Imanol Lizardi euskaltzalea gogoan, bertsolaritza nagusituko da herrian hilaren 24tik 28ra
Azaroaren 24tik 28ra ospatuko da Lasarte-Orian Imanol Lizardi Bertso Astearen bigarren edizioa, bost egunetan zehar kalean euskaraz gozatzeko eta gazte eta familien artean sormena sustatzeko jarduerak, ikuskizunak eta bertso saioak biltzen dituena.
Ekimenak bertsolaritzari eskainitako urteko espazioa sendotu nahi du, herritarrek euskal kulturan hain errotuta dagoen adierazpen artistiko horrekin duten lotura indartuz. Lasarte-Oriako Udalak antolatzen du Bertso Astea, Ttakun Kultur Elkartearen eta Earra! Bertso-Eskolarekin elkarlanean.
Azaroaren 24an, astelehena, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei zuzendutako Bertso Garbikailea ikuskizunarekin hasiko da astea. Saio didaktikoa eta interaktiboa da, eta bi bertsolari eta aktore bat ditu protagonista. Umorea eta parte-hartzea uztartzen ditu, ikasleak euskarazko inprobisazioaren mundura hurbiltzeko. Hitzordua 15:15ean izango da, Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan.
Bertso-poteoa eta txapelketa
Ostegunean, hilak 27, 18:30etatik aurrera, herriko kaleak giroz beteko dira Bertso Poteoarekin, Earra! Bertso Eskolako gazteen eta herriko hainbat bertsolariren parte-hartzearekin, kaleko festa ibiltaria, herriko taberna, plaza eta txokoen arteko elkarbizitza bultzatuz eta euskaraz gozatuz.
Ostiralean, hilak 28, izango da asteko ekitaldi nagusia: Imanol Lizardi II. Bertsolari Gazteen Lehiaketa. Euskal Herriko sei gaztek hartuko dute parte: Urko Arakistain (Gipuzkoa), Kattalin Arabaolaza (Gipuzkoa), Enara Gallastegi (Bizkaia), Jokin Onaindia (Araba), Ekhi Zuloaga (Bizkaia) eta Maddi Lasa (Lasarte-Oria). Finala 18:00etan izango da, Mirentxueneako beheko solairuan, eta sarrera librea izango da. Lehen sailkatuak 400 euro, zapia eta garaikurra jasoko ditu, eta bigarren sariaren irabazleak 200 euro eta oroigarri bat. Gainerako parte-hartzaileek, epaimahaiak eta aurkezleak ere jasoko dute saria.
Imanol Lizardiri buruzko erakusketa
Ekitaldi nagusiez gain, aste osoan argazki erakusketa bat egongo da ikusgai Jalgi tabernan, Imanol Lizardiren irudia eta bertsolaritzak Lasarte-Orian utzi duen arrastoa ardatz hartuta. Jarduera guztiak herritarrei irekiak eta doakoak dira.
Aurkezpenean, Estitxu Alkorta zinegotziak nabarmendu zuen bigarren edizio hau “aurrerapausoa dela Udalak bertsolaritza herritar guztiei hurbiltzeko egiten duen apustuan, bereziki gazteei eta familiei”.

