Kukai Dantza taldea disziplina artistikoko hainbat artista ezberdinekin elkartuko da ikuskizun izugarri hau burutzeko
Eusko Ikaskuntzak EzBerdin Berdinak ikuskizuna aurkeztuko du, Kukai Dantza Taldeak eta arte diziplina ezberdinetako sortzaile ugarik gidatuta. Proiektuak sormenaren bidezko gogoeta proposatzen du, eta euskal kulturaren aniztasuna oholtzara eramango du: dantza garaikidea, musika, bertsolaritza eta antzerkia uztartuz.
Saioa abenduaren 12an izango da, 19:00etan, Europa Biltzar Jauregian, eta publiko mota guztiei zuzenduta egongo da, 18 eurotan. Formatu berezi batean aurkeztuko da: ikusleak ez daude eserita, baizik eta zutik, hainbat dinamika eta eszena-guneen artean mugituz, esperientziaren parte bihurtuz. Helburua identitate kulturalaren inguruan galderak piztea da: nortzuk garen, zer partekatzen dugun eta nora joan nahi dugun.
Ikuskizuna amaitutakoan, hausnarketa kolektiborako saio gidatua egingo da, pintxo eta edariez lagunduta. Bertan parte-hartzaileek bizitakoa modu atseginean komentatu eta sortu diren galdera eta ideiak elkarrekin partekatu ahal izango dituzte, esperientziari amaiera parte-hartzailea eta elkarrizketarako zabalik emanez.
Artista anitzak
Asko izango dira Gasteizko saioan parte hartuko duten sortzaileak: Kukai Dantza, Vazkez, Leire Vargas, Sunita, Mixel Etxekopar, Iñaki Dieguez, Zuberoako dantzariak (Beritza elkartea), La Pulga, Chimid Bboy, Xabier Solano, A Cronica edo Josune Vélez de Mendizabal. Gainera, dantzariak eta herriko abesbatzak izango dira, lurraldearen arrastoa ekarriko dutenak eta esperientzia eszeniko honi unibertsaltasuna gehituko diotenak.

