharrezkoa izango da. Baina beste arrazoi bat ere badago, agian pertsonalagoa: nire semea hemen haziko da eta hemen eskolatuko da. emateko prest.
Horregatik, niretzat garran-tzitsua da ulertzea zein hizkuntzatan haziko den. Eta, noski, bada beste motibazio bat ere: errespetua. Nire ustez, leku batean bizitzen hasten zarenean, zentzuzkoa da bertako hizkuntza eta kultura ulertzen saiatzea. Sentimenduei dagokienez, bai: frustrazioa eta ilusioa biak. Euskara ez da hizkun-tza erraza hasieran, baina pixkanaka ulertzen hasten zarenean, oso pozgarria da.
Zer aholku emango zenioke euskara ikasi nahi duen norbaiti?
Lehenik eta behin: pazientzia. adiktiboa da eta, kar kar kar.
Eta bigarrenik: lotsa pixka bat galtzea. Hizkuntza bat ikasteko hitz egin behar da, nahiz eta akatsak egin.
Askotan ikasleek perfekzioa bilatzen dute lehenengo egunetik. Baina hizkuntza bat ikastea ez da perfektua izatea; komunika-tzen hastea da.
Eta galdera sakonago bat: euskara bezalako hizkuntza txiki bat ikasteak zer esaten du gure identitateari eta mundu globalizatu honetan dugun tokiaz?
Askotan jasotzen ditut iruzkinak galdera berarekin: zergatik galtzen dut denbora euskara ikasten, munduan askoz hizkuntza erabilgarriagoak daudenean?
Galdera horrek zerbait interesgarria erakusten du. Gaur egungo munduan askotan gauzak erabilgarritasunaren arabera neurtzen ditugu: zertarako balio duen, zer abantaila praktiko ematen duen.
Baina filosofia klasikoak gogorarazten digu bizitzako gauza garrantzitsuenetako askok ez dutela erabilgarritasun zuzena. Nuccio Ordinek liburu batean oso ondo azaltzen du ideia hori: Alferrikakoaren baliagarritasuna.
Batzuetan, alferrikakoa dirudiena da benetan balio handiena duena. Literatura, artea, filosofia… edo hizkuntza txiki bat ikastea. Nire kasuan, euskara ikastea ez da soilik tresna praktiko bat. Niretzat modu bat da hemen bizi naizen gizartea hobeto ulertzeko, nire semea haziko den kulturara hurbiltzeko, eta komunitate batekin benetan konektatzeko. Eta horrelako gauzak nekez neurtzen dira erabilgarritasun hutsaren logikarekin.
Euskal Herrian badago naturarekiko kultura (mendia, itsasoa, basoa, herri txikiak…). Uste duzu horrek eragin dezakeela pertsonen barne-bizitzan?
Bai, uste dut baietz. Natura gertutik edukitzeak erritmo bat ematen dio bizi-tzari. Mendira joatea, itsasoa ikustea edo basoan ibiltzea ez da bakarrik aisialdia; nolabait gelditzeko modua ere bada. Eta gelditzen garenean, pen-tsatzeko aukera gehiago dugu.
Filosofiaren zati handi bat, azken finean, gelditu eta begiratzea da.
Zure ustez, nolakoa izango da gizakia 20 urte barru… eta zer egin dezakegu gaur, gizatasuna ez galtzeko?
Baliteke 20 urte barru mundua askoz digitalagoa izatea. Baina galdera berdinak izango ditugu: nor gara, zer nahi dugu, nola bizi nahi dugu.

