Hainbat ekintza Azkoitiko Euskararen Egunean

Ikasleen aldarrikapenak, trikitixak, bingo musikatuak eta Berdinki zirku garaikidea elkartearen Mikra ikuskizunak herria girotuko dute abenduaren 3an

Abenduaren 3an Nazioarteko Euskararen Eguna ospatuko da, eta, horren harira, Azkoitiko Udaleko Euskara sailak eta Euskara Mahaiak hainbat ekintza antolatu dituzte herrian.

Aurten ere, goizeko protagonista nagusiak ikasleak izango dira, euskararen aldeko aldarria kalera aterako baitute. Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga Salestar Ikastetxeko, Azkoitia BHIko eta Bizilore Eskola Aktiboko ikasleak Herriko Plazan elkartuko dira euskararen mezua zabaltzeko. Kantuak eta trikitixa lagun, ikasle talde batek udaletxeko balkoira igoko du urtero errepikatzen den ekintza: “Zahar eta gazte, jai eta aste, euskara aske!” leloa zintzilikatzea. Ikasleen aldarrikapen ekitaldia 11.30etik 12.20ra egingo da.

Bingo musikatua eta arte eszenikoak

Goizean bertan, DBH3 eta DBH4ko ikasleek bingo musikatu berezia izango dute Yogurinha Borovarekin eta Akrata Kristirekin batera. Emanaldia Elkargunean egingo da bi saiotan: lehenengoa 11.00etatik 12.15era, eta bigarrena 13.15etik 14.30era.

Iaz arrakasta handia izan zuen musika, kantua eta koreografia uztartzen dituen bikotearen proposamenak, eta aurten ikasleak izango dira gonbidatu bereziak.

Arratsaldean, 17.30etik aurrera, Azoka Plaza zirkuarekin eta arte eszenikoekin beteko da. Berdinki zirku garaikidea elkarteak Mikra ikuskizuna eskainiko du, akrobazia, antzerkia eta dantza uztartzen dituen emanaldiarekin. Adin guztiei zuzendutako ikuskizuna izango da; sarrera, gainera, doakoa eta irekia da.