IRATI GARCÍA (BILBO) DBHN LAN EGITEN DU IRAKASLE GISA. HORTAZ APARTE, SARE SOZIALETAN EZAGUNA DA EUSKARAREN ZABALKUNDEAREN ETA BIZIBERRITZEAREN ALDE SORTZEN DITUEN EDUKIENGATIK. IRATI EUSKARAREN IRAKASKUNTZAREN MUNDUAN ERREFERENTEA IZANDA EUSKAL KULTURA ETA ONDAREA PARTEKATZEN DU
Nolakoak izan ziren hezkun-tzan eman zenituen lehen urratsak? Zer gogoratzen duzu hasiera haietatik?
Hasieran unibertsitatean nengoelarik hainbat umeri klase partikularrak eman ohi nituen, unibertsitatean geundenok hasiera hori izan genuen, irakasten praktikatzeko eta konfian-tza zeureganatzeko ezin hobea da. Behin gradua amaituta, akademietan lanean egon nin-tzen, talde murriztuekin. Oso pozik bizi izan nuen esperientzia hori baina banekien ordutegi eta soldata aldetik beste lan erosoago bat nahi nuela baldintza hoberekin. Lanaldi luzeagoa nahi nuenez, online plataforma desberdinetan klaseak ematen hasi nintzen eta Andaluziara bizitzera joan nintzenean akademia utzi eta online irakasle lanaldi osoan jardun nuen. Ordu luzeak lan egiten nuen, baina poztasuna gogoratzen dut, helduekin egiten nituen klaseak eta euskarazkoak gehienbat. Zirraragarria iruditzen zitzaidan nola munduko edozein lekutatik euskara ikasi nahi zuten eta euskaraz aritzen ziren, Japoniako, Estatu Batuetako, Txileko… ikasleak nituen. 80 urteko eta 4 urteko ikasleak ere bai! Instagramen kontua irekitzea erabaki nuen (@basque.in.english) euskara ikastea interesa zuten pertsonak batzeko komunitate batean eta bide batez jende gehiagorengana heltzeko.
Irakasle autonomoa izateak nahiko baldintza zailak dituela pentsatzen dut eta banekien ikastetxe batean irakasten amaituko nuela bigarren gradua amaituta izatean. Hori berori gertatu zen, masterra amaitu eta hilabete bat eta erditan deitu zidaten Leioako ikastetxe bateko batxilergoko tutorea izateko. Esperientzia gorabeheraz betea baina oso oso baliagarria eta polita, ilusioz betea joaten nintzen egunero. Ez nuen nire instagrama eta euskara ikastaroen proiektua utzi nahi. Horregatik, 5 urte daramatzat eskoletan lanean jardunaldi osoan eta nire instagram kontua kudea-tzen. Ez neukan denborarik klase pribatuak emateko, hori dela eta, ikastaroak grabatzeari ekin nion, euskara ikasteko grina zuten pertsonentzat.
Zergatik erabaki zenuen irakasle izatea? Zein izan zen bultzada nagusia?
Egia esan, 4. DBHn nengoelarik ez nuen batere argi zer egin nahi nuen. Irakasle lana erakargarria iruditzen zitzaidan baina lan hori berez hain zaila ikusten nuen non ideia hori behin baino gehiagotan baztertu bainuen. Ez nuen neure burua gai ikusten hainbeste jakiteko eta ondo irakatsi ahal izateko. Klase bat kudeatzeko ere ez nuen neure burua gai ikusten. Lehenengo batxilergoan, institutura joan nintzen eta neuregan konfiantza handitu nuen eta neure buruari itaundu nion: zergatik ez? hara joatea eta ikaslea izatea izugarri gustuko nuen, egunero zeozer berri deskubritzea…
Batez ere, hizkuntzetan nabarmentzen nintzen, hau da, erraztasuna neukan hizkun-tzetarako, beraz nota onak, hortaz autoestimu handiagoa ikasgai horietan. Eta euskara eta ingeleseko etxerako lanak egitea izugarri gustatzen zitzaidan eta etxerako lanak izan ez arren betidanik ingelesa eta euskara praktikatzen nuen nire kabuz. Orduan, hilabete batez ideia hori buruan izanda, argi neukan irakaslea izan nahi nuela.
Lan egitean, zer da gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxiena?
Pertsonekin lan egiteak ikuspegi bikoitza dakar. Alde batetik, nahitaez lotura afektiboak eratzen dituzu ikasleekin egunero haiekin zaudelako, euren gauzak kontatzen dizkizute, haien bizitzaren zatia eta lekukoa zara… haien eboluzioa ikusten duzu hasieratik kurtso amaierara arte, nola aldatzen, hazten eta hobetzen duten euren izaerak… zuretzat hitz politak dituztenean… haiekin esperientzia politak bizitzea. Zuk haiei laguntzen diezu, baina haiek zuri ere bai, hori ordainezina da.
Hori ez ezik, profesionalki zein pertsonalki eboluzionatzea eta erronka berriei aurre egitea ere izugarri gustatuko dut. Lan honetan 08:00etan sartzen zara lanera eta orduak azkar baino azkarrago igarotzen dira, hori ez da lanbide guztietan gertatzen.
Badago beste alde ez hain atsegina, arazo itsusiak daudenean. Errespetu faltak, jokaera desa-tseginak… batzuetan tentsiopean sentiarazten zaituzte eta ohetik altxatzen zara pentsatzen: eta gaur zer gertatuko ote da? Zeri gehiago konponbidea bilatu beharko diot? Nola konpon dezaket iskanbila hau? Giro txarrari nola egin al diot aurre edo nola hobetu ahalko nuke? Psikologikoki ez da lan erraza eta, zoritxarrez, irakasleok uste dugu gero eta zailagoa izango dela.
Aukera izango bazenu, zer aldatuko zenuke gaur egungo hezkuntza-sisteman, eta zergatik?
Baliteke hemen ur handitan sartzea… Ratioetatik hasita. 33 ikasle daude nire gelan. Zure lana ondo egin nahi baduzu ere, ezinezkoa da. Ezin dituzu beren beharrak erabat ase, eta gero eta premia gehiago dituzte.
Diziplina ere egoki kudeatzeko gero eta zailagoa da. Gero eta autoritate gutxiago dago eta zenbait ikasle libre sentitzen dira edozer esateko edo egiteko ondoriorik gabe. Atentzioa deitu eta gero batzuetan zeu erruduna zarela dirudi haiei txarto jokatzen ari direla esateagatik. Nire eskolan ondorioak daude eta gutxienez hori ikasten dute, erabaki guztiek ondorioak dakartzatela.
Bestalde, klase desberdinak prestatzea izugarri gustuko dut, baina, ezinezkoa egiten zait.
Ordu luzeak ematen ditugu etxean azterketak, probak eta proiektuak zuzentzen, burokrazia egiten, eskolako proiektuak prestatzen eta gauzatzen. Irakasleok itota gaude. Nire lana gustatzen zait, baina ez dakit lanbide honetatik erretiratuko naizen egoera hauengatik. Hori esateak tristura eragiten dit, irakasle izatea nire pasioa delako, baina batzuetan lanak gainditu egiten zaitu.

