(Argazkia: Arnaitz Rubio)
Abraham Cupeiroren Sonidos olvidados kontzertua igande honetan Azpeitian izango da, Soreasu antzokian, eta desagertutako instrumentuak berreskuratuko ditu musikari galiziarrak
Azpeitiko Soreasu antzokiak denboran zehar bidaiatuko du igande honetan Abraham Cupeiroren musikarekin, Sonidos olvidados ikuskizunarekin. Kontzertua 18:00etan hasiko da eta sarrerak salgai daude 18 euroren truke www.kulturaz.eus webgunean.
Galiziar musikaria musika eta historia uztartzen dituen proiektu berritzaile baten egilea da, eta iraganean gure arbasoen instrumentu eta soinuen bila murgiltzera eraman du. Lan horren bereizgarria da Cupeirok, museoetatik, koadro eta aztarnategi arkeologikoetatik erreskatatutako irudietatik abiatuta, garai hartan galdutako tresnen erreplikak egiten dituela.
Instrumentu horietako batzuk Azpeitiko kontzertuan entzungo dira. Galiziako musikaria ez da eszenatokian bakarrik egongo; izan ere, Oreka TX , Eñaut Elorrieta, Agus Barandiaran “Korrontzi” eta Oiasso Kamerataren laguntza izango du kontzertuari forma emateko.
Musikari polifazetikoa
Abraham Cupeirok tronpeta ikasi zuen Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eta, ondoren, Antzinako Musikaren Interpretazioko masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan.
Bere formazioa musika klasikoarekin lotuta dagoen arren, musika mota guztiek erakarri dute beti, folkak, jazzak , antzinako musikak eta beste estilo askok. Gainera, 200 instrumentu baino gehiago bildu eta hiru disko grabatu ditu.

