NUPeko kontzertu ziklo berria ostegun honetatik aurrera

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) UPNALive proiektua jarri du abian, Nafarroako musika-eszenan sortzen ari den talentuaren aldeko apustua egiten duen kontzertu-ziklo berria. Otsailaren 26an, osteguna, hasiko den NUPen kultur proposamen berri honen barruko emanaldiak Gelategiko kafetegian izango dira, ostegunetan, 19:30ean, eta sarrera doakoa izango da. “UPNALive zuzeneko musika unibertsitate-komunitateari eta publiko orokorrari hurbiltzeko helburuarekin sortu da, eta, aldi berean, Nafarroako artista gazteei ikusgarritasun gune bat eskaintzen die ingurune hurbil eta irisgarri batean”, jakinarazi du NUPek ohar batean. Zikloa otsailaren 26an hasiko da Hondorako kontzertuarekin, eta martxoaren 26an Aaron Romeroren kontzertuarekin jarraituko du.

Programazioa apirilaren 23an osatuko da Navarra Music Commission-ek hautatzen duen artista edo taldearen kontzertuarekin. Ikasleen, Unibertsitate Bizitzaren eta Gizarte Konpromisoaren Errektoreordetzak bultzatutako proposamen honen bidez, “NUPek kulturarekiko eta sorkuntza garaikidearekiko duen konpromisoa indartzen du, musika unibertsitateko bizitzan txertatuz eta tokiko proposamen artistiko berriei laguntza emanez”, aipatutako errektoreordetzak agerian utzi duenez. Hondorarekin hasten da zikloa, eta bluesaren, soularen eta egile-kantaren aldeko apustua egiten du. 2017an Iruñea eta Ondarru artean sortutako taldea da, eta honako hauek dira kideak: Elisa Bayona, ahotsa; Ibai Gallardo, gitarra; Josu Erviti, bateria; Joseba San Sebastian, baxua; eta Idoia Asurmendi, pianoa. 2025ean argia ikusi zuen LP bat dute, Hondoratu eta azalera irten.