“Zilborra”: amatasunari eta migrazioari buruz hizketan

Azaroaren 17an Oreretako Xenpelar etxean erakusketa inauguratu zen pintxo dastaketa batekin

Oreretako Emanbira Kultur Elkarteak Zilborra/Ombligo erakusketa antolatu du, emakume migratzaileen bizipen eta esperientziatik abiatuta, amatasunari eta migrazioari buruz hausnartzera gonbidatzen duen proiektu artistikoa. Erakusketa Xenpelar Etxean izango da ikusgai, azaroaren 17tik 29ra.

Erakusketak inaugurazio irekia izan zuen atzo, azaroaren 17an, 18:00etan, eta munduko pintxoen dastaketa izan zuen, topaketa, truke kultural eta ospakizun komunitario gisa.

Ilustrazioak eta argazkiak

Emanbirak adierazi bezala, proiektuak emakume migratzaileak protagonista gisa kokatzen ditu, familia eta gizarte ingurunean zaintzaile nagusi gisa duten zeregina aitortuz, baita migrazio prozesuan zehar bizi dituzten dolu eta identitate berreraikitze modu ugariak ere.

Zilborra/Ombligo erakusketak, ilustrazioen, argazkigintzaren eta ikus-entzunezko instalazioaren bidez, bizipen horiekiko begirada sentikor, kritiko eta kolektiboa proposatzen du, estereotipoetatik aldenduz eta irudikapen duin eta aktiboaren alde eginez.

Erakundeak herritarrak gonbidatzen ditu emakumeen bizitza eta historiak erdigunean jartzen dituen esperientzia honetara hurbildu, hausnartu eta parte hartzera, elkarrizketa soziala eta kontzientzia komunitarioa sustatuz.