Bolada latza bertsolaritzarentzat

700 bertso-saiotik gora bertan behera geratu ziren iaz eta horrek 735.000 euroko galera ekarri dio sektoreari; hala ere, bertsolariek asmatu dute egoera berrira moldatzen oztopoak izanda ere.

Bertsolaritza sasoiko zegoen iazko martxoan, duela urtebete ia, pandemia iritsi arte. Orduan, ezusteko egoera berriak goitik behera aldatu zuen bertsoaren mundua eta 700 saio baino gehiago bertan behera utzi behar izan zituzten iaz. Bertsozale Elkarteak Xenpelar Dokumentazio Zentroari esker jaso dituen datuen arabera, 2019an bertsolaritza ardatz zuten 1.121 ekitaldi egin ziren; 2020an berriz, 435. Horrek galera ekonomiko handia suposatu du: 735.000 euro ingurukoa.

Koronabirusaren krisiak bortizki astindu du kulturaren sektorea eta bertsolariek ere ederki antzeman dute. Hilabete asko pasa arren, bertso-eskolek oraindik ere arazoak dituzte beraien ohiko funtzionamenduarekin jarraitzeko, etengabeko neurri-aldaketak direla eta. Bertso-eskoletako kideek ezin izaten dute astero bildu bertsotan ahalik eta gehien trebatzen jarraitzeko, eta bertsolaritzak bere bidea egiten jarraitzeko baldintzak kaskartzea eragin du horrek.

“2020an erori diren saioak plaza librekoak edo bertsolari eta zaleen arteko distantzia laburra dagoen saioak izan dira; otorduetakoak, esate baterako, erabat galdu dira. Jaialdi gehienak ere bertan behera geratu dira segurtasun neurrien ondorioz”, azaldu dio egunkari honi Jon Agirresarobek, Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak.

Urtarrila eta otsaila hilabete apalak izaten dira bertso-saio kopuruari dagokionean. Martxoan hartzen dute goranzko joera saioek eta gorakada horren erdian harrapatu zuen bertsolaritza zorigaiztoko pandemiak. Konfinamenduaren ondoren, maiatzean eta ekainean hasi ziren hainbat saio errekuperatzen: gutxi batzuk aurrez aurre ospatu ziren eta beste batzuk aldiz, online.

‘Online’, osagarri gisa

Agirresarobek azaldu duenez, online eskainitako saioen entzule kopurua ez da hain txikia izan. Hala ere, kontuan hartu beharrekoa da bertsolaritza komunikazio ekintza bat dela, eta pantailen bidez elkar ikustea ez dela zuzeneko saio bat bizitzearen parekoa. “Bakoitza bere etxean egonda asko zailtzen da ariketa. Guztiz bestelakoak dira saioak leku batean egiten direnean, zaleak aretoan daudenean eta bertsolariak ere elkarrekin daudenean”, azaldu du.

Hala ere, segurtasun neurriengatik edukierak behin eta berriz alda-tzen dituzte aretoetan, eta sartuko litzatekeen jende guztia sartu ezin denean, online modalitatea osagarri egokia izan daitekeela uste du Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak: “Online bidezkoak oso baldin-tza zailetako saioak dira, baina osagarri gisa joka dezakete. Esate baterako, Bertso Egunetan online modalitatea aberasgarri izan daiteke an-tzokietara joan ezin duenari saioa bizitzeko aukera eskainiz”.

Baina badira bertso-eskolaren bat edo antzeko antolakuntzaren bat martxan dagoen herrietan aurrez aurre ospatu diren saioak ere. “Herrietako talde antolatzaileek izan dute horiek prestatzeko ardura, eta zailtasun asko izan arren, saioak egitea erabaki dute. Bertso-eskolak edo antzeko antolatzaile taldeak dauden herrietan ez dira saioak galdu, eta datuak oso txarrak izan arren, uste dut badela garaia pertsona horien lana balioan jartzeko eta herriz herri egiten den ahalegin hori goraipa-tzeko”, aipatu du.

Erreakzio ezkutuak

Alaia Martin eta Aitor Mendiluze bertsolariek aurrez aurreko saio batzuetan parte hartzeko aukera izan dute azken hilabeteotan. Aretoak erdi hutsik topatu dituzte edukiera murrizketek hala aginduta, eta jendearen aurpegiak musukoarekin tapatuta. Traba horrek jendearen erreakzioak ikustea zailtzen badu ere, biek ala biek nabarmendu dute publikoarekin konektatzea lortu dutela lehenago ala beranduago.

“Maskara horien azpikoa irakur-tzeko irrikarekin eta gure mezuak helarazteko gogo horrekin, esango nuke bertsolariok orokorrean traba hori gainditu dugula. Emozioak eta hitzak muga horiek gainditzeko gauza dira askotan. Jendeak galderak egiteko eta erantzunak bilatzeko beharra dauka, eta uste dut hor komunikazio oso garbi eta zuzena dagoela, musuetatik haratago doana”, azaldu du Martinek.

Pandemiaren hasiera shock handia eragin zion oiartzuarrari. Ez da batere garai erraza sortzeko eta sortutakoa eskaintzeko, eta kulturak instituzioen laguntza behar duela uste du. “Kultura nahikoa zaurituta geratu da pandemia honetan, nahiz eta beti birsortzen asmatzen duen. Uste dut askoz lagunduago egon beharko lukeela instituzioen aldetik. Diruz ureztatuago eta babestuago egon behar du, zer garrantzia duen aitortzeko”, nabarmendu du Martinek.

Mendiluzek ere sentsazio onak jaso ditu publikoaren aldetik. Saioetako giroa segurtasun neurrien ondorioz desberdina bada ere, askotan sentitu omen du jendearen “esker ona””. “Jendearen esker ona, ilusioa eta gogoa jaso dut, baina esker on berezi horrek badu beste alde bat. Hori horrela da pandemiak betiko saioak airean utzi dituelako nolabait. Eskertuta egote horrek asebetetzen zaitu, baina aldi berean pentsatzen dut egoera hau ez balitz egongo, benetako erronka, ilusio hori normaltasun guztiarekin lortzea izango litzatekeela”, adierazi du.

Jendearengan ilusioa antzematen badu ere, keinu konplizeak eta publikoaren arteko komentarioak sumatzen ditu faltan andoaindarrak. “Jendearen erreakzioa zurrunagoa da zentzu horretan, askoz ere indibidualago iristen da”, azaldu du. Pandemian zehar saioak egiteko egondako zailtasunez gain, koronabirusa gauza guztietarako gai nagusi izateak suposatzen duen arazoa ere nabarmendu du Mendiluzek: “Izan ditugun bertso-saio apurretan ez dago beste gairik, eta horrek asko baldintzatzen du norberaren sormena eta diskurtsoa. Dagoeneko ez daukagu garbi nola diren gauza batzuk, eta orain arte bestelako gaiei buruz pentsa genezakeena badirudi pixka bat difuminatu egiten dela”.