Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gabriel Aresti Katedra Bildumak Kultura Gerra Zibilean (1936-1939) liburua aurkeztu zuen duela egun batzuk. Liburu horretan 15 artikulu bildu dira, Gerra Zibilean euskal kulturgintzak izan zuen zereginari buruzkoak.
Gerra Zibila hasi zenetik 90 urte igaro direla eta, hautatutako egileek euskal kulturak eguneroko bizitzan izan zuen papera aztertu dute beren artikuluetan, bai eta garai hartako kultur ekoizpenean eta kultur sortzaileengan eragina izan zuten politikak eta ideologiak ere.
Hamabost artikulu
Horrela, liburuak hamabost artikulu biltzen ditu, eta bertan hainbat kultur adierazpide aztertzen dira, “zentzu zabalean” ulertuta, katedraren zuzendariak eta idazkariak, Patxi Juaristik eta Beatriz Zabalondok, azaldu zutenez. Artea, dantza, musika, arkitektura eta hirigintza, antzerkia, bertsolaritza, zinema, hezkuntza, liburutegiak, artxiboak eta museoak, kartelak, literatura, kazetaritza eta irrati-difusioa jorratzen dira.
Argitalpenean hainbat diziplinatako ikertzaileek hartu dute parte, besteak beste, Irati Agirreazkuenaga, Xabier Altzibar, Oier Araolaza, Leyre Arrieta, Karmele Artetxe, Mikel Bilbao, Ander Delgado, Jose Javier Fernandez Altuna, Idoia Gereñu, Patxi Juaristi, Ismael Manterola, Francisco Javier Muñoz-Fernández, Josu Martinez, Lourdes Otaegi eta Pio Perez Aldasoro.
“Lan hau, ahanzturaren aurkako liburutzat ez ezik, itxaropenerako leihotzat ere har daiteke”; izan ere, gaineratu zutenez, “euskal kulturak Gerra Zibilaren errautsetatik berpizteko izan zuen gaitasuna nabarmentzen du”, ziurtatu zuten Juaristik eta Zabalondok.
Kulturaren, ideologiaren eta politikaren arteko harremanak obraren zati garrantzitsu bat hartzen du, eta lanak, gainera, beste helburu batzuk ere baditu, aukera ematen dutenak “hobeto ezagutzeko nolakoa zen eguneroko bizitza eta, bereziki, kultura-bizitza gatazkan zehar”.
Gerra garaiko erakunde eta eragile kulturalak
Kultura Gerra Zibilean (1936-1939) parte hartu duten ikertzaileek “gai horiei buruz idatzi eta argitaratu dute aurretik, baina interesgarria iruditu zaigu ekarpen eta gogoeta horiek guztiak obra bakar batean biltzea, Gerra Zibilak euskal kulturan eragin zuen kaltearen erradiografia osoa lortzeko”. Bestalde, liburua osatzen duten atalen amaieran jasotako erreferentzia bibliografikoek Hego Euskal Herriko kulturgintzaren egoera sakonago ezagutzeko aukera ematen dute.
Liburukiak “gerra garaiko erakunde eta eragile kulturalak irakurleari ezagutarazteko eta euskal kulturaren gaia jorratu nahi duten pertsonei oinarrizko materiala eskaintzeko” ere balio du.
Gune nagusia Gerra Zibilaren urteetan kokatzen den arren, liburuak gerraaurreko testuingurua eta gerraosteko ondorioak jorratzen ditu “ezinbestean”, eta, hala, euskal nortasunaren berpizkundea edo Euskal Pizkundea, Bigarren Errepublika, erbestea eta errepresio frankista ere aztertzen dira.
Liburuak Errepublikaren alde agertu ziren lurraldeetako kultura-erakundeak eta -eragileak aztertzen ditu nagusiki, baina aldi horretan frankismoaren kontrolpean geratu ziren eremuetan garatutako kultura-ekimenak ere aztertzen ditu.

