Laura Ugarte, Kirolari paralinpikoa: “Nire ametsik handiena bete dut: ama izatea”

LAURA UGARTE VALETA 1994AN JAIO ZEN OZAETAN (ARABA). 2019AN, ISTRIPU BATEK MUINEKO LESIOA ERAGIN ZION, ETA BI URTE GEROAGO SASKIBALOIAN JOKATZEN HASI ZEN, GURPILDUN AULKIAN. ORDURA ARTE, HAREN KIROL-JARDUNA ASTEAN ORDU BATZUETAN IGERIKETA EGITEA ETA EUSKAL DANTZETAN ARITZEA ZEN

L.S. //
2019a urte gogorra izan zen zuretzat. Denborak aurrera egin ahala, nola gogoratzen duzu aldaketa-etapa hura eta zerk lagundu zizun aurrera begiratzen?

Etapa hori oso gogorra izan zen niretzat. Lesioa izan ondoren, zortzi hilabeteko errehabilitazio-prozesua izan nuen ospitalean, baina gogorrena etxera itzultzea izan zen. Itzuli nin-tzenean oso gogorra izan zen, errealitatearen talka. Ospitalean babestuta zaude, antzeko egoerak bizi izan dituzten pertsonekin batera. Gainera, COVIDa etorri zen, eta imajinatu zer ekarri zuen: bizitzeko gogoa kendu zitzaidan. Terapia psikologikoak eta Zuzenak kluba ezagutzeak lagundu zidaten. Kirola funtsezkoa izan zen: libre sentitzen zara, indartsu. Baina, batez ere, saskibaloian aritzen ziren pertsonek lagundu zidaten. Bizitzeko gogoa itzuli zidaten, eta gertatzen ari zen egoeratik haratago bizitza badagoela erakutsi zidaten.

Kontatu duzu hasieran ez zenuela ezer jakin nahi gurpil-aulkiko saskibaloiaz, eta orain zure esentziaren parte da. Zerk eragin zuen zerbait ezezaguna izatetik zuretzat energia- eta alaitasun-iturri bihurtzea?

Hasieran, saskibaloia ez zi-tzaidan gustatzen. Inoiz ez nuen egin, ni mendira joaten nintzen, banaka kirola egitera. Zuzenak klubaren gimnasioan hasi nintzen, aulkiko saskibaloiak ikusgarritasun handia duen leku batean. Han ezagutu nituen Iñaki Barreta eta Agurtzane Egiluz, eta haiek animatu ninduten probatzera. Animo aldetik oso gaizki nengoen, eta pentsatu nuen: “Zergatik ez?”. Probatu nuen, eta, kirola beste pertsona batzuekin egitean, bizitzeko gogoa itzuli zitzaidan. Gaur egun aulkiko saskibaloia asko gustatzen zait, eta nire bizitzaren atal garrantzitsua da.

Oso denbora gutxian, kirolean hastetik maila gorenean lehiatzera igaro zinen. Zer irakatsi zizun esperientzia horrek zure mugei, pentsamoldeari eta egokitzeko zure gaitasunari buruz?

Ikasten jarraitzen dudala uste dut, baina jarraitu, borrokatu eta konstante izaten irakatsi zidan. Istripuak erakutsi zidan, zerbait nahi izanez gero, kostatzen zaigula, baina lortu ahal dugula, era berean.

Parisko Joko Paralinpikoetan egon zinen. Nolakoa izan zen bizipen hori zuretzat, kantxa barruan zein kanpoan? Zer momentuk markatu zintuzten bereziki?

Esperientzia harrigarria izan zen maila pertsonalean; kirol mailan, ordea, gazi-gozoa. Lehiatzea gogorra izan zen; uste dut ez ginela behar bezain prestatuta joan, eta hori nabaritu zen. Hala ere, Paralinpiar Jokoak bizi ahal izatea sinestezina eta oso atsegina izan zen.

Orain ama zara, kirolaria, erreferentea… Nola lortzen duzu alderdi horiek guztiak orekatzea, eta energia, motibazioa eta irribarrea egunero mantentzea?

Duela hilabete eta erdi ama naiz, eta oraingoz ondo daramat. Bizitza aldatzen ari da, baina saskibaloian jarraitzeko ilusioarekin jarraitzen dut. Espainiako selekzioarekin lehiatzea gustatuko litzaidake, baina pausoz pauso. Kirola egiten ari naiz pixkanaka, eta urtarrilean lanera itzultzea espero dut. Kirolaren zati hori behar dut; energia eta zoriontasuna ematen dit. Badakit gogorra izango dela, baina dena uztartu nahi dut.

Zure ibilbidean egun oso ilunak izan dira. Une batzuetan, pentsatu duzu ezingo zenuela jarraitu? Zerk lagundu zizun altxatzen?

Bai, oso une gogorrak izan ziren, batez ere azken urtean. Lehiaketetan, lesioetan, eta gernu infekzioak izan ditut azken bi urteetan, nire gorputzak ez zidan jarraitzen. Pentsatu nuen ezin izango nuela gehiago jasan. Fisikoki oso gaizki nengoen, eta horrek buruan ere eragina zuen. Laguntza psikologiko eta medikoarekin aurrera egitea lortu nuen. Bolada txarrak daudela ikasi nuen, baina aurre egin ahal diegu beti.

2030 Agendaren 5. helburua (genero-berdintasuna) kontuan hartuta, emakume eta kirolari gisa, zer aurrerapen nabaritu dituzu kirol egokituaren ikusgarritasunean, eta zer gustatuko litzaizuke hurrengo urteetan hobetzen jarraitzea?

Liga mistoetan jokatzen dugu, eta horrek ikusgarritasun handiagoa ematen dio emakumeari. Hala ere, oraindik aldeak daude gizonezkoen eta emakumezkoen kirolen artean. Kirol paralinpikoak ez du oraindik olinpikoaren aitorpen eta babes ekonomiko bera. Aurrerapausoak eman dira, bai, baina oraindik ikusgarritasuna eta ekitatea falta dira. Gizonen eta emakumeen artean hainbeste desberdintasun ez egotea gustatuko litzaidake, bai eta berdintasunean egokitutako kirolaren balioa aitortzea ere.

Zer mezu emango zenioke gaur egun lesio edo ezbehar handi bat duen eta kirola bizitzeko bide gisa ikusten hasi den pertsona bati?

Hainbat kirol egitea, amorerik ez ematea, laguntza psikologikoa eskatzea eta gauza bera egin duten pertsonekin hitz egitea. Eta, batez ere, ez dezala itxaropena galdu, zeren, kobazulotik irtetea kostatu arren, ateratzea badago; nahi izanez gero, egin dezakegu.

Zer amets geratzen zaizkizu betetzeko eta zer gustatuko litzaizuke ondare gisa uztea?

Azkenean, nire ametsik handiena bete dut: ama izatea. Baina kirolean ere jarraitu nahi dut, nire gorputzak eutsi arte. Ondare gisa, bizitzaz gozatzeko mezua utzi nahi nuke, irribarre egin eta edozein zirkunstantziaren alde positiboa ikusi.