(Jose Mari Martínez)
Abenduaren 20an, Bilboko Casillan 4.500 ikusle batuko dira eta Txaber Altube lehenengoz igoko da azken saioko oholtzara
Udaberrian hasitako bide luzea hurrengo asteko larunbatean, abenduaren 20an, amaituko da, orduan jokatuko baita 2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, Bilbon. Casillako kiroldegian batuko dira 4.500 ikusle inguru, zortzi finalistak kantuan entzuteko: Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Aitor Etxebarriazarraga, Aitor Bizkarra, Txaber Altube eta Gorka Pagonabarraga.
Aurreko edizio bietako txapeldunak, Nerea Ibarzabalek, ez du parte hartu aurten eta, beraz, lehia irekia espero da. Onintza Enbeitak 2018an jantzi zuen txapela eta gainerako finalistek ez dute inoiz irabazi, baina batzuk oso hurbil ibili izan dira. Enbeitak hamargarrenez jokatuko du Bizkaiko finala; Txaber Altube, aldiz, estreinakoz arituko da.
Bertsolaritzaren jai handia izango da abenduaren 20koa, harmaila beteak eta giro beroa espero dira Casillan. Dagoeneko ia 4.000 sarrera saldu dira, baina oraindik geratzen dira batzuk: www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke.

