17 ikuskizun eta 56 emanaldi Titirijai jaialdian

(Argazkia: Tolosa Turismo)

Nazioarteko txotxongilo jaialdian O Quel Dommage konpainia belgikarra izango da lehen aldiz.

Titirijai jaialdiaren 43. edizioa azaroaren 22tik 30era egingo da, 15 konpainiaren 17 ikuskizunez eta 56 emanaldiz osatutako programazioarekin, Tolosan, Urnietan, Eibarren, Pasaian, Hondarribian eta Sestaon. Gainera, Ainara Martín Topiceko zuzendari berriaren lehen Titirijai jaialdia izango da.

43. edizio honi dagokionez, Goiuri Eceiza Tolosako Kultura zinegotziak programa osatzen duten proposamenen “aniztasuna” azpimarratu du: txotxongiloak ez ezik, itzal txinatarren ikuskizunak, maskarak eta objektuak ere eskainiko dira. Aniztasun hori proposamenetan ez ezik, konpainien jatorrian ere ikusi ahal izango da. Liz Grajales Topic ekoiztetxeko buruak azaldu duenez, Kataluniatik, Andaluziatik, Errioxatik, Frantziatik, Italiatik, Alemaniatik, Belgikatik eta, jakina, Euskal Herritik etorriko dira ekoizpenak.

    Lehen aldiz Titirijai bisitatuko duen konpainia bat egongo da. O Quel Dommage belgikarrak dira, eta inaugurazio egunean Ma Tache aurkeztuko dute, International Children’s Festival of Bukarest eta International Children’s Festival of Kotor (Montenegro) jaialdietan saritua.

    Proposamenen artean Zaches italiar konpainiaren presentzia nabarmentzen da, bere trilogiako azken ikuskizuna ekarriko duena, Pinocho. Era berean, Ephimeros, Nauta konpainia galiziarraren lan berria ere programatu da, sorkuntza egoitza baten bidez Tolosan garatua.

    Azkenik, Grajalesek azaldu duenez, kaleko jarduera bigarren asteburuan bilduko da, Plaza Barriko kioskoan, Euskal Herria plazan eta Alondegian.