‘Harrapazank’ programak sarean eta kalean bultzatuko du

Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak hiriko gazteen artean euskara sustatzeko antolatzen duten ‘Harrapazank’ kultur programak osaera mistoa izango du aurten. Neguan sarean izango da eskaintza, eta ondoren, udaberriarekin batera, eta aldez aurretik izena emanda, Bilboko hainbat auzoko kaleetan izango da.

‘Harrapazank’ Bilboko gazte euskaldunei zuzendua dago, eta kulturaz gozatu, sorkuntzan murgildu eta euskara indartzeko tailer, ekitaldi eta lehiaketak eskainiko ditu, otsailetik maiatzaren amaierara bitartean, antolatzaileek azaldu dutenez.

Sareko bertsioaren helburu nagusiak programaren jatorrizko xedearekin bat egiten du: Bilboko 10 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei euskarazko kultur eta aisialdi jarduera parte hartzaile eta berritzailez osatutako programa eskaintzea.

Horrela, COVID-19a dela-eta unean-uneko segurtasun eta babesa bermatzeko asmoz, ‘Harrapazank’ ekimenak etxetik aritzeko bi aukera prestatu ditu: ‘Klikazank’ gamer lehiaketa eta ‘T(r)ailerrak’ tailer eskaintza oparoa. Bestetik, ‘Eszena’ talentu lehiaketa ere bueltan da edizio honetan. Programa osatzeko, ‘Harrapazank kalean’ ekintzetan parte hartu ahal izango dute gazteek, oraingoan Bilboko hainbat auzotan: graPti tailerrak, ‘Parkean Party’ eta ‘Harrapazank’ jaia. Hainbat sari eskaintzen ditu programak opari txartelatan, eta parte hartzeko xehetasunak www.harrapazank.eus webgunean daude eskura.